Literatura

Apirilaren 30etik maiatzaren 28ra, sei literatur ekitaldi eginen dituzte Azokaroaren gerizpean

Ziburuko azokaren aurreko asteetan ere literaturazaletasuna sustatzeko antolatu dute berriz programazio hori. Liburu aurkezpenak, errezital musikatuak eta bertso saioak izanen dira, besteak beste.

2024ko Ziburuko azoka, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
2024ko Ziburuko azoka, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko apirilaren 8a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaronaldia bera ere literaturak goxatu dezan nahi dute. Ekainaren 6an eginen baitute aurten Ziburuko liburu eta disko azoka (Lapurdi), baina, ohi denez,argitaletxeek beren erakusmahaiak karrikaratu baino are lehenago ere izanen da literatur mokaduak hartzea inguru horretan. Eta ez soilik Ziburun, baizik eta baita inguruko beste herri batzuetan ere. Azokaroa eginen dute berriz, apirilaren 30ean hasi eta maiatzaren 28an buka. Sei literatur ekitaldi bildu dituzte egitarauan. 

Apirilaren 30ean zabalduko du programazioa Azokaroak, ostegunean: Jone Bordato idazlearen Erroen izerdia (2025, Elkar) ipuin liburua aurkeztuko dute egun horretan, Azkaineko (Lapurdi) Bil Toki elkartean, 19:00etan hasita, eta egilea bera mintzatuko da jendaurrean. 

Ordutik astebetera izanen du segida egitarauak, maiatzaren 7an, eta, literaturak ez ezik, musikak blaitua ere izanen da hori. Galeserari buruzko gaualdia izeneko ikuskizuna eginen dute Ziburun, Baltsan elkartearen egoitzan. Robin Farrarek hitzaldia eginen du, eta Gwilyn Bowen Rhys musikariak, berriz, kontzertua eman. 19:00etan hasiko dute gaualdia, eta sarrera ordainpekoa da: 10 euroan jarriko dituzte salgai sarrerak —pintxoak ere emanen dituzte horren truk—. 

Maiatzaren 16an ere izanen da musikarik, eta poesiaren bidelagun izateko asmoz aireratuko dira doinuak orduan. Urruñako pilota plazan (Lapurdi), eguerdian hasita, Jon Garmendiaren Ulhaintsaren negarra poema liburuaren (Elkar) errezital musikatua eginen dute. Idazleak berak leituko ditu olerkiak, eta, zehazki, Ortzi Oihartzabal musikariak lagunduko dio. 

Uhinetara ere zabalduko da 

Irratian ere eginen diote tokia aurtengo egitarauari. Maiatzaren 19an, Larrialditik iratzarraldira izeneko mahai ingurua antolatu dute Euskal Irratiek. Horretarako, Intza Gurrutxaga, Eneko Gorri eta Iñaki Iurrebaso gonbidatu dituzte mahaiaren ingurura, eta, preseski, irrati uhinen bitartez zabalduko dute hiruren mintzoa. 19:00etan ekinen diote solasaldiari.

Programatutako sei ekitaldien artean, bi baizik ez dira ordainpekoak: Galeserari buruzko gaualdia Ziburun, maiatzaren 7an, eta bertso saio literarioa Baigorrin, maiatzaren 23an

Aste horretantxe, baina maiatzaren 23an eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) Bixentainean, bertso saio literarioa eginen dute, gainera. Miren Amurizaren Pleibak nobelari (Susa) tiraka, Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena ariko dira kantuan, eta Paule Bilbao musikariak lagunduko die, orobat. 20:00etan hasiko dira, eta honetarako ere premiazkoa da sarrera eskuratzea: 8 euroan salduko dituzte, egunean bertan. 

Azkenik, eta kasik hilabeteko bidea egin ondoan, Donibane Lohizunen (Lapurdi) bukatuko du bidea Azokaroak. 19:00etan hasita, Aritz Ibarra idazleak Deiadarra (Nabarralde) komikia aurkeztuko du mediatekan. 

37

Zenbat argitaletxek eman duten izena Ziburuko azokarako. Ekainaren 6an eginen dute Ziburuko liburu eta disko azoka. Oraingoz plazaratutako informazioaren arabera, guztira 37 argitaletxe, diskoetxe eta erakundek eman dute izena erakusmahaiak paratzeko: hala nola Pamielak, 1545 argitaletxeak, Balio Dute-k, Euskaltzaindiak, Ereinek, Igelak, Katakrakek, Argiak, Usopopek eta Txalapartak. BERRIA ere bertan izanen da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA