Haizea Barcenilla
Begiz

Post Guggenheim Urdaibai

2025eko abenduaren 16a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zutabe hau argitaratu den egunean biltzekoa da Guggenheim museoko patronatua Urdaibain bultzatu nahi duten egoitzaren inguruan erabaki bat hartzeko. Aurreko asteetan zabaldutakoaren arabera, bertan behera geratuko da egitasmoa; beraz, arriskua hartuko dut. Proiektua baztertzen bada, erakundeek hausnarketa sakona egin beharko dute, argi baitago gauza asko ez direla behar bezala egin prozesu honetan. 

Hiru ondorio atera ditzakegu: lehena, proiektua inposatzea akats bat izan dela. Kontsultarik gabe eta egingo zela ziurtzat emanik aurkeztu zen; ohikoegia den bidea, tamalez. Agintariak herritarren ordezkari dira (baita agintean dagoen alderdiari botoa eman ez dioten herritarrena ere), eta herri horri hitza eta iritzia eman behar diote. Prozesua beste modu batera egin izan balitz, aukerak eztabaidatuz eta baloratuz, eskualdea bultzatzeko kontsentsuzko beste proiektu bat bultzatu izango zen akaso, gaur abian egon zitekeena. Ez genituzkeen hiru urte eta errekurtso mordoa galduko (zenbat kostatu da Agirre Lehendakari Centerren entzute prozesua?) ginen leku berean egoteko. Gobernantzari buruzko lezio eder bat ikasi beharko zen hemendik. 

Bigarrenik, argi dago herri honek ez duela modelo turistikoa gehiago bultzatu nahi. Turismoa diru sarrera garrantzitsua da gurean, baina gero eta zabalduago dago horrek ekartzen dituen kalteen kontzientzia. Gaztelugatxe galdu dugu, zer esanik ez Donostiako Parte Zaharra, eta bide beretik doa Bilbokoa. Betiko dendak ixten ari dira souvenir dendak eta Manolo Bakes-ak irekitzeko, etxebizitzaren prezioa gora doan abiadura berean. Busturialdeko lagunek, beste euskal herritar askoren sentipenarekin bat eginik, eredu horri uko egin diote. Erakundeen betebeharra da beste eredu ekonomiko batzuk aztertu eta bultzatzea. 

Azkenik, kultur eragileek ozen esan dute kulturaren alorraren beharrak bestelakoak direla, eta nazkatu direla makroproiektuez. Agerikoa izan da erakundeek ez dutela kultur agenteekin proiektuari buruzko elkarrizketa bat abian jartzeko aukera planteatu ere egin, zuzenean eragingo zien arren; are gutxiago arlo horren beharrak aztertu eta horiei erantzuten dieten kultur politika adostu eta eraginkorrak abian jartzeko. Mila kultur eragilek sinatu dute proiektuaren kontrako manifestua; arreta jartzeko moduko kopurua da.

Ondorioz, Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteak aukera emango du aurreikusten ziren baliabideak birbideratzeko. Alde batetik, Busturialderako proiektu adostu eta eraginkor bat bilatzeko; bestetik, kultur arloaren azterketa sakona egiteko eta etorkizunerako pausoak zehazteko. 130 milioi euro kostatu behar zuen eraikinak soilik; nago diru nahikoa dela bi bideetan emaitza esanguratsuak lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.