«Komiki azoka bertan beheiti gelditzeak sekulako leherketa eragin du Anguleman. Beraz, erabaki dugu komikiaren komunitate guziari birsortze, sorkuntza eta partekatze momentua eskaintzea». Angulemako auzapez Xavier Bonnefonten hitzak dira, komiki azoka berria aurkezteko prentsaurrekoan. Urtarrilaren 29tik otsailaren 1era egin behar zuten komiki azoka ordezkatuko du Grand Off egitasmoak, komiki azoka aitzin egiten zen Off jaialdiaren aitzinkontua igan ondotik.
Proiektu berriaren antolatzaile Julie Gorek aipatutakoaren arabera, «jaialdi bat baino zerbait gehiago» izatea nahi dute. Bonnefonten erranetan, berriz, bertan parte hartzeko 113 proiektu aurkeztu dira dagoeneko, eta horietarik 53, idazle kolektibo batzuek proposaturik. Hain zuzen ere, Grand Off jaialdiaren antolatzaileetako batzuk erakunde publikoak dira —Akitania Berria eskualdea, Charente departamendua eta Angulemako Herriko Etxea, bertzeak bertze—. Baina, horiez gain, nagusiki idazleen kolektiboak, argitaletxeak eta elkarteak ere aritu dira —Captain BD, Cafe Creed, Les Colocs de la BD, L’autre librairie...—.
Erakusketak, tailerrak, zine kontzertuak eta hainbat ekitaldi izanen direla segurtatu dute antolatzaileek. Erakunde publikoetarik diruztatu dute jaialdiaren gehiena; 1,25 milioi euroko aitzinkontua lortu dute jarduera guzien gauzatzeko. Herriko Etxeak eman du diru kopuru handiena, baina, bertzalde, Angulemako elkargoak 500.000 euroko laguntza emanen die enpresei, ohiko komiki azokaren desagertzearen ondorioz ukan ditzaketen galtzeei aurre egiteko.
Krisi «larria»
Komiki sektoreak eraman boikotak eragin du azokaren ohiko formatuaren 35. aldia bertan beheiti uztea. Azken hilabeteotan ugaritu dira antolatzaileen kudeaketa ereduari buruzko kritikak, gardentasun faltaren eta lan harremanen inguruko salaketak, bertzeak bertze. Are gehiago, 2024an bortxaketa bat estaltzen entseatzea egotzi diote enpresa antolatzaileari, bortxaketa jasan zuen biktima kaleratu baitzuten.
Dozenaka egilek jaialdiari boikota egitera deitu zuten, azokak ez baitzuen bermatzen lan baldintza egokirik, eta ez baitzien erantzun azken gatazkak konpontzeko galdeei. Frantziako argitaletxe nagusiek ere jakinarazi zuten ez zirela egonen aurtengo azokan, «konfiantza instituzionala hautsi» delako, eta enpresa antolatzailearekin «egitura krisi larria» dagoelako. Frantziako Gobernuak ere diru laguntzak murriztu zizkion azokari.