Ezagutzen ditudan artisten artean, Japoniako arteari buruz interesa duten guztiek irakurri dute Junichiro Tanizakiren Itzalaren laudorioa. Ez da harritzekoa, alde batetik, liburu ederra delako; bestetik, gutxi direlako Japoniako estetikari buruz itzuli diren liburuak. Bertan, Tanizakik azaltzen du japoniar arteak gehiegizko argia baino nahiago dituela iluntasunarekiko jokoa eta erdi itzalak; urrez estalitako ate pintatuek leku ilunetan distira apal interesgarriagoak sortzen dituztela, eta lakaren gainazal mateak argia xurgatzearen sentsazioa ematen duela.
Horren zabaldua izan da Itzalaren laudorioa, non mendebaldekook dugun japoniar artearen ikuspegia erabat baldintzatu duen, geroko idazle, artista eta pentsalari askok garai jakin bateko irakurketa dela adierazi badute ere. Izan ere, argi elektrikoak guztiz aldatu zuen artea (are, mundua) ikusteko modua. Liburua 1933an argitaratu zen eta, hain zuzen, urte horietan elektrifikazioa Japonia ia osora iritsi zen. Tanizakik artearekiko erlazio bisual mota baten galeraren berri ematen digu, baina galera hori ez zen soilik Japonian gertatzen ari.
Gai honekin lotuta, beti datorkit gogora Kataluniako hotel batean gaua pasatu nuenekoa. Jabeen aitona pintorea izan zen eta masia hartako gela batean bere erretratu eta paisaia batzuk zintzilikatuta zeuden. Horiei begira ari nintzela, eguzkia sartzen hasi zen, eta museo batean sekula bizi ezin duzun esperientzia bat izan nuen: irudiak guztiz aldatu ziren, zenbait detaile desagertu eta, aldi berean, materialen ezaugarri berriak eta argi joko desberdinak piztu ziren, eguzkia guztiz itzaltzearekin batera margoak ere itzali ziren arte.
Gaur egun ia ez dugu argi naturalak artean sortzen dituen aldaketak ikusteko paradarik: kalean dauden eskulturek zein eraikinek ere argiztapen artifiziala izaten dute. Zer esanik ez museoetako argi egonkor eta kontrolatuari dagokionez. Baina jatorrian, elizetako eskulturak leihoetatik sartzen ziren izpiak jotzen zituztenean edo kandelen argitara ikusten ziren soilik, erdi ilunpetan. Pentsa nolakoa izango zen herriko aldareko santu beldurgarri horren begirada halako argi baten pean. Burges eta aristokraten etxeetan urrezko argimutilek distira handia emango zuten, eta mahaiaren ertzetan, alde ilunagoetan zeuden portzelanazko ontziei, aldiz, gainazal leun ilunagoa hautemango zitzaien. Paretetan eskegitako paisaiek askoz ere ertz ilunagoak izango zituzten eta, askotan, zulo beltzak besterik ez ziren izango.
Batzuetan ez da beharrezkoa urruneko lurraldeetara joatea argi joko berrien bila. Gure arte propioa ezagutzen dugula uste badugu ere, hain azkar aldatzen den mundu honetan historialariaren begiekin atzera begiratzea exotiko samarra suerta daiteke.