Literatura

Ane Zuazubiskar Iñarrak irabazi du Iruña Hiria poesia saria

'Tigre bat azalean' olerki bildumari esker gailendu da euskarazko adarrean. 3.000 euro jasoko ditu horregatik, eta bermatua du liburuaren argitalpena ere. Gaztelaniaz idatzitako lanen artetik Sergio Manuel Moreno Dominguezena nabarmendu du epaimahaiak.

Ane Zuazubiskar Iñarra, Azpeitian, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ane Zuazubiskar Iñarra, Azpeitian, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko uztailaren 22a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteurren borobila du Iruña Hiria nazioarteko poesia sariak. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatzen dute literatur sariketa hori, hogeigarren aldia du aurtengoa, eta, hori bakarrik ez, preseski aurten bete da hamarkada bat euskarazko adarra abiarazi zutenez geroztik. Ordutik, epaimahaiak bi idazleren lanak saritzen ditu aldiro, eta gaur jakinarazi dituzte aurtengoak: Ane Zuazubiskar Iñarrak irabazi du euskarazko modalitateko saria, eta Sergio Manuel Moreno Dominguez gailendu da gaztelaniazko lanen artean. 

Tigre bat azalean izeneko poema bildumagatik jaso du garaikurra Zuazubiskarrek. Euskarazko modalitaterako aurkeztutako hemeretzi lanen artean nabarmenduta gailendu da, zehazki, eta 3.000 euroko saria jasoko du horri esker. Gainera, idatzitako olerki sorta argitaratzeko bidea ere bermatua du arrasatearrak.

Antzera, 3.000 euroko ordainsaria eta liburua plazaratzeko bermea jasoko ditu Morenok ere. Gaztelaniazko modalitatera aurkeztutako 365 lanen artetik harena hautatu du sariketaren epaimahaiak: Septiembre y lunes. 

Udazkenean eginen dute sari banaketa: urriaren 30ean, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Gainera, hain justu ere, lehiaketaren hogeigarren urteurrena ospatzeko, ikuskizun bat ere programatu dute arratsalde horretarako bererako, gaztelaniaz. Lamentos de la Gran Manzana ikuskizuna taularatuko dute Civivox Pompelo aretoan. Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York lanean inspiratutako musikal bat da hori, poesia errezital bat eta jazz musika uztartzen dituena. Javier Asiain Navarro poeta iruindarrak jokatuko du protagonistaren rola. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA