Arte eszenikoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte eszenikoen sektoreko lehen hitzarmena sinatu dute

Eskena arte eszenikoen ekoizleen elkarteak eta Euskal Aktoreen Batasunak adostu dute ituna, baina, ekoizleek jakinarazi dutenez, sektoreko gainerako eragileen babesa ere badu. 400 enpresa eta mila langile ingururi eragingo die.

Sektoreko ordezkariak, hitzarmena sinatu zuten egunean. ESKENA
mikel lizarralde
2023ko ekainaren 29a
20:33
Entzun

Eskenak gaur bertan jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte eszenikoen sektoreko lehenengo hitzarmena sinatu dutela. Ohar baten bitartez adierazi du negoziazioak Eskena eta EAB Euskal Aktoreen Batasunak gidatu dituztela, baina patronal osoaren adostasunarekin (Eskena eta Besteok), euskal eragile eszeniko guztien onespenarekin (ADDE, Artekale eta EZE), eta sindikatu guztien babesarekin (ELA, LAB, UGT eta CCOO) sinatu dutela hitzarmena. Honen helburua, Eskenak azaldu duenez, «kontratuetan intrusismoari eta jardunbide txarrei aurre egitea da».

Irunak, Eskenaren iritziz, «Euskadiko arte eszenikoetako jardunbide praktika egokiak sendotzen ditu», eta lan erreferentzia bat ezarri nahi du, nahiz eta, ekoizleen elkartearen arabera, «enpresa, enpresaburu eta ekoizle profesional gehienek jada praktika egokiak egiten zituzten». Gainera, arte eszenikoena «sektore ekonomikoa» ere badela jasotzen da hitzarmenean.

Itunak aretoko zein kaleko arte eszenikoen diziplina ezberdinak biltzen ditu: antzerkia, dantza eta zirkua. «Hitzarmenak lan eta produktibitate baldintza onak bermatzen ditu, eta produkzio eta emanaldi faseei dagozkien lan-baldintzak jasotzen ditu, hau da, entseguak eta bira eszenikoak. Era berean, merkatuaren errealitate ekonomiko desberdinak hartu dira kontuan, helduentzako antzerkiaren eta familia antzerkiaren artean bereizita», adierazi du Eskenak.

400 enpresa eta mila langile ingururi eragingo die

Kulturaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, erregulazio horrek 400 enpresa eta enpresaburu kontratatzaileri eta mila langile ingururi eragingo die. Gainera, interpreteak kontratatzen dituzten autonomoei ere eragiten die —sektore eszenikoaren % 60 dira –.

«Gaur egun bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoaren barruan, hitzarmen hau lanbide sendo bat duintzeko eta sortzeko sektore apustu bat da», Eskenaren iritziz. Hain zuzen ere, sinatu zen egunetik aurrerako kontratu guztiak —2023ko apirilaren 26an sinatu zuten—, hitzarmenean araututakoaren mende egongo dira. Hitzarmen hori gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta bihar indarrean jarriko da, atzerako eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.