Zinemagintzako teknika bat da animazioa; hiztegiaren arabera, «beren artean mugimendu aldaketa oso txikiak dituzten marrazki edo irudi sail bati argazkiak eginez, eta argazki horiek abiadura jakin batean proiektatuz, higitzen direlako itxura ematen duten irudiak sortzen dituena». Definizioa motz geratzen da, ordea; animazioaren mundua zabala baita. Eta zabaltasun horren lagin bat dastatzeko aukera ematen du Animadeba Nazioarteko Animazio Festibalak, 2008az geroztik. Aitor Oñederrak (Deba, Gipuzkoa, 1983) sortu zuen jaialdia, eta aurtengoa izango da ekitaldiaren hemeretzigarren aldia. Irailaren 9tik 12ra, Deba (Gipuzkoa) animaziozko film laburren askotariko koloreetan murgilduko da, artisau animazioa aldarrikatzeko asmoz adimen artifiziala «oso modan» dagoen honetan.
50 lan baino gehiago proiektatuko dituzte guztira. Aurten, 1.500 film labur baino gehiago aurkeztu dira lehiaketara, eta horien artean hautatu dituzte jaialdian izango diren lanak. Ehun herrialdetatik baino gehiagotatik heldu zaizkie proposamenak: Frantzia, Errusia, Italia, Alemania, Turkia, Kuba, Txekia eta beste hamaikatatik. Ez da kontu erabat berria ere. Oñederrak aipatu duenez, hain zuzen ere, Frantziatik eta Errusiatik jaso ohi dituzte hautagaitzarik gehienak.
Lau sail nagusi izango ditu festibalak: lehia barruko bi —Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak saila— eta lehiaz kanpoko beste bi —Panorama eta Animatxiki—. Berria da Animatxiki izeneko atala: 5 eta 10 urte arteko haurrentzako lanek osatzen dute, eta, antolatzaileen hitzetan, «kolorez eta abenturaz beteriko esperientzia bat» da.
Espezialistaz osatutako epaimahaia
Hiru lagunek erabakiko dute zein diren Sail Nagusiko eta Zuzendari Berriak saileko irabazleak: Lara Bellon ikertzaile artistiko, zinema programatzaile, irakasle eta kultur langileak; Spela Cadez animaziozko zinemako zuzendari eta ekoizleak, eta Hugo Covarrubias stop motion animazioaren arloko espezialista eta ikus-entzunezkoen eta antzerki lanen zuzendariak.
Gazte epaimahai bat ere izango da aurten, aurrenekoz. Oñederra: «Animadebako goiz batean, DBHko ikasleak etorriko dira. Haien adinerako egokiak diren hamar film labur hautatu ditugu Sail Nagusitik, Zuzendari Berriak sailetik eta Panorama sailetik, eta lan horiek ikusi ondoren, botoa emango dute».
«Edozein etor daiteke WIP sailean aurkezten diren proiektuak ikustera, industriakoa ez izan arren. Primerako aukera da ikusteko honek nola funtzionatzen duen barrutik»
AITOR OÑEDERRA Zuzendaria
Sailez gain, Oñederrak «emanaldi» gisa definitu dituen hainbat proiekzio multzo ere izango dira: Atzerabegirakoak da haietako bat eta, bestea, Festibal Gonbidatua izenekoa. Lehenengoan, nazioarteko animazio independenteko bi «erreferente nagusiren» obrak aurkeztuko ditu festibalak: Hugo Covarrubias eta Spela Cadez epaile eta zinemagileenak, hain zuzen ere. Festibal Gonbidatua atalean, berriz, Tricky Women Tricky Realities animaziozko ikus-entzunezkoen nazioarteko jaialdiko «lanik onenen» hautaketa bat emango dute. Animadebak urtero gonbidatzen du ikus-entzunezkoen jaialdi bat berera, eta, aurten, Vienan egiten den festibal hori hartuko dute.
Baina guztiak ez dira film laburrak izango. Jaialdian lau lan luze ere proiektatuko dituzte, egun bakoitzeko bat: Petite Casbah (Antoine Colomb), O filho da puta (Erica Rocha Santos, Otto Guerra, Tania Anaya eta Savio Leite), Dekoratua (Alberto Vazquez) eta Mumbo Jumbo (Karsten Kiilerich).
Ikus-entzunezkoak bakarrik ez
WIP (Work in Progress) saila ere izango da jaialdian. Oñederra: «Film proiektuak biltzen ditu sail horrek, diru laguntzak behar dituztenak. Aukera ematen die egileei egiten ari diren proiektu horren berri emateko sektorean dabilen jendeari». Jaialdiko atal horretarako epaimahai propioa izango da, eta Mikel Rueda zinemagile eta gidoilariak, Jose Luis Agreda ilustratzaile eta arte zuzendariak, eta Miren Aperribai Atera Films banaketa eta ekoizpen etxearen sortzaileak —Handia eta Loreak euskal ekoizpenak zabaldu ditu, besteak beste— osatuko dute.
Oñederrak nabarmendu nahi izan du WIP saila ere publikoari irekia dela: «Edozein etorri daiteke ikustera, industriakoa ez izan arren. Primerako aukera da ikusteko honek nola funtzionatzen duen barrutik».
Ikus-entzunezkoez gain, bestelako jarduerak ere antolatu ditu Animadebak; kontzertuak, esaterako. Besteak beste, Sara Zozaia, Maskak, Sua eta beste hamaika artista eta DJ hartuko ditu egitarauak. Hala haurrentzako nola helduentzako tailerrak ere izango dira, baita La Bobina podcastaren emanaldia ere —zinema, musika, literatura eta bestelako arte diziplinak jorratzen dituzte saio horretan—. Azken egunerako, gainera, Alvina Stardust eta Divina Comediak bingoa prestatu dute.
Amesteko prest
Malen Pazos ilustratzaileak (Mutriku, Gipuzkoa, 1997) sortu du jaialdiaren aurtengo irudia. «Gure aurtengo leloa Amets egiteko prest da; animazioak berezkoa duen mundu oniriko eta irudimentsuari egiten dio erreferentzia», kontatu du Oñederrak. Bada, Pazosek lelo horrexen bueltan sortu ditu aurtengo kartela eta irudia, eta Deban inspiratutako «mundu oniriko bat» irudikatu.
«Gure aurtengo leloa 'Amets egiteko prest' da; animazioak berezkoa duen mundu oniriko eta irudimentsuari egiten dio erreferentzia»
AITOR OÑEDERRA Zuzendaria
Film emanaldietarako eta tailerretarako sarrerak hartu egin behar dira. Tailerrak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da txartelak eskuratzea, edukiera mugatua da eta. Kontzertuetarako, aldiz, ez da sarrerarik behar. Txartelak dagoeneko eskuragarri daude Animadebaren webgunean.