begona del teso
Eppur si muove

Zer moduz zaude, Carietta maitea?

2026ko urriaren 16a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarri gertatzen zait. Haurtzaro aurreko fetu-trauma akaso. Zaila da argitzen, azaltzen. La Traviata hamaika aldiz ikusi eta ziento bat entzun arren, oraingo honetan ere Violeta ez dela hilen sinesten dut. Benetan sinetsi. Bera eta Alfredo irudikatzen ditut operaren hasieran nola, xanpaina edaten eta Tra voi, tra voi saprò dividere / il tempo mio giocondo;/ tutto è follia nel mondo/ ciò che non è piacer (Zuekin biziko dut zoriontasunaren garai gozoa. Munduan plazera ez den oro erokeria da) kantatzen.

Violetarekin bat egingo nuke kantuan nahiz eta hurrengo esaldiak buruz jakin: Godiam, fugace e rapido/ è il gaudio dell'amore; / è un fior che nasce e muore,/ né più si può goder./ Godiam, c'invita, c'invita/ un fervido accento lusinghier (Gaitezen kontent. Iheskorra eta azkarra da maitasunaren alaitasuna. Kimatu eta hiltzen den lorea, berriro gozatuko ez duzuna. Ahots liluragarri eta sutsuak gonbidatzen gaitu: poz gaitezen).

Bai, elkartuko nintzateke gozo, bihotzez badakit ere nolakoa den jarraipena: Bizitza bozkarioa da… maitatzen ez duzun bitartean.

Kontu berak estutzen dizkit erraiak Madama Butterfly-ren zuzeneko emanaldietan. Diferituetan ere bai. Pinkerton amerikar putakumeak 15 urteko Cio Cio geishari semea ez diola kenduko egiten dut amets, eta berak ez duela bere buruaz beste egingo jigai suizidio tradizionalaren bidez. Dakizuen bezala, Japoniako emakumeak jugularra moztuz suizidatzen ziren. Dakizuen bezala, herioaren konbultsioetan lurrera postura indezente batez eroriko ote ziren beldur, orkatilak lotu behar zituzten zetazko gerriko batez, usadioak hala aginduta.

Cio Ciok Un bel dì, vedremo (egun ederra ikusiko dugu) kantatzen duen bakoitzean, begiak itxi eta neuronak itzaltzen ditut eta abestiak dioena bete dadin erregutzen dut. Jainkoekiko fede handiz. Baina sekula ez da horrela gertatzen. Eta Traviata-n bezala, negar egiten dut.

Kurioso, Carmen-ekin ez zait horrelakorik gertatzen. Horrexegatik diotsuet jaio aurreko fetu-trauma bat izango dela. Izan ere, nik Carmen pertsonaia (eta pertsona) miresten dut. Eta ez bakarrik Elizondon jaiotako ijitoa delako. Eta ez soilik Prosper Merimee-ren nobelan Baztango euskaraz aritzen delako Don Joserekin, hura ere bertakoa baita.

Miresten dut zigarrogile zelako (hil arte, hil ostean ere, erre!). Baita kantatzen duen habanera ere: L'amour est un oiseau sauvage que n’ a jamais connu de loi (legerik onartzen ez duen txori basatia da amodioa). Bitorixeko Sebastian Iradierrek sortua delako, nahiz eta Bizetek jakin ez eta kantu herrikoia zelakoan, operan sartu...

Maite dut Carmen legez eta araudiz kanpoko emakumea basa eta libre, denetan libreena akaso, delako. Alta, sekula ez dut otoi egiten Don Josek hil ez dezan. Ahizpa askok ez bezala, inoiz ez dut Carmen biktimatzat izan eta haren hilketa onartzen dut. Harro. Hark asumitu zuen bezala. Bazekien, ederki asko jakin ere, zer egin behar zuen bizirik irauteko, toreador balenta utzi eta Don Joserekin jarraitu maitasun eta kontrabando jokoetan. Ez zuen ordea nahi izan. Bazekien askatasunaren prezioa zein zen: herioa. Eta pagatu zuen. Larrutik pagatu ere… Libertatearen alde.

Carrie Whiterekin gertatzen zaidana antzekoa bada ere, azaleratzeko gaitzagoa suertatzen zaio ni baino burutik ez-sanoago dagoen nire zoro-medikuari: badira 51 urte ezagutzen dugula elkar. Lehen topaketa Brian De Palmaren pelikulan izan zen. Geroxeago irakurriko nuen Stephen Kingen nobela. Iaz, urtemugaren ospakizunetan, luxuzko edizioa erosi nuen eta opari eskainitako oihalezko poltsak dioena (letra gorriz, jakina) urguiluz irakurtzen dut hondoak jota nagoen bakoitzean: Furfuriak emakume izena du: Carrie.

(ID_17919700614435) (/EZEZAGUNA) Carrie
Mike Flanaganen Carrie telesailaren fotograma bat. FILMAFFINITY 

Biziki, hilkiki estimatzen dut Cleveland herriko, auzoko, institutuko, etxeko guztiek gaizki tratatu, basaki jazarri, muturreraino eta harago bultzatzen duten neskatoa, jainkoari beldurrak harrapatutako ama baten alaba, auskalo nork, zeinek (noizean behin Patuak ala demonioek errukia erakusten dute…) emandako ahalmen suntsitzaile itzelak dituena.

Hamaika aldiz irakurri, mila aldiz ikusi izan dut haren istorioa, izuzko zinema hankaz gora jarri zuena eta ikarazko literatura harrotu. Oraingoan ere, penaz betetzen zait bihotza eta malkoz begiak.

Mike Flanagan zinemagile interesgarriak Carrie telesail bihurtu zuela jakitean, hotzikara sumatu nuen hezur-buru-muinetan. Ausartuko al nintzateke ikusten? Jasango al nuke tristezia?

Kemena bilduz, piztu nuen nire etxe barruko pantaila. Hasiera-hasieratik izan zen mina aguantatu ezinezkoa. Gidoi eta ekoizpen ezin hobeek gaurkotu dute dena. Gaur egungo egun aldrebestu hauetara ekarri.

Sareetako aroan bizi gara. Institutuetan elkar hiltzen dute ikasleek, eta beraz, sarraski baten aurkako defentsa-simulakroak egiten dira geletan… Modernitate horrek mina areagotzen du, sakonago bihurtuz. Eta Carrie, Carietta maitea, pelikulan baino gazteagoa da, hauskorragoa inkluso. Baina, harrigarria bada ere, baita indartsuagoa ere. Badu pelikulakoak ez zuen barruko mundu bat eta, han aurkitzen du aterpe…

Ez nuen uste aguantatuko nuenik. Baina heldu nion dardaraz eta ordainsaria jaso, malkoen artean. Spoiler egin gabe, Carriek zutik dirau (edo). Amorruak, baita tristeziak ere, emakume izena baitu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA