Musika

Delirium Tremensek azaroaren 29an emanen du azken kontzertua, Bilbon

Bilboko Santana 27 aretoan joko dute, eta sarrerak etzi jarriko dira salgai. Taldeak iazko udazkenean iragarri zuen 2025a zuela azken urtea eszenatokietan.

Delirium Tremensen kontzertua 2022ko Azkena Rock jaialdian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Delirium Tremensen kontzertua 2022ko Azkena Rock jaialdian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko maiatzaren 19a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Jada jakina zen Delirium Tremens taldeak aurten esanen zuela agur. 2024ko azaroan ...ta nora? izeneko diskoa plazaratu zuten, eta, hain justu, hura aurkeztearekin batera jakinarazi zuten bazihoazela. Agur bira bat ere bazuten diseinatua ordurako, eta eman zituzten zenbait arrasto: esan zuten 2025eko urtarrilean hasiko zirela kontzertuok ematen, eta zitekeena zela azaroan jotzea azkenekoz. Halaxe izanen dela baieztatu dute gaur: azaroaren 29an emanen du azken kontzertua Delirium Tremensek, Bilboko Santana 27 aretoan. «Agur esango dugu... baina zuzenean eta ozen!», ohartarazi du taldeak sare sozialetan zabaldutako mezuan. Sarrerak etzi jarriko dituzte salgai, asteazkenean, 10:00etan. 

Bilbokoa «agur handia» izanen dela ere nabarmendu dute taldekideek. Are, aurreratu dute beste musika talde «berezi» bat ere gonbidatu dutela egun horretan aritzera —diotenez, laster zehaztuko dute zer talde den—. Edonola ere, mezu hau bidali diete entzuleei: «Ez zarete epel geratuko!». Eta honelaxe deskribatu dute azken kontzerturako prestatutakoa: «Urteotan elkarrekin bizitzako momentu gogoangarriak eszenatokira eramango ditugu. Musika, energia, emozioa eta lagunartea... dena nahastuta, sutan jarriko dugu gaua». Andoni Basterretxea, Juantxo Iurrita, Haritz Harregi eta Mikel Kazalis taldekideek sinatu dute komunikatua.

1980ko hamarkadan jaio zen Delirium Tremens, baina, ordutik hona, isilik eman dituzte urte gehienak. Izan ere, 1991n eszenatokietatik aldentzea erabaki, eta 2019ra arte ez zuten berriz kontzerturik eman. 2019ko emanaldi hura Iñigo Muguruza zena omentzeko kontzertu bat izan zen, zehazki —beste talde batzuekin batera aritu ziren—, baina 2022ra arte ez zuten lan berririk kaleratu. Urte hartan bai, zortzi kantuko album bat plazaratu zuen taldeak, Hordago,eta Barakaldoko BEC erakustazokan aurkeztu zuten estreinakoz; itzulera kontzertu jendetsua izan zen hura.

Orain, kasik lau urteko ziklo baten ondoan esanen du agur Delirium Tremensek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.