Arratsak irratiaren arrimuan ematea maite duten euskaradunetako askok dute haren ahotsa etxekotzat. Are gehiago, Euskal Herriko kulturgintzaren ahotsa da hainbaten irudiko. 1985ean hasi zen Euskadi Irratian esatari lanetan Arantxa Iturbe (Alegia, Gipuzkoa, 1964), eta 2005etik Arratsean kultur saioaren gidari da, Nekane Peñagarikano lagun duela. Denbora ez da alferrik joan, eta alegiarrak urtez urte urratu duen bidea omentzeko modukoa dela iritzi diote orain Kutxa Fundazioa literatur sariketaren antolatzaileek. EEE Euskal Editoreen Elkarteak, EIE Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta haur eta gazte literaturako Galtzagorri elkarteak sustatzen dute egitasmo hori, eta, zehazki, Ibilbide saria da Iturberi emanen diotena. Gaur bertan jasoko du garaikurra, preseski, Irunen (Gipuzkoa).
Sariketaren antolatzaileen esanetan, «euskal kulturaren eta literaturaren alorrean egindako ekarpen esanguratsua» aitortu nahi diote Iturberi, eta «sormenaren, komunikazioaren eta euskararen alde» eginikoak nabarmendu dizkiote ibilbidean, gainera.
Kazetaritza eta literatura, bi-biak elkarri oso loturik dituela egin du ibilbide profesionala Iturbek. Irrati uhinetatik kanpo, jorratu du narrazioa, jorratu ditu ipuinak eta jorratu du eleberria. Besteak beste, lan hauek osatzen dute haren uzta: Ezer baino lehen (Elkar, 1992), Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Kontu-jaten (Alberdania, 2006), Honetara ezkero (Susa, 2017) eta Koadernoa zuri (Elkar, 2017).
Ikusi gehiago
Bestalde, antzerkia da Iturbek urteotan hurbilen izan duen esparruetako bat. Hika Teatroaren gerizpean eta Agurtzane Intxaurragarekin batera eman ditu bide horretan pausoetako asko. Kasurako, Intxaurragak eta Iturbek elkarrekin eman zuten Bidaideak (Susa) lana 2020an; hiru antzezlan jaso zituzten haren barrenean.