begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'Todos vós sodes capitáns'

2026ko azaroaren 27a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Maite_eta bizi/ bildurrik barik./ Bizitza erre,/ azken momentura arte/ […] Bidai honetan barriro/ maletak hartu behar/ agur eta kitto/ gaba da portuen/ ilargia uretan muga begixetara/ amaitu bako azken kantuan/ Gora kopak zugatik».

Bizkaia Arena lepo zegoela —zutelarik—, euren bizitza musikalaren azken hiru kontzertuetan, 2025eko abendukoetan, hots, kantatu zuten estreinakoz zuzenean Agur Kapitaina Gatibukoek. Zaleek ederki dakiten legez, rantxera baten erritmodun kanta hori, zeinetan musika mexikarraren eragina hain nabaria den, zeinetan nostalgia, mina, adiskidetasuna lotzen diren, Mexiko maite zuen eta Mexikon hil zen Mikel Caballero lagun, kide eta baxu jotzaile finaren omenez, oroipenez sortua zen, momentu onak, barreak eta algarak gogoratuz, nahiz eta Mikel joan orduko Alexek, Haimarrek eta Gaizkak seko nabaritu lainoak (zeudela) ur tartean.

Donostiako Zinemalditik eta Bilboko Zinebitik pasatu ondoren, gaur Jabi Elortegiren Gatibu, agur esan barik dokumentala pantailaratzen da Hego Euskal Herrian. Plazer handia da horrenbeste maite dugun Oier Plaza Gartziaren Popel-en lan egindako Lander Andonegi berriro topatzea bertan, kamera eskuan duela. Plazera ere zuzendari, errealizadore, dibulgatzaile, ikus-entzunezko mentore, muntatzaile eta konpositore jarduten duen Hannot Mintegiaren jatorrizko musika entzutea Gatiburen hit-ak («Musturrek sartunde, musturrek sartunde!!») entzuten ez diren momentuetan. Momentu intimoetan.

Une intimoetan, bai. Agur esan barik agur esateko unea ailegatzen denean, malenkoniaz betetzen dira eztarriak eta hitzak, begiradak eta planoak. Talde mitiko baten erretratua izan arren, bere azken kontzertu guztiak sold out suertatu baziren ere, desolamendu erakargarria nabaritzen da filmean zehar. 25 urte ekinean, 300 hilabete musika egiten, jotzen, kasik 9.000 egun elkarrekin. Nekea agertzen da zorionarekin katramilaturik. Pitzadurak, adiskidetasun hertsian. Dudak, zalantzak. Pentsatzeko betarik kasik ez...

Agur esan barik agur esateko unea ailegatzen denean, malenkoniaz betetzen dira eztarriak eta hitzak, begiradak eta planoak. Talde mitiko baten erretratua izan arren, bere azken kontzertu guztiak 'sold out' suertatu baziren ere, desolamendu erakargarria nabaritzen da filmean zehar

Hori guztia azaltzen da dokumental samin, gozo, zintzo, benetako honetan. Ederra, ederra oso da Fito eta Alex Urepel kantatzen ikustea, sentitzea, aditzea —«Kanpoan hotz egiten deu/ sutondoetan sartunde/ kantu zaharren artien/ joatzu bizixe...»—, baina are ederragoa da agur esan barik agur esateko unea iritsi dela ohartzea. Horrelakoxea baita bizitza, mutur batetik bestera eramaten zaitu, tartean enkontruak eta desenkontruak daudela.

Badu euskal zinemak euskal musika talde mitikoen potreta egiteko abilezia sekulakoa (Dardara, Itoiz. Udako sesioak, ETS-Itzal argitan, Akelarre: marearen kontra...). Polita litzateke, kasurako, Donostiako Zinemaldiaren pantailak partekatu zituzten Gatiburena eta Ferminena (Muguruza 40 FM Tour) aurrez aurre jartzea. Ez talka egiteko, ez ifrentzuz jartzeko, baizik eta, hain ezberdinak izanda ere, zera su(s)matzeko: nekatu zaizkigu heroiak (gu nekatu izan garen heinean...). Agurra zain dago, auskalo nongo izkinatan zain. Eta susmo horrekin, Oliver Laxeren filmaren izenburuarekin amaituko dut kronika, Todos vós sodes capitáns. Kapitainak izan zarete denak. Agur eta ohore.

(ID_17956088767795) (/EZEZAGUNA) ZINEMA ETA IKUS-ENTZUNEZKOAK. \'Gatibu, agur esan barik\' dokumentalaren irudi bat
Gatibu, agur esan barik dokumentalaren irudi bat.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA