«1965ean euskal kulturaren aldeko su txiki baten inguruan bildu ziren Andra Mariko elizaren gerizpean». Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko lehendakariak metafora horrekin gogoratu ditu Durangoko Azokaren hastapenak aurtengo irekiera ekitaldian. Elizatik merkatura, merkatutik karpara, karpatik Landako gunera, eta, azkenik, Landako gunetik Durango osora egindako ibilbidea izan du gogoan. Baina, aurrera begiratzeko, lehen su hori izan du gogoan. «Andra Mariko su hori bizirik dago oraindik, eskurik esku ekarri dugun argizaiolean».
Goizetik egon da Durangoko Azoka irekita, baina, urtero bezala, iluntzean egin dute irekiera San Agustin antzokian. Euskal Herriko erakunde politiko eta kulturaletako ordezkari ugari egon dira ekitaldian, bai eta Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako antolakuntzako kide andana ere. Eta aipamen berezia egin diote uztailean hil zen Izaskun Ellakuriaga Gerediaga elkarteko kideari. «Langileetan langileena» zela esan du Gomezek; «energia handikoa, pasioz betetako ekintzailea eta gertuko laguna, Durangoko Azokaren eta Gerediaga elkartearen zutabea». Urte luzez kulturgileek egindako lana aitortzeko baliatutako Argizaiola saria ere eman diete haren senideei.
«Andra Mariko su hori bizirik dago oraindik, eskurik esku ekarri dugun argizaiolean»
GOTZON GOMEZ Gerediaga elkarteko zuzendaria
Hogei urtez Gerediaga elkarteko zuzendari izandako Nerea Mujika ere omendu dute ekitaldian. Aurrerantzean ere ohorezko lehendakari izaten jarraituko duela zehaztu dute, eta lore sorta bat eta txalo zaparrada beroa eskaini dizkiote.
Durangoko Azokak euskararentzat duen garrantzia ere nabarmendu du Gomezek. «Kultura balio indartsua da euskararentzat, are gehiago larrialdi linguistikoa bizi dugun aldi honetan», gaineratu du. Eta Gerediaga elkartearen izenean Kontseiluak abenduaren 27an Bilbon antolaturiko ekitaldiarekin bat egiteko deia egin dio jendeari.
«Durangoko Azoka ez da soilik tradizio bat, etengabe berritzen den herri proiektu bat da: euskarak behar dituen jauzietan ezinbesteko proiektu horietako bat»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariordea
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak arratsaldean egin du bisita Durangoko Azokara, baina ez da irekiera ekitaldian izan. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hartu du hitza bertan. Gerediaga elkarteak egindako lana goraipatu du, eta Izaskun Ellakuriaga ere izan du gogoan. «Durangoko Azoka ez da soilik tradizio bat, etengabe berritzen den herri proiektu bat da: euskarak behar dituen jauzietan ezinbesteko proiektu horietako bat».
Euskararen tenplua
Durangoko Azokak kulturari ez ezik euskarari ere egiten dion ekarpena txalotu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. «Euskaltasunaren tenplu bat da, Euskal Herriaren bihotz-bihotzean euskaltasunaren garra bizirik mantentzen duena». Eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak gaineratu du egunotakoa ez dela merkatu bat bakarrik, «sormen unibertso bat» baizik.

Erakundeetako ordezkarien ondoren, Kamikaz kolektiboko kideek hartu dute oholtza, eta, besteak beste, Jessica Dindon munduko presidentearen erabakien berri izan dute ekitaldira bertaratutakoek. Durango inguruko herri guztiak Durangoren parte bilakatuko direla ebatzi du, besteak beste, eta azokaren orain arteko irabaziei buruzko galderak egin dizkio bere laguntzaileari. «Begira zenbat diru irabazten duten urtean», eta datuak erakutsi dizkio. «Artistek?», harritu da munduko presidentea. «Ez! Artistek ez, gainontzeko guztiek!». Eta, orduan bai, pozik azaldu da Dindon laguntzailearen erantzunarekin. «Oso ongi! Oso ongi ari zarete!».