Francisco de Goyaren (Fuendetodos, Espainia, 1746–Bordele, Okzitania, 1828) lau grabatu sailik esanguratsuenak lehen aldiz bildu ditu Arabako Arte Ederren Museoak erakusketa berezi batean. Kapritxoak, Gerraren hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak [Atsotitzak] sail ospetsuak ikusgai jarri ditu museoak, eta, hala, artistaren unibertso kritiko, ilun eta sakonaren panoramika osoa bistaratu. Grabatuaren historian «mugarri» dira lanok, Sara Gonzalez de Aspuru museoko arduradunak azpimarratu duenez, eta aukera ematen dute Goyaren pentsamendu artistikoa osotasunean ulertzeko: gizakiaren kontraesanak, indarkeria, boterea, superstizioa eta arrazoiaren porrota. Fantasia eta arrazoia izenburua du erakusketak, eta 2027ko otsailera arte egongo da zabalik.
Juan Zelaya Letamendi fundazioak 2022an eman zizkion grabatuak diputazioari, harekin zuen zorra kitatzeko. Bilduma museoan sartu zenetik, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak obren dokumentazio, katalogazio eta zaharberritze lan sakona egin du, eta prozesu horren emaitza da erakusketa.
Bildumak balio historiko eta artistiko «aparta» dauka, Gonzalez de Aspururen hitzetan. Izan ere, Kapritxoak, Gerraren hondamendiak eta Burugabekeriak [Atsotitzak] lehen edizioak dira, eta Tauromakia, berriz, bigarren ediziokoa. «Horrek esan nahi du ikusgai dauden piezak ez direla soilik Goyaren irudimenaren adibide bikainak, baizik eta baita grabatuaren historiako ale berezi eta bakanak direla ere».

Fantasia eta arrazoia izenburuak berak laburbiltzen du erakusketaren funtsa. Izan ere, Goyaren obra fantasiaz eta irudimenez betea dago, baina baita arrazoiaren porrotaren inguruko gogoetaz ere: «Bere garaiko Espainiaren erretratu zorrotza egin zuen artistak, baina haren lanek gaurkotasun harrigarria dute oraindik ere». Gerrak, gehiegikeriek, botere abusuek eta gizartearen hipokrisiak indarrean diraute gaur egun ere, eta horregatik Goyaren irudiak oraindik ere gai dira ikuslea interpelatzeko, museoko arduradunaren hitzetan.
Boterea eta gudaren basakeria
Kapritxoak izan zen Goyaren lehen estanpa sail handia. Artistak berak argitaratu zuen, 1799an, laurogei irudiko bilduma batean. Garai hartan, Goya ospearen gorenean zegoen: Floridako San Antonioren ermitako (Madril) pinturak amaitu berriak zituen, eta Karlos IV.ak ganberako lehen margolari izendatu berri zuen. Hala ere, sail horrek ez zuen gortearen distira erakusten, baizik eta gizartearen alderdi ilunen satira zorrotza.
Grabatuotan, Goyak gizonen eta emakumeen arteko harreman interesatuak, prostituzioa, ezkontza hitzartuak, kleroaren ustelkeria, superstizioa eta boterearen gehiegikeriak kritikatu zituen. Artistak akuafortea eta urtinta konbinatu zituen argi eta itzalen joko dramatikoak sortzeko, eta horrek indar berezia eman zien irudiei.
«Goyaren irudiek ez zuten esanahi bakarra; ikusleari hausnartzeko eskatzen zioten, eta horixe da gaur egun ere erakargarri egiten dituen ezaugarri nagusietako bat»
SARA GONZALEZ DE ASPURUArabako Arte Ederren Museoko zuzendaria
Sailaren inguruan izan ziren interpretazio eta iruzkin anonimoek ere erakusten dute irudiak «anbiguoak» eta «indartsuak» direla. Gonzalez de Aspuru: «Goyaren irudiek ez zuten esanahi bakarra; ikusleari hausnartzeko eskatzen zioten, eta horixe da gaur egun ere erakargarri egiten dituen ezaugarri nagusietako bat».
Gerraren hondamendiak izeneko grabatu saila izango da, seguruenik, Goyaren lan gordin eta unibertsalenetako bat. Laurogei estanpa dira, eta artista hil arte ez ziren plazaratu. Espainiako Independentzia Gerraren harira sortua da, «indarkeriaren eta sufrimenduaren kronika lazgarria».

Lehenengo grabatuek gudaren basakeria erakusten dute: exekuzioak, bortxaketak, hildakoak eta ihesean doazen herritarrak. Bigarren zatian, gosea eta miseria dira protagonistak; hirugarrenean, berriz, Fernando VII.aren absolutismoaren itzulera eta errepresio politikoa salatzen ditu Goyak, alegorien bidez. Sail horrek ez dauka heroismorik: «Goyak ez ditu garaileak goresten, ezta guda epikoak margotzen ere. Kontrara, gizakiaren krudeltasunaren aurrean jartzen du ikuslea». Heriotza da protagonistetako bat, eta irudiek gaur egun ere harridura eta deserosotasuna pizten dituzte. Horregatik adierazi izan da indarkeriaren aurkako adierazpen artistiko handienetako bat dela.
Indarkeria eta fantasia
Tauromakia sailean, berriz, Goyak zezenketen mundua islatu zuen. 1816ko 33 grabatu dira, eta artistak Espainiako tauromakiaren historia eta garai hartako toreatzaileen irudiak uztartu zituen horietan. Hala ere, Goyak ez zuen ikuspegi folkloriko edo idealizaturik eskaini, indarkeria jarri baitzuen erdigunean. «Zezenen eta gizakien arteko borroka dramatismo handiz erakusten du, eta, argi-ilun biziak erabiliz, tentsio handiko eszenak sortu». Sailaren amaieran, Pepe Illo toreatzailearen heriotza irudikatzen duen estanpak alde tragikoa bistaratzen du, adibidez.
Azkenik, Burugabekeriak [Atsotitzak] sailak Goyaren mundu enigmatiko eta modernoena erakusten du. 1815etik 1824ra bitartean landu zuen, baina amaitu gabe geratu zen, eta artistaren heriotzaren ondoren argitaratu zuten. Sail horretan gaueko giro iluna eta amesgaiztoak dira nagusi: irudi fantastikoak, eszena zentzugabeak eta interpretazio askotarako bidea ematen duten alegoriak.
Ikertzaileek hainbat modutan interpretatu dituzte estanpak: Goyaren subkontzientearen isla gisa, Espainiako egoera politikoaren metafora gisa edo aurreko lan guztien sintesi kritiko moduan. Nolanahi ere, sail horretan argi ikusten dira artistaren askatasun sortzailea eta modernitatea. Goyak ez zuen azalpen zehatzik eman nahi izan; irudimena askatu, eta desorientazioaren aurrean jarri zuen ikuslea.
