Cannesen, Toronton eta Donostian garaitu ondoren, Espainiako zinema areto guztiak gainezka jarri dituen Javier Ambrossi eta Javier Calvoren La bola negra gertakari soziala bilakatu da. Sareetan, berripaperetan, irratietan, telebistetan bultza egiten dute denek Oscarretarako lehian ere garaile gerta dadin. Bultza Federico Garcia Lorcaren hezur galduak eta Gerra Zibileko mamu guztiak lepoan harturik. Nik zer esango dizuet? Filmari demasia homoerotiko-kitsch-pop-sikaliptiko-fazatia deritzot, baina definizio hori ez da artikulu honen ez ardatza ez xedea.
Bestelako kontu batek saminduraren bidetik narama. Areto atarietan biltzen den jendetza elkarrizketatzen dute komunikabideek, pelikulaz zer espero duten galdezka. Askok poetarekin zer gertatu zen jakiteko jakin-minez doazela esaten dute. Ikusle frankok diote Espainiako Gerra zertan zen ikasiko duten esperantzaz arrimatu direla.
Alferrikako desioak. Ez dute atzemango Lorcaren erretratu benetakoa eta inork ez die azalduko zergatik altxatu ziren amorante batzuk beste maitaleen kontra; ez pelikula txarra delako (gizalegez jokatuz, zuen iritzia zuen esku eta begiradapean uzten dut nik, zuek duzue-eta azken-aurreko hitza), ezta aurreko garaietan konfiantza osoz Javi biak edo Javiak (Euskaltzaindiak berretsi ditu bi moduak) deitzen genuen bikotea gezurretan aritu delako ere. Ez. Asuntoa zera da, ezin dugu zinema hartu irakasle gisa. Ez baitzen horretarako jaio. Bueno, jaio beharbada bai, oso asmakizun zientifikotzat jotzen baitzuten denek momentu hartan, baina segituan hasi zen bihurrikeriatan. Laborategiak utzi eta solitarioan gozo-gozo jolastera abiatu zen.
Ez pentsa, ez amestu zinemak zerbait irakatsiko dizunik. Ez da haren beharra. Ez imajinatu Lorca ezagutuko duzunik Ambrossi eta Calvorena ikusiz. Ez uste Espainiako Gerra Zibilaren inguruko gradu-azterketan bikain bat aterako duzunik 'La bola negra'-ren 155 minutu dastatu dituzulako. Ez bota, baina, inori errua. 'Javi biak' izan ziren horiek egin dutena fantasia hutsa da
Etorriko ziren gero maisu handiak, Eisenstein kasurako, D.W. Griffith kasurako, eta muntaketa asmatu. Muntaketarekin hasi ziren, hain zuzen ere, komeriak. Konturatu ziren denak planoak josten, elkartzen, banatzen, baztertzen, aukeratzen dituzun arabera, sentsazio bat edo beste eragingo duzula ikuslearengan. Sentsazio kontrajarriak ere bai. Begiak aire librean edo kameraren laguntza gabe ikusten zuena izan zitekeen, argi eta garbi, ilun eta zikin, beranduago aretoan, saloietan, ikusiko zuenaren kontrakoa.
Gero gerokoa, kamera non errealitatea hor. Errealitatea existitzen bada, behintzat. Zer esanik ez egiaz. Werner Herzogen Fitzcarraldo lan handian hizketan ari dira misiolaria eta Klaus Kinski: «Hemengo tribuek eguneroko bizitza ilusioa baino ez dela sinisten dute. Sinetsi ere ameskeria horren atzean ametsen errealitatea datzala».
Laburbilduz, zinemak sekula ez dizkigu erakutsiko ziurrenik existitu ere existitzen ez diren egia eta errealitatea. Zinema ez da irakaslea, aztia baizik, liluratzaile xarmangarri-gorrotogarria. Zinemak ez daki ezer Historiaz. Eta ondo egiten du, Historia betikoek kontatu izan baitute. Orain artio, aldatu baitira garaiak.
Ez pentsa, ez amestu zinemak zerbait irakatsiko dizunik. Ez da haren beharra. Ez imajinatu Lorca ezagutuko duzunik Ambrossi eta Calvorena ikusten. Ez uste Espainiako Gerra Zibilaren inguruko gradu-azterketan bikain bat aterako duzunik La bola negra-ren 155 minutu dastatu dituzulako. Ez bota, baina, inori errua. Javi biak izan ziren horiek egin dutena fantasia hutsa da. Bai, Historia, errealitatea, egia ere hartu zituzten makulu. Ez zuten nahi, ordea, saiakera bat egin (nork esan du saiakeretan egia datzanik?). Ez eskatu inori hori. Are gutxiago zinemari. Ez da maisua. Ez da pentsamendu moldatzaile-diktadorea. Jolasa baizik, iruzurti ederra baizik.
Beraz, ez al da tresna, arma fidagarria? Segun eta zertarako. Nik uste, unibertso askotarako brinbela zeharkatzeko modurik aproposenetarikoa dugula. Mundu ezezagunetara bultzatuko gaitu. Beti. Alta, geurea ardura. Zinemak ateak irekitzen ditu, geuk bilatu, esploratu, irakurri, aztertu behar. Irakur dezagun Lorca. Euskaraz nahi izanez gero, euskaraz. Gabriel Arestik itzuli zituen Jakin-en Granadakoak galizieraz idatzi zituen Seis poemas galegos haiek: «Jaundone Jacueco hiriari madrigala, Onciaren ama virginagana romeria, Dendako umearen cantica, Muthil hilaren nocturnoa, Rosalia Castro hilarentzat sehaska-canta, Jaundone Jacuen ilharguiaren dança».
Bila ezazu gerraren berri. Bila ezazu zer gertatu zen ehunka kabaretetako artistekin. Bila itzazu paper zaharretan amodio debekuak, moralitate aginduak. Baina ez exijitu inori, are gutxiago zinemari, are gutxiago demasia homoerotiko-kitsch-pop-sikaliptiko-fazatia honi egia, errealitatea isla dezan, egia pantailaratu. Guk ere ez dugu inon ez bata ez bestea aurkituko.
