Gorka Azkarate.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Saioz saio, geltokiz geltoki

2026ko irailaren 21a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaronaldia luze joan da, luzeegi agian, baina abian da azkenik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurtengo edizio erakargarri eta zirraragarria. Bertsoak erabateko protagonismoa bereganatuko du datozen asteotan, eta urte amaierara arte urliaren ateraldia, sandiaren irristada eta berendiak halako saioan merezi baino puntu gutxiago jaso izana, ez da bestelako solasgairik izango gure euskal ekosistema berezian. 

Hazparnen banatu ziren iragan larunbatean lehenengo faseko estreinako puntu zakukadatxoak, eta hasiko ginen, dagoeneko, finalaurrekoetara sailkatzeko gainditu beharreko langa irudikariak zehazteko ahaleginean. Ez dugu erremediorik. Miren Artetxek, saio dirdiratsua ondu ostean, lasai egin dezake lo, zuzeneko txartela poltsikoan. Bera eta Maddi Ane Txoperena aritu ziren besteen gainetik, eta Xilabako arantza atera zuen Artetxek, Txoperenaren aurretik sailkatuz.

Hazparnetik, Altsasura; Lekeitiora segidan. Eta horrela egingo dugu aurrera, saioz saio, geltokiz geltoki. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa asteburuetako planak bideratzeko azaleko aukera bat gehiago baino ez dela eman dezakeen arren, ez da horrela. Uneotako testuinguru orokorrari erreparatuz gero, gure mendietako belazeek astebeteko euria nola, halaxe behar dugu orain, hemen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.

Uneotako testuinguru orokorrari erreparatuz gero, gure mendietako belazeek astebeteko euria nola, halaxe behar dugu orain, hemen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 

Izan ere, garai nahasia bizi dugu. Herritarrak babesteko betebeharra duten horiek ausazko borra kolpeak merkeegi dituzten garaia baita hau, adibidez, edo euskaraz bizitzeko hautua egitea arrisku kirol baten pareko zerbait bilakatu den garaia. Urruneko bazterretatik bizimodu hobe baten bila datozen horiek oker guztien erruduntzat jotzen ditugu, ultraeskuinaren doktrinak ongi irentsarazi bezala. Belaunaldi berriek ez omen daukate irakurritakoa ulertzeko gaitasunik, irakurtzeko ohiturarik ere ez kasik, eta dagoeneko zaila da sorkuntza lan baten atzean adimen artifizialaren mamua ez dagoenik ziurtatzea. Hori da, udazken honetan, joko zelaia. Eta susmoa daukat bertsolariek inoizko lanik handiena egin behar izango zutela hitzordu honi begirako norbere aurre-prestaketan, garaiak unean uneko diskurtsoaren koherentzia asko fintzea eskatzen baitu. Zer esanik ez, gai jartzaile zein epaile taldeei dagokienez. 

Saioz saio, geltokiz geltoki. Herrialdez herrialde. Euskal Herria osatzen duten txatalak josteko ariketa kolektibo eraginkor eta beharrezkoena, oraindik ere herri bat edo halako zer edo zer garela sinesteko balioko diguna, seguru, udazkenak irauten duen une efimero horretan soilik baldin bada ere. Bertsolariak kantuan entzuteko beharra daukagu, barre eta negar egin eta euren mezuetan geure buruaren ispilua ikusteko beharra; puntuaketa eta sailkapenetatik haratago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA