«Rockaren eta adiskidetasunaren festa izango da». Hala adierazi du Delirium Tremens taldeak sare sozialetan zabaldutako azken mezuan. Adiskidetasuna ardatz, lagun duten JAN taldearekin batera ariko dira oholtza gainean beren azken kontzertuan —JAN lau kidek osatzen dute: Tontxu Tabares (gitarra), Jorge Murillo (baxua), Alfredo Carames (bateria) eta Roberto Moso (ahotsa) —, eta gonbidatu gehiago ere izango dira: Elortxa (Jotakie), Katu (Baldin Bada), Aiora Renteria (Zea Mays) eta Roberto Moso & Tontxu (Zarama).
Artista horiek hurbilekoak dituzte Delirium Tremensekoek, eta bakoitzari esker hitzak adierazi nahi izan dizkiote sare sozialetan. Elortxari, esaterako, hauxe esan diote: «Hemen dugu beste lagun handi bat! Elortxa, Jotakie taldearen abeslari nagusia, 80ko hamarkadako euskal rockaren ikurretako bat da». Eta Renteriari beste gau: «Bere ahots boteretsu eta energetikoa eman zion Kafe usain hura abestiari, eta orain, poz-pozik gaude gure azken kontzertuan gurekin izango delako».
Iazko azaroan eman zuen agurraren berri Mutrikuko taldeak (Gipuzkoa), ...Ta nora? diskoa plazaratzearekin batera. Ordutik, agur biraren inguruko pistak emanez joan dira, eta maiatzean iragarri zuten azaroaren 29an egingo zutela azken kontzertua, Bilboko Sanatana 27 aretoan. Sarrerak salgai daude jada.
IKUSI GEHIAGO
Azken kontzertuari eman nahi dioten tankeraren inguruan, berriz, zera nabarmendu du taldeak oharrean: «Azken kontzertu hau ez da bakarrik musika emanaldi bat izango. Hitzordu honek historia ukitzen du, belaunaldi baten sentimendu kolektibo bat. Musikari ez ezik, taldearen ibilbideari, garaiko testuinguru sozial eta politikoari, eta Delirium Tremensek musikaren eta identitatearen inguruan sortutako diskurtsoari ere egingo zaio omenaldia».