Literatura

Angolaren alde borrokatutako belaunaldiaren kontakizuna euskaratu du Iñigo Roquek

Artur Pestana dos Santos 'Pepetela' idazlearen 'Utopiaren belaunaldia' nobela itzuli du Roquek. «Utopia baten zapuztea» kontatzen du, lau garaitan, eta lau pertsonaiaren eskutik.

Iñigo Roque, gaur, 'Utopiaren belaunaldia' liburuaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iñigo Roque, gaur, 'Utopiaren belaunaldia' liburuaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko martxoaren 27a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da liburu aurkezpenen zalea Iñigo Roque itzultzailea. Aitortu du hegazkinekin gertatzen zaion gauza bera gertatzen zaiola aurkezpenekin: «Urteek aurrera egin ahala, gero eta deserosoago hartzen ditut hegazkinak, bai eta liburu aurkezpenak ere». Edonola ere, luze eta zabal mintzatu da bere azken lanaren inguruan. Pepetela ezizenez ezaguna da Artur Pestana dos Santos idazlea, eta haren lanetako bat euskaratu du: Utopiaren belaunaldia. Erein eta Igela argitaletxeek eman dute argitara, eta EIZIErekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egindako elkarlanaren fruitua izan da. Hala, literatura unibertsalaren bildumako 193. liburua osatu dute.

Pepetelak bere bizitza eta Angolaren historia uztartzen ditu liburuetan, eta, Inazio Mujika editorearen aburuz, Roquek itzulitako lana da horren adibide nabarmenena: «Angolaren alde borrokatu zen idazlearen belaunaldia, baita idazlea bera ere». Nobelak, hain zuzen ere, istorio hori kontatzen du. 

Liburua lau zatitan dago banatuta; edo «lau liburu ezberdinetan», itzultzaileak hala esanda. Lau garai kontatu ditu, hainbat pertsonaiaren eskutik: Sara, Anibal —Jakintsu ezizenez, hirugarren kapituluan—, Malongo eta Vitor —Mundial, bigarren kapituluan—. 1961. urtean dago kokatuta lehenengo atala, Etxea. Idazlea Lisboan bizi izan zen ikasle zela, eta garai hartako kontakizunak daude bertan. «Indarkeriari buruzko gogoeta interesgarriak daude: zenbateraino da zilegi indarkeria?», azaldu du Roquek.

Hura Lisboan zegoela piztu ziren Angolako borrokaren lehen txinpartak, eta, ondorioz, etxera itzuli zen PepetelaHor kokatzen da bigarren atala: Chana (1972). Ekialdeko fronteko gerrillarien berri ematen du bertan, Mundial ezizena duen pertsonaia ardatz hartuta —lehenengo kapituluan Vitor izenez ageri da—. «Utopian sinetsitakoa da ordura arte, baina, errealitate materialarekin topo egiten duenean, konturatuko da hori ez dela nahi duena», azaldu du Roquek. Protagonistaren barruko «gogoetak eta deabruak» azaltzen dira, besteak beste.

«Utopiekin fidagaitzak izateko ideia zabaltzen du, baina, aldi berean, utopiei uko ez egiteko esaten digu»

IÑIGO ROQUE Itzultzailea

Olagarroa izenburua darama hirugarren atalak. 1982ko gerra zibila du hizpide, eta lehenengo kapituluan Anibal zenaren ikuspegitik kontatu du. Hemen, baina, Jakintsu izengoitia darama; honela aurkeztu du itzultzaileak: «Askapen mugimenduetan oso sartuta egon zen; gerrillan jenerala izan zen, eta pertsonaia guztien artean hark izan zuen Angolako egoeraren gaineko kontzientzia handiena». Besteak beste, bi blokeren arteko borroka ageri da: alde batean, MPLA, eta bestean, FNLA eta UNITA. «Borrokak hartu duen bidea gustatu ez, eta hondartza bakarti batera bizitzera joatea erabakiko du protagonistak». 

«Tragikomedia bat». Horrela definitu du Roquek azkeneko kapitulua: Tenplua (1991). Itzultzailearen hitzei azalpen gehiago gehitu dizkio Mujikak: «Ametsen erorketaren eta errealitatearen gailentzea kontatzen da, modu ezberdin eta ironiko batean». Horregatik, amaieran irakurleak barre «gazi-gozo» batekin amaituko duela uste du Roquek, bai eta irakaspen batekin ere: «Utopiekin fidagaitzak izateko ideia zabaltzen du, baina, aldi berean, utopiei uko ez egiteko esaten digu».

Editorearen ustez, eleberria ongi ulertzeko garrantzitsua da Angolako testuingurua ulertzea eta ezagutzea. Edonola ere, hori jakin gabe ere uler daitekeela uste du, «utopia baten zapuztea» kontatzen baitu: «Hori zer den dezente ongi dakigu gaur egun ere. Utopien zapuztea leku guztietan gertatzen da, modu batera edo bestera. Amets politikoen eta errealitatearen arteko talka argi eta garbi ikus daiteke». Horregatik, gaur-gaurko liburua dela deritzo itzultzaileak. 

Angolatik Euskal Herrira

Angolako portugesez idatzi zuen liburua Pepetelak, 1992an, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute ordutik, hala nola frantsesera eta gaztelaniara. Hain justu, Roquek horiek biak izan ditu esku artean prozesuan zehar. Baina oin ohar asko dituztela esan du, «jatorrizko hizkuntzako zenbait hitz azaltzeko». Azalpen horiek ez ditu euskarazko bertsiora ekarri Roquek: «Ez nien karga hori jarri nahi irakurleei. Angolan irakurriko luketen bezala irakurtzea nahi nuen. Oin oharrik gabe, alegia. Euskal Herriaren eta Angolaren artean dagoen kultur arrakala murriztu nahi izan dut».

Itxuraz «lodia» den arren liburua «erraz» irakurtzen dela adierazi du itzultzaileak. Hala ere, aitortu du horrelako lanak direla itzultzen «zailenak». Liburu mordoa euskaratu du Roquek, baita hainbat sari jaso ere. Besteak beste, itzulpengintzako Euskadi saria irabazi zuen 2014an, Antonio Lobo Antunes idazlearen Gauzen ordena naturala liburuaren itzulpenagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!