Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Tributu taldeak

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Oso gustura ari naiz irakurtzen Bruno Galindo (Buenos Aires, Argentina, 1968) idazle eta kazetariak plazaratu duen azken liburua. Toma de tierra saiakera autobiografikoa, Libros del KO etxearen zigilupean, norabide guztietarantz zabaltzen eta korapilatzen da. Musika da ardatz nagusia, eta ikuspegi ezberdinetik heltzen dio Galindok bere pasioa eta ogibidea izandakoari. Diskoetxeetan egin zuen lana 1980ko hamarkadan, eta musika kazetaritzaren mugak gainditu zituen 90eko hamarkadan. XX. mendean ikur eta totem izan diren artista eta musikariak ezagutu ditu, eta bere kontakizun biografikoetan hainbat bitxikeriari egiten die lekua.

Momentuz, nire faboritoen zerrendan jarri da Calvian (Balearrak, Herrialde Katalanak), 2002ko udan, Isladencanta festibalean, egun gezurra dirudien arren, benetan gertatutako istorio harrigarria. Bertan izan ziren Mercury Rev, Fangoria, Soundtrack of Our Lives, The Charlatans, eta, izar handienak, Oasis. Kazetariak dioenez, festibalari boikota egin zieten udalerriko tabernariek. Ez dakigu zehazki arrazoiak zeintzuk ziren, baina haserre zeuden oso.

Zertan zetzan kanpaina hori? Oasis ez zirela Oasis, ez zirela egiazkoak, Gallagher anaien tributu talde bat baizik. Zalaparta handia sortu zen Calvia inguruko herrietan (Magaluf gune turistikoan barne), eta askoren buruan bueltaka zebilen zurrumurrua. Garai hartan Mallorcako pubetan oso normala omen zen tributu taldeen kontzertuak eskaintzea.

Bitartean, denbora aurrera zihoan, eta milaka sarrera geratzen ziren saldu gabe. Primeran funtzionatu zuen tabernarien estrategiak. Antolatzaileen kontraerasoa ez zen atzean geratu, eta hegazkin txiki batek Magalufeko hondartzaren zeru-urdineko oihalean zintzilikatu zituen hitzak: «Come and See the Real Oasis». Hogei urte beranduago, txantxa zena gauza serioa da, eta debatea eragiten du tributu taldeen presentziak rockaren zirkuituan. Denok damutuko gara parodiak behe mailako eta maila ertaineko taldeei postua kentzen badie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.