Musikaria

Andoni Basterretxea: «Laguntasunik gabe ezin liteke talde batean aritu»

Hiru urte eta erdiz aritu ondoren, bigarrenez esango du agur Delirium Tremens taldeak, larunbat honetan, Bilboko Santana 27 aretoan. Taldeko ahotsa azken kontzertuaz eta ibilbide osoaz mintzatu zaio BERRIAri.

Andoni Basterretxea, bere gitarra kutuna alboan duela, Haritz Arregiren estudioan. BERRIA
Andoni Basterretxea, bere gitarra kutuna alboan duela, Haritz Arregiren estudioan. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
Usurbil
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aldi izan ditu Delirium Tremens taldeak. Lehenak 1986. urtea izan zuen abiapuntua, Andoni Basterretxea (ahotsa eta gitarra), Juan Jose Iurrita Txufu (bateria) eta Javier Bilbatua Billy (baxua) lagunek osatutako hirukoteak banda sortu zuenean, Mutrikun (Gipuzkoa). Denborak aurrera egin ahala, Bilbatuak taldea utzi, eta Patxi Irisarri (baxua) batu zitzaien, eta geroago Iñigo Muguruza (gitarra). Delirium Tremensek sei urte eman zituen oholtzaz oholtza, eta abesti gogoangarriak sortu zituen lehen aldi horretan, tartean Ezin leike, Laino ilunak, Boga boga, Ikusi eta ikasi edota Kaixo. Hastapeneko hirukoteak 30 urteren ondoren ekin zion bigarren aldiari, 2019an, hain zuzen Iñigo Muguruza zendu berriari gorazarre egiteko batu zirenean. Berehala bira murriztu zen taldea, harik eta Mikel Kazalis (baxua) eta Haritz Harregi (gitarra) batu ziren arte. Bidaide berriekin bi disko ondu ditu Delirium Tremensek, eta, aurreko hirurei gehituta, bost osatu ditu guztira: Ikusi eta Ikasi (1989), Hiru aeroplano (1990), Bilbo zuzenean (1991), Hordago (2022) eta ...Ta nora? (2024). Eta orain bigarren aldi hori ere amaitutzat emango du taldeak, Bilboko Santana 27 aretoan eskainiko duen emanaldian.

Hiru urte eta erdi egin dituzue bigarren aldian. Nola joan dira?

Batez ere arin, oso arin. Adinaren kontua ere izan liteke; urteak bizkarrean hartu ahala, gero eta arinago pasatzen da denbora, eta horrelako gauzetan are arinago. Balorazioa oso ona da orokorki. Kontzertu asko eman ditugu, ondo pasatu dugu; pare bat gauza gaizki atera zaigu, baina tira... ez dakit. Gustura gelditu gara.

Espero zenutena bete da? 

Ez genuen ezer berezirik espero.

1986an abiatu zen Delirium Tremens, eta, sei urtez aritu eta gero, 30 urteko etenaldia heldu zen. Garai hartako bik bakarrik egin duzue aurrera. Berriro elkartzerakoan, nolatan jo zenuten Mikel Kazalis eta Haritz Harregirengana?

Bueltatu ginenean ideia bat eta bera geneukan: bueltatzea, baina ez lehengo kanta zaharrekin eta historiarekin; eta disko bat prestatzea, bide berrian aurrera egiteko. Tamalez Iñigo [Muguruza] falta zenez, hirukote gisa hastea erabaki genuen, hau da, Patxi Irisarri, Juantxo Iurrita eta neu. Jende batekin harremanetan ipintzearekin batera, grabatzeko estudioak begiratzen hasi ginen. Hala, Haritz Harregiren izena proposatu ziguten; artean ez genuen ezagutzen. Gure proiektuaren berri eman genion, eta maketak, kanta puskak eta abar pasatu genizkion, zeozer ikusten baldin bazuen esan zezan. Konturatzerako, ideiak eta gauzak proposatzen hasi zen; tartean, gitarrak sartzea. «Diskoa prestatzen halako lanak hartu eta gero, zelan ez zara zu zeu gurekin jotzen hasten?», esan genion, eta baietza eman zigun.

Denborak aurrera egin ahala, Patxi [Irisarri] nekatzen hasi zen, eta taldea uztea erabaki zuen. Bat edo bat Mikel Kazalisekin akordatu zen. Deitu genion, eta baietz hark ere. Gaur arte.

Zer ekarpen egin du Mikel Kazalisek?

Bere baxu sarkor horrena. Bagenuen horren beharrik.

Bi disko atera dituzue hiru urte eta erdian. Disko osoak lantzea ez da gaur egungo moda.

Ez da, ez. Eta lehen ere ez zen, beharbada. Pandemian hasi ginen lanean, eta 2022an plazara atera ginenerako bagenuen disko bat landuta. Gero beste kanta batzuk ere prestatzen joan ginen, eta halaxe heldu zen bigarrena.

Zer moduzko harrera izan dute? Zer esan dizue jendeak?

Jendea hizketan hasten denean, denek gauza bera esaten dute, gutxi gorabehera. Lagun gutxi batzuk kenduta, beste guztiek zeozer esateko baldin badute, «joe, disko ona», «gustatu zait» eta hau eta beste esaten dute. Gustuko izan ez duenak normalean ez dizu ezer esaten. Hortaz, jendearen harrera hori izan da; gustura hartu dutela esan dute. Sare sozialetan aspaldi honetan jarri duten mezu mordoa ikusten ari naiz orain, eta jendeari gure lana barrura heldu zaiola ematen du.

«Uzteko arrazoia da arrazoirik ez dagoela. Hasi ginenean ez genuen datarik ipini. Hiru urte eta erdi pasatu ditugu, eta uste dut badela puska bat. Lehen ere urte gutxi egin genituen: sei»

Zuek gustura gelditu zarete?

Bai, gu bai.

Bi disko atera, gustura gelditu, eta, hala ere, taldea bertan behera utzi. Zer gertatu da?

Uzteko arrazoia da arrazoirik ez dagoela. Hasi ginenean ez genuen datarik ipini. Hiru urte eta erdi pasatu ditugu, eta uste dut badela puska bat. Lehen ere urte gutxi egin genituen: sei.

Joan den urtean izango zen, diskoa grabatzen hasi baino lehentxeago. Bueltak ematen hasi ginen, eta azkenean erabaki genuen diskoa grabatu, eta beste urtebetetxo bat botako genuela. Orduan aipatu genuen lagatzeko aukera, eta konforme ginen denok. Eta, adarra jotzeagatik, aurreko aldiko azken kontzertuaren eguna ezarri genuen.

Baina, nahiz eta taldea utzi, musikak garrantzi handia du zuentzat. Zerbaitetan jarraituko duzue?

Nik neuk ez dakit, ez dut uste. Mikelek [Kazalis] jarraituko du, ziur. Eta Haritz [Harregi] estudioan dabil lanean, baina besterik ba ote duen ez dakit.

Azken kontzertua egingo duzue. Jotzeari utziko zeniotela esan zenutenez geroztik hainbat kontzertu eman dituzue. Zer sentsazio izan duzue kontzertu horietan?

Ez dugu aparteko sentsaziorik izan, duela urtebete pasa esan genuelako hori, uztail aldean, eta ezin duzu etengabe pentsatu: «ai ene, azkenetako kontzertua izango da». Sentsazio hori azken honetan izan dugu, beharbada.

Azken kontzertua beti izaten da apartekoa. Lagunak ere gonbidatu dituzue. Zer izango du berezi azken horrek?

Horixe bera: lagunak. Gure garai haiek gogoratzeko eta batzuei eskerrak emateko lagunak gonbidatu genitzakeela komentatu genuen, eta ados zeuden denak. Hiruri deitu genien. Roberto Moso, Zarama taldekoa, nire eta beste askoren euskarazko lehen taldeetako bat izan zelako. Egia esanda, nire lehen-lehena Errobi izan zen, baina kaletik irten zen rock mundu horretan Zarama izan zen lehena, oso kantu politekin gainera. Baldin Bada ere berehala aipatu genuen, Katu lagun mina dudalako. Aiora Renteriak, berriz, azken diskoan parte hartu du, Kafe usain hura kantan. Eta Jotakie taldeko Elortxa ere han izango da; taldea oso gustukoa izateaz aparte, Delirium Tremens taldearengatik egindako guztia eskertu nahi diogu. Delirium hasi berritan, Jotakierekin jartzen gintuzten askotan, eta kontratazioetan eta, haiei deitu eta talde berriren bat ezagutzen ote zuten galdegiten zietenean, Delirium aipatzen zuten askotan. Orduan ez genuen ez anplifikadorerik ez bateriarik, eta Jotakiekoak oso elegante portatu ziren beti. Hortik harreman bat sortu zen, eta gaur arte iraun du.

«[Taldea sortu zenean] ez genuen ez anplifikadorerik ez bateriarik, eta Jotakiekoak oso elegante portatu ziren beti. Hortik harreman bat sortu zen, eta gaur arte iraun du»

«Belaunaldi baten sentimendu kolektiboari» omenaldia egingo diozuela dio zuen azken kontzertua iragartzeko oharrak. Musikalki, belaunaldi baten ordezkari sentitzen zarete?

Ez. Gure letrak oso zuzenak eta egoera sozial eta politiko bati buruzkoak izan balira, historia puska bat kontatu izan balute, hamarkada jakin baten ordezkariak izan zitezkeen. Baina pare bat kenduta, gure kantak buruari bueltak ematekoak izan dira, eta edozein belaunaldik entzuteko modukoak.

Baina belaunaldi bat markatu dute?

Bai, hori bai. Kontzertuetan jende desberdin asko ikusten duzu, baina aretoetan emandako kontzertuetan jende gehienaren batez besteko adina goi samarrean dago. Fokuek jendea argitzean, burusoil asko eta ile gutxi ageri zen. Beste belaunaldi batzuk eta gaztetxoak ere izan dira kontzertuetan, eta poza ematen du horrek.

Zer esaten du jende gaztetxo horrek?

Askok gurasoen kotxean entzun zutela Delirium lehendabizikoz, eta gustatu zaiela gure musika.

Lagun talde bat zineten hasi zinetenean, lagun bat omentzeko elkartu zineten 30 urteren buruan, eta orain lagunak izango dituzue oholtzan. Zuen leitmotiva al da laguntasuna? Inportantea da musika egiteko?

Oso inportantea ere. Laguntasunik gabe ezin liteke talde batean aritu. Bueno, egin liteke, jende askok egiten du, ziurrenik diruagatik. Baina, nahiz eta diru asko egon, nik ez dut neure burua ikusten lagun ez dudan jendearekin talde batean. Ondo konpontzen ez den jendea edo elkarri hitzik egiten ez dion jendea elkarrekin jotzen ikusita nago. Kasu batzuk ezagutu ditut, eta beti egongo dira halakoak. Zer interes duten? Ez dakit. Normalean diruagatik izaten da. Nik ezingo nuke. Giro on bat ez baldin badago, zer dela eta jarraitu talde batean?

Gure lehen aldian, ataka horretan izan ginen: furgoneteroak eta bateriak esan ziguten taldea uztera zihoazela. Bazkari batean planteatu zuten, eta esan genuen astebeteren buruan berriro otordu baten bueltan elkartu, eta denon artean data ipiniko geniola uzteari. Ez nengoen prest beste furgonetero baten eta beste bateria baten bila hasteko, giroa goitik behera aldatzen delako. Hori ez zen izango Delirium Tremens.

Grinak eta aldarrikapenak plazaratzeko bidea ere izan da musika, hala da oraindik ere? Nola ikusten duzu panorama?

Panoramari ez diot begiratzen, ez dakit zertan den panorama. Irratia entzuten dut, eta pare bat gauzari adi egoten naiz, baina ez naiz zale amorratua: zer talde sortu den, hangoak, hemengoak, belarria jarri, jakin... ez dut ideiarik. Kantak egin, entseatu, oholtzara igo, gitarra eta anplifikadorea entxufatu, eta eman. Horixe gustatzen zait.

«Zer talde sortu den, hangoak, hemengoak, belarria jarri, jakin... ez dut ideiarik. Kantak egin, entseatu, oholtzara igo, gitarra eta anplifikadorea entxufatu, eta eman. Horixe gustatzen zait»

Aurrerantzean zer?

Ez dakit. Pare bat buelta eman izan diot, baina ezagutzen dut neure burua. Aurreneko aldiz bukatu zenean, esan nuen hurrengo urtean beste talde bat egingo nuela, baina 30 urte pasatu ziren, eta batere ez.

Etsitzen duzu musika jo gabe?

Beno, jotzen dut; adibidez, gitarra. Eta duela urte batzuk, Deliriumen bigarren aldia baino lehenago, gogor ematen nion ukeleleari. Beti behar izan dut instrumentu bat aldean.

Lanean jarraituko duzu?

30 urtez autonomo gisa aritu naiz, serigrafia tailer bat izan dut. Aurten, nire tailerra itxi, eta lagun baten tailerrean hasi naiz, serigrafian betiere. Baina beti lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.