Mungian (Bizkaia) egin zen Bertso Eguna 2018an; Barañainen (Nafarroa) iaz, eta Aramaion (Araba) izango da hurrengoa, urtarrilaren 18an. Donostia izan zen, urte luzez, Bertso Egunaren plaza, baina, Bertsozale Elkarteak ekitaldiaren beraren dinamika aldatu eta «ibiltaria» izatea erabaki zuenetik, Gipuzkoan ez dauden Euskal Herriko herrietan antolatu dute bertsolarien festa egun handia izaten dena.
Aurtengo Bertso Egunean, eguerdi eta arratsaldeko lehen orduetan izango dira saio nagusiak. 12:30ean hasita, bertso ibilbide gidatua egingo dute, herriko erdigunean, Xabi Igoa, Irati Majuelo, Jokin Uranga, OIhana Bartra, Sustrai Colina, Martin Abarrategi, OIhana Iguaran, Andoni Egaña eta Ane Zuazubiskarrek.
Jarraian lau bertso bazkari izango dira beste horrenbeste elkartetan. Uribarriko elkartean, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso ariko dira; Zabolako elkartean, Iñaki Viñaspre eta Ane Labaka; Izarra elkartean, Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe; eta Ehiztari txokoan, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga.
Bazkarietarako sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai, www.bertsosarrerak.eus atarian.