Antzerkia

Arima, teknologiaren esku

Biki digitalak existitzen diren mundu futurista bat du ardatz 'Gorputzaren atzean' ikuskizunak. Iazko Loraldia Sormen Digitala beka jaso zuen, eta gaur estreinatuko dute, Bilboko Azkuna zentroan.

(ID_17095579790985) (/EZEZAGUNA)
Izarne Oiarzabal dantzaria, ikuskizuneko irudi batean. LORALDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko martxoaren 6a
05:10
Entzun

Etorkizuna irudikatzea zaila egiten zaie batzuei; izan liteke etorkizun hurbila, edo baita etorkizun urrunagoa ere. Beste batzuei, ordea, fantasian murgiltzeko aukera ematen die, irudimenak eman ditzakeen aukerak esploratuz. Aukera horiek esploratzearen zalea da Katixa Agirre idazlea, eta hala erakutsi izan du behin eta berriz bere lanetan. Gorputzaren atzean ikuskizuneko istorioa sortzea izan da haren azken proiektuetako bat. Iazko Loraldia Sormen Digitala beka irabazi zuen proposamenak, eta aurtengoan aurkeztuko dute; gaur, 19:00etan, Bilboko Azkuna zentroan.

Josu Rekalde artistak egin zion istorioa sortzeko gonbidapena. Berriz zentauro (Elkar, 2022) nobelaren pasarte bat hartu, hura egokitu, eta bekara aurkezteko proposatu zion. «Nik nahiago nuen zerbait originala eta berria idatzi», azaldu du Agirrek, eta, Rekalderekin hitz egin ostean, proiektuari ekin zion.

Nobela horretako istorioa etorkizunean gertatzen da, eta proiektu berrikoa ere hala izatea nahi zuen, nahiz eta etorkizun urrunagoan gertatu. «Eremu digitala baliatu nahi genuela argi genuen, teknologikoki aurreratua izango zen mundu bat irudikatzeko».

Ez da antzezlan soil bat, musikak, proiekzioak eta ahotsak ere bai baitute beren lekua. Ainhoa Artetxe da aktorea, eta Izarne Oiarzabalen dantzak tartekatuko dira haren jardunean. Istorioa sortuz joan ziren heinean, Agirrek eta Rekaldek ikuskizunari diziplina desberdinak gehitzea egokia izan zitekeela ikusi zuten.

Bikien krisia

Gizakion erreplika digitalak egongo diren mundu bat sortu zuen Agirrek, «hemendik ehun bat urtera» kokatutakoa. Gizaki bakoitzak bere biki digitala izango du bertan, eta kode genetiko eta informazio bera izango dute biek. Horrek hainbat aurrerapen ekarriko dizkie gizakiei; adibidez, botikaren bat lehenago biki digitalean probatu ahal izatea, hura eraginkorra den ikusteko.

Denborak aurrera egin ahala, biki digitalek euren biki errealaren ordez lan egingo dute. Hori ez da gizakien gustukoa, eta, matxinada baten ostean, biki digitalekin duten lotura oro hautsiko dute, eta haiek metabertsoan galduta utzi. Haietako bat da Xulop. Polux bikia galdu du, eta hura aurkitzeko bidaiari ekingo dio. Bidaia hori kontatuko da ikuskizunean.

«Ikuskizunarekin erakutsi nahi nuen ea zenbateraino gauden konforme gure arima teknologiari saltzeko».KATIXA AGIRREIdazlea

Gaur egun ere gizakion informazio andana dago sarean zabalduta, ia edonoren esku, eta horren inguruko hausnarketa bat egiteko baliatu du idazleak Gorputzaren atzean: «Erakutsi nahi nuen ea zenbateraino gauden konforme gure arima teknologiari saltzeko; zenbateraino den erabilgarria, eta zenbat eragin dezakeen gure esentzian».

Diziplina anitzeko ikuskizuna izango da, eta zuzeneko musika ere izango du. Idazleari «oso aberasgarria» iruditu zaio beste arlo batzuetako artistekin lanean aritzea: «Oso pozik nago elkarlanarekin, idazleen lana beti baita bakartia, eta, batzuetan, monotonoa». Agirrek aurreratu du ikusleek parte hartzeko aukera izango dutela, eta, beraz, jendea «parte hartzeko gogoz» joan dadila espero du.

Estreinaldira bitarte, sare sozialetan bideo laburrak jarri ditu lantaldeak –Instagramen, @polux_xulop kontuan–, proiektuan parte hartu duten kideekin: «Publikoa berotzeko erabili nahi izan ditugu argitalpen horiek». Sormen digitaleko bekaren irabazleak izanda, sortzaileek zilegi ikusten zuten ikuskizunaren eduki batzuk sare sozialen bidez zabaltzea. Behin estreinaldia pasatuta, ikuskizunean proiektatzen diren bideoak zabaldu nahi dituzte. Sare sozialak baliatzeak jende gazteagoa erakarriko ote duen galdetuta, zera erantzun du Agirrek: «Hori da gure esperantza, baina auskalo!».

Oraingoz, gaurko saioaz gain, ez dago besterik programatuta. Hala ere, lantaldea antzoki gehiagotara joateko prest dagoela jakinarazi du Agirrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.