Anfitrioiaren etxe barruraino

Ane Labakak irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hirugarren saioa, Lekeition. Haren gibeletik sartu dira Aner Peritz, Maddalen Arzallus, Aitor Bizkarra, Eneritz Artetxe eta Aroa Arrizubieta.

Ane Labaka, gaur, Lekeition kantuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Labaka, gaur, Lekeition kantuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Lekeitio
2026ko irailaren 27a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poesia inprobisatuan lehiatzen diren poetak. Orain bi aste halaxe izendatu zituen bertsolariak Werner Herzogek, Donostia Saria jaso ondoko hitzartzean. Ezin aurki daiteke modu ederragorik Lekeitioko (Bizkaia) giroa deskribatzeko: poesia herrialde bat elkar aditzen. Eta, kantuan, sei izen handi. Horien artean bakarra nagusitu behar, eta Ane Labaka Mayozek zakuratu ditu puntu gehien, 681, bigarrenari hiru puntuko aldea aterata, Aner Peritz Manterolari. «Anfitrioi gozoa bezain/ gaiztoa izan ninteke/ sartu lasai barruraino/ nire etxean zaudete». Halaxe agurtu ditu irabazleak gaurko entzuleak, eta sartu dira denak, beraz, haren etxe barruraino. Ordena honetan sailkatu dira bertze laurak: Maddalen Arzallus Antia (677,5 puntu), Aitor Bizkarra Ruiz (676 puntu), Eneritz Artetxe Eizagirre (646 puntu) eta Aroa Arrizubieta Barredo (616 puntu). Gaurko saioarekin ia-ia eginda dago lehendabiziko fasearen erdia, zazpi saioetan hirugarren baitzen Lekeitiokoa. Oraindik lau saio falta izanagatik, Labakak honezkero bermatuta dauka eserleku berorik hurrengo fasean: Gernika-Lumon (Bizkaia) kantatuko du, azaroaren 7an. Saio bero-beroa izan da, nola publikoaren hala bertsolarien aldetik. 

Idoia Anzorandia gai emaileak ohiko aurreneko lana agindu du: zortziko handia. Medikuak izan dira Bizkarra eta Labaka, eta ederki egin dute eskatutako lana. Labakaren eskuetan adineko bat hil berri da, eta Bizkarrarenetan ume txiki bat jaio. «Mediku gisa hemen bi gorputz/ egutera ta laiotza/ gure eskutatik pasatzen dira/ bizitza ta heriotza», hasi da Labaka, eta egokiro erantzun Bizkarrak: «Niri eskutan erditu zaizkit/ ta zu erdibitu zara/ eta odolez zikindu dugu/ bakoitzak bere gisara». 

Peritz eta Arrizubieta ere fin aritu dira, eta merezitako txalo andana jaso dute bueltan. Herri bereko udal langileak izan dira, eta Peritz kexuka jardun da, kalean eta lan orduetatik kanpo laguntza eskatzen dietelako lagunek. «Ordutegi bat dugu ta hor doa/ gure dedikazioa/ hortik kanpo nork kudeatzen du/ bere administrazioa?», galdetu dio Peritzek lankideari.«Bakoitzak bere txikia jarriz/ egin behar baita denona», bota dio Arrizubietak, eta umoretsu borobildu Peritzek: «Ni eskuzabala naiz oso baina/ ordu bi terdiak arte». 

Aner Peritz, Lekeition kantuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aner Peritz, Lekeition kantuan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Goraino zegoen Lekeitioko Santi Brouard pilotalekua, eta guztiek eskertu dute umorerako saltoa. Arzallus baserritar bat izan da zortziko txikian, eta Labaka, berriz, astero-astero hura bisitatzera joaten den bezeroa. Baina ez bisitari soila, baizik eta dena ukitu eta deus erosten ez duena. «Zugana pozik nator/ ni irriz noizbehinka/ ze poza zu ikustea/ Onintza Enbeita», abiatu da zirikatzen Labaka. Eta nazkatzen hasi baserritarra: «Nahi baduzu pare bat/ letxuga dauzkazu/ artaburutarako/ nahikoa zara zu». Elkarrizketari nolabait jarri behar zaio bukaerako puntua, eta ederki asmatu du Labakak hori nola egin. «Gaur erosiko ditut/ ia granateak/ juxtu zure albokoak/ dauzkan tomateak». 

Peritz eta Artetxe irakasle-ikasle roletan jardun dira, eta Bizkarra eta Arrizubieta, berriz, auto bidaia bat konpartitzen. Bi bikoteek asmatu dute elkarrizketa aitzinera eramaten eta bakoitzak beretik kantatzen. 

Puntu erantzunak trebe eta agudo erantzun dituzte, eta hamarreko txikira egin dute jauzi. Peritzek eta Bizkarrak utzi dituzte alerik gozagarrienak, ekitaldietako argi eta soinu teknikari biren larrutan. Dauzkaten lan baldintzak deskribatzen hasi da Bizkarra: «Gutxitxo ta berandu/ kobratzen dugunez/ beraiek entzungarri/ bihurtzen jardunez/ ta bien bitartean/ gu inork entzun ez». Eta egoera aztertu ez ezik, buelta bat gehiago eman dio Peritzek: «Horrenbeste manifa/ greba ta etete/ ta gu oraindik besteen/ izenaren menpe/ artista gabe ezin da/ aretorik bete/ baina haiek gu gabe/ ere ez leudeke». Eta ofizioetan bertsoren batek txalorik bildu badu, Bizkarraren honek egin du: «ETS-n teklauari/ Anerrek ta Bizkak/ zer, jartzen badiogu/ distortsio pixkat?/ telebisatuko du/ Euskal Telebistak». 

Nork erantzun mezua

Guztiek zeukaten iristeko gogoa, eta ailegatu zen saioko ariketa gustagarriena. Hala zioen ganbarako gaiak: «Behin eta berriz entzun duzu telefonoan utzi zizun mezua; oraindik ez duzu erabaki erantzun edo ez». Gazte zela haurdun geratu zen Artetxe, hala kontatu du aurreneko bertsoan, eta lehen unetik bakarrik utzi zuen huraxe bera zeukan telefonoaren bertzaldean: haurraren aita. «Ez nuen zutaz ezer jakin nahi/ gorroto dut jolastea/ orain mezu bat sarri entzun dut/ bizitzak ze kontrastea/ baina erantzun ez diot egin/ kosta arren ikastea/ haurra hazi ta nahi ote du ba/ gurekin zerbait hastea». Hasieran ez erantzutearen alde eginagatik, indarrak bildu eta hitzen bat bueltan bidaltzea erabaki du azkenerako: «Alde egin zendun, alde egin zendun/ ta hamabi urtetara/ ez zazu deitu, ez zazu idatzi/ berriz etxe honetara/ gaur arte gisan zu gabe ere/ ondo biziko baikara». 

Arzallusek ere bikotekide ohiari kantatzeko hautua egin du, baina bertzelakoa zen eszena. Bikotekideak eten zuen harremana, eta Arzallus bizimodu hartara bueltatu nahian aritu zen zenbait hilabetez. Denbora igaro da ordutik, Arzallusek hura ahazteko bertze, eta min eman dio mezuak. «Eskerrak lagun pare bat izan/ ditudan aldamenean/ hilabeteak pasa baititut/ ez nere hoberenean/ orain zergatik deitu didazu/ ahaztu zaitudanean». Behin eta berriro aritu da mezua aditzen, eta erantzun egin dio azkenean, baina ez haren gibeletik jarraitzeko, baizik eta ez dadila bueltatu erregutzeko. «Baina barruan mina daukat nik/ eginda dago kaltea/ garai bateko nere bihotza/ garai bateko maitea/ oraindik ere itxita dago/ itxi zenuen atea/ kendu nazazu mugikorretik/ ta eman zazu bakea». 

Barru-barrutik, sakon eta elegante jardun da Labaka, eta errima aberatsez zein zehaztasunez josi ditu ganbarako hiru bertsoak. Gau batez mutil bat bere etxera eraman zuen, eta bikain kontatu du zer gertatu zen: «Ohearen azpi hartan/ erropazko bodegoia/ rolak horren argi zeuden/ nor behea eta nor goia/ zapaldu genuenean/ juxtu gu biok koltxoia/ neri ezer esan gabe/ erantzi zuen kondoia». Etxetik kanporatu zuen berehala, eta biharamunean barkamen mezu bat jaso. Zalantzati jardun da, ez baitzekien erantzun edo ez, eta sinesten baitu batzuetan barkamena eskatzea ez dela nahikoa. Erabakia hartu beharraren beharraz, ezezkoaren alde egin du azkenean: «Erantzun edo ez erantzun/ pasa dadila urtea/ erantzun gabe uztea/ ez al da erantzutea?».

Maddalen Arzallus, Lekeition kantuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddalen Arzallus, Lekeition kantuan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Abesten laugarrena zen Bizkarra, eta aitzineko hiruek nola, bikotekideari aritu zaio kantuan. Edo bikotekide ohiari. Ezkontzekoak ziren, baina nonbait, bikotekidea bertze norbaitekin aurkitu zuen etxean. «Han zeuden lasai, hain zeuden gozo/ han zeuden nahiko melenga/ ta nik bihotza ta elekzioa/ bi gauzak neuzkan etenda/ nahiz hiru hankako somierrak hartu/ zabortegirako xenda/ hanka gehiegi dauzkan ohea/ ere cojo geratzen da». Egun batzuk igaro ondotik barkamen mezua erantzun egin nahi dio Bizkarrak, baina denbora behar du oraindik. Hamabiko moldean eta barnean lau puntu motz erabilita, halaxe borobildu du istorioa: «Hala esan dit: ‘Ezkon gaitezen/ gu biok zorionean’/ plan hori ez da ondo aterako/ ez lehen ez azkenean/ baina ezetza emango dizut/ indarra daukadanean». 

Arrizubietak, berriz, 16 urte izan ditu ganbaran; gazte, baina egoeraz jabetzeko bertze. «Nire hainbat zirrikitu/ goitik behera ukitu/ nik nahi nuenez agian hori/ ez litzateke delitu/ nik baino hamar urte gehiago/ eduki ez bazenitu». Barkamen mezua igorri dio bikotea zenak, baina ezezkoa ematea erabaki du Arrizubietak ere: «Nahiz ta nahi dudan dena kontatu/ norbaitekin egin negar/ ez dut zu lasai utziko zaituen/ telefonoa hartu behar».

Bertsoa belarritik sartzen bada, belarri denak goxo-goxo utzi ditu Peritzek bakarkako lanean. Agin Laburuk ateratako doinu bat erabili du, berezia, eta esplikatu du etxetik alde egin zuela, ohean norbait utzita. «Bere mezua berrentzuten dut/ ondo ez zela damutu/ baina pena bat soilik omen du/ ez ninduela agurtu». Berez-berez indartsu atera zen etxetik, baina mezuarekin batera bueltatzeko nahia azaleratu zaio, eta horra hor hartutako erabakia: «Izan ginen haren frogak/ eskatzen dizkit prorrogak/ garbitu ezik hautsa uzten du/ kanoi barrutan polborak/ ta oparitu egingo diot/ despedidako polvo bat». Mezua, beraz, erantzun egin zion, eta hark errandakoak onartu. Are, erabakia hartu izanaz poztu egiten da orain. «Izterretatik heltzeko era/ hori nori okurritu/ nitaz horrela orditu/ denak emaitza zor ditu/ oihu hautsia hutsa egin duzu/ gorritu zara, gorritu/ inoiz ez zinen nire barruan/ horren barruan korritu». 

Ale eder horien guztien ondotik, astebeteko atsedena hartu behar: heldu den larunbatean izanen dira bertsolariak kantuan berriz, Donapaleun (Baxenabarre).

SAILKAPEN OROKORRA

  1. Miren Artetxe 709
  2. Maddi Ane Txoperena 691
  3. Ane Labaka 681
  4. Aner Peritz 679
  5. Maddalen Arzallus 677,5
  6. Aitor Bizkarra 676
  7. Oier Etxeberria 672,5
  8. Xabat Galletebeitia 672
  9. Eneko Araiztegi 659,5
  10. Txaber Altube 648,5
  11. Imanol Uria 647,5
  12. Eneritz Artetxe 646
  13. Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ 638
  14. Eñaut Martikorena 637,5
  15. Unai Anda 636,5
  16. Peru Abarrategi 631
  17. Aroa Arrizubieta 616
  18. Eki Mateorena 589,5

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA