Sei hilabetean bitan izan da Izaro Andres musikaria (Mallabia, Bizkaia, 1993) Donostia ospitalean. Lehenengoan, erditzeko, maiatzean izan baitzuen lehenengo haurra. Bigarren aldia, berriz, duela aste batzuk izan zen, apendizitisa zela-eta ebakuntza egin baitzioten. Ospitalera egindako bigarren bisitak bete-betean harrapatu du Arkitektura diskoaren zuzenekoa prestatzeko lanetan. Izaro bera ez da lan egiteko moduan egon, baina haren lantaldeak aurrera jarraitu du: «Bulegoan lanak banatu dituzte, eta musikariak ni gabe ari dira entseatzen». Abenduaren 4an kaleratuko dute diskoa, eta urtarrilaren 23an hasiko dute bira, Irunen (Gipuzkoa). Dena prest egongo da ordurako.
Maiatzean erditu zinen, baina orain beste erditze baterako prestatzen ari zara. Arkitektura abenduaren 4an kaleratuko da. Zer moduz doa dena?
Ondo, orain gauza asko ditugu. Kuriosoa da, eta ez naiz jabetu orain gutxi arte: haurdun zazpi hilabete neramatzala grabatu nuen diskoa, eta haurrak zazpi hilabete dauzkanean aterako da. Polita iruditzen zait konparazioa egitea; zazpi hilabeteko epean zenbat aldatu den bizitza. Pila bat aldatu da, baina hunkituta eta gogoz nago diskoa ateratzeko.
Haurdun zeundela grabatu zenuen diskoa. Erraza izan al zen?
Logistikoki zaila izan zen. Haurdun geratu aurretik, bulegoan plan bat baino gehiago genituen jasota dokumentu batean: A plana, B plana, C plana, D plana... Haurdun noiz geratzen nintzen kontuan hartuta, plan bat edo bestea eramango genuen aurrera. Alde horretatik apur bat arraroa da haurdunaldi bat planeatzea, eta dena koadratu behar izatea. Denak oso ondo joan zen, zorionez.
Diskoko abesti gehienak idatzita neuzkan, bi izan ezik, zeren banekien bazitekeela haurdun geratzea edo ez geratzea. Diskoak bazeukan zentzua haurdun geratu gabe, baina haurdun egonda zentzu handiagoa hartzen zuen. Ahalik eta gehien aurreratu nahi izan nuen, ez nekien-eta zer haurdunaldi mota izango nuen. Hala ere, egia da oso haurdunaldi ona izan nuela. Haurdun grabatzea oso berezia izan zen, eta fisikoki oso desberdina. Muskuluak ez zeuden lehen bezala, birikak eta diafragma oso goian nituen; grabeak oso sakonak ateratzen zitzaizkidan, eta nota altuei ezin nien luzaroan eutsi. Uste dut disko honetan abestu dudala ondoen, zalantzarik gabe. Orain, erditu eta gero, zailagoa da.
Zergatik?
Ez dago inongo tentsiorik sabel aldean, eta abesteko zaila izaten da; berriro ikastearen parekoa da. Muskulatura landu beharko nuke, kirola egin, baina ez daukat denborarik. Zaila izaten ari da berriro kantatzen hastea. Hala ere, ari naiz martxa hartzen, baina oso desberdina da, gorputza aldatu egin da eta.
«Dena bizitzara irekita grabatu dugu. Oso interesgarria izan da: txoriak entzuten dira, zarata, 'akats' gisa hartu daitezkeen hotsak. Azken finean, bizitza dago hor»
Ama izanda zaila da dena kontrolpean edukitzea, baina zure lanbidean gauza asko izan behar dira kontrolpean. Erraza al da hori uztartzea?
Uste nuen ez genuela hain ondo lortuko, baina lortu dugu. Egia da haurdunaldian, ez dakit zergatik, dena lehenengoan irten zela. Erditze ostea nik uste nuen baino gogorragoa izan da, eta zaila izan da lanarekin nola uztartu asmatzea ere. Konturatu naiz kontziliazioa oso zaila dela, eta amatasuna eta gurasotasuna zeinen ezkutuan eramaten diren batzuetan. Ama izatea politikoa da, eta orain buelta asko ematen ari naiz horri.
Aipatu izan duzu ama izateak gelditzera behartzen zaituela.
Bai, eta ez du bat egiten gaur egungo munduarekin, ezta gaur egun gailentzen den sistemarekin ere. Horrek zalantza pila bat sortzen dizkit. Baina orain biko horretan bizi behar dugu. Orain asko irakurtzen ari naiz gai horren inguruan, eta neure buruari galdetu izan diot nola orain arte ez dudan ikusi hor atzean dagoen guztia.
Iruditzen zaizu orain desberdin egiten duzula lan, edo bestela, beste ikuspuntu batetik?
Uste dut baietz. Dena aldatu da, bizitzeko modua ere bai. Nik lehen neure burua asko zaindu behar izaten nuen dena aurrera atera ahal izateko; batez ere esposizio mediatikoari dagokionez. Gehien nekatzen nauen arloa da. Aurreko biran, oso ondo eraman nuen hori, baina orain, erditu ondoren, mentalki ez nago nire osotasunean. Elkarrizketak ematea ere kostatzen zait, pentsatzea. Dena da hain berria, eta mediatikoki itzuli behar dudan momentu batean gertatzen ari da, gainera. Fisikoki ere ez nago nire onenean. Zaurgarritasun horrekin berriro ere esposizio horretara ateratzeak bertigo pixka bat ematen dit.
Arkitektura deitu diozu disko berriari, baina sortutako iruditerian ez dituzu eraikinak eta zementu grisa irudikatzen; kontrara, natura da nagusi. Zer da arkitektura zuretzat?
Honekin guztiarekin hasi nintzenean, arkitekturaren inguruko liburuak erosi nituen. Denetan zutabeak, harriak eta horrelakoak agertzen ziren. Nik, liburu horiek irakurri, eta pentsatzen nuen: «Hau ez da nik behar dudana». Hori baino gordinagoa zen zerbait nahi nuen. Nik berdea imajinatzen nuen, beste kolore batzuk ere bai, baita loreak ere. Konturatu nintzen nire arkitektura naturaren arkitektura zela, eta hori zela bilatzen nuena. Zuhaitzen arkitektura, petaloen arkitektura, loreena... munduaren beraren arkitektura lantzen hasi nintzen. Sinbolikoki, gizarte baten arkitekturaren bila joan naiz.

Cerodenero diskoan (2023) barrura begiratu zenuen; orain, ordea, begirada aldatu duzu. Itxitzat ematen duzu Cerodenero-ko ibilbidea?
Bai. Oso disko egozentrikoa zen, eta ez dut negatiboki esaten; egoa zegoen erdigunean. Niretzako polita izan zen: sendatu nintzenean, begirada kanporantz ateratzen hasi zen. Cerodenero ni naizen hori da, eta Arkitektura, aldiz, ni ez naizen hori dena; kanpora begira idatzita dago, ez hainbeste Izaro den horretatik. Niretzat polita izan da hain kontenplatiboa izatea.
Zorua da kaleratu zenuen lehen singlea. Zoru bat eraikitzeko prozesua azaltzen duzu hartan, eta denaren oinarria da zorua; esan, zein da zure zorua?
Arkitektura imajinatzen nuenean, ez nuen sabairik imajinatzen. Egurrezko xafla bat irudikatzen nuen belardi batean, oso sustraiko zerbait zela iruditzen zitzaidan eta. Nire irudikapenean zorua denok komunean daukagun zerbait da.
Ingira-n damuaz hitz egiten duzu. Nondik sortu zitzaizun ideia?
Proiektu batekin hastean, neure burua zer izan daitekeen imajinatzen dut. Cerodenero-n, adibidez, alpinista bat nintzen; Easo-n, donostiar bat. Oraingoan, logikoki, arkitekto bat izan naiz. Arkitektoa bai, baina zerena? Gizarte gisa zerbait eraiki nahi bada, oso garrantzitsua iruditzen zait zertaz damutzen den islatzea. Norbere damuek definitzen gaituzte hein batean. Garrantzitsua zen damu horien zerrenda egitea, zerbait aldatu ahal izateko.
Damutik abiatuz eraiki daiteke egia, La verdad abestian diozun bezala.
Oso mundu polarizatuan bizi gara, eta poloetan bizi den jende horrek izugarrizko garrantzia ematen dio iritziari. Iritziak eta egiak desberdintzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Milioi bat iritzi izan ditzakegu, baina iritzi horiek ez dute mundu bat definitu behar. Adierazpen askatasunaren izenean oso diskurtso arriskutsuak zabaltzen dira. Kantu hau politikari batek telebistan egindako adierazpen baten harira dator. Esan zuen euskara desagertzea behar zuela, Euskal Herrira etortzean libre sentitu nahi zuelako. Hori telebista batean esan da. Beldurgarria da.
Norena da denbora da kaleratu duzuen azken abestia. Izatez, ez zen hori kaleratu behar zenutena. Zergatik aldaketa?
Ederto gaude deitzen den abesti bat kaleratu behar genuen joan den astean. Madrilen egon ginen entzute festa pribatu bat egiten, Norena da denbora zen jarri genituen abestietako bat, eta emanaldia bukatzean jende askok aipatu zidan abesti hori. Bulegoan hitz egin, eta erabaki genuen aldaketa egitea. Agian musikalki arriskatuena den kantua da. Haizezko hiru instrumentu, ahotsa eta koruak besterik ez daude. Oso biluzia da, ez hain poperoa.
«Milioi bat iritzi izan ditzakegu, baina iritzi horiek ez dute mundu bat definitu behar. Adierazpen askatasunaren izenean oso diskurtso arriskutsuak zabaltzen dira»
Musikariak aipatu dituzu, eta Ingira-ren bideoklipean makina bat musikari agertzen dira zure inguruan. Ondo inguratuta zaude.
Beti hauxe pentsatzen dut: «hurrengo diskoa sinpleago egingo dut», baina ezin dut. Roy Borland ekoizlearekin egin dugu lan, eta oso interesgarria izan da, askatasun handiko sormen prozesua. Prozesuaren hasieran, neure buruari sekula egin gabeak nizkion galderak egin zizkidan, adibidez: «Disko hau zer da, fikzioa edo dokumentala?». Cerodenero-k fikziora jotzen zuen gehiago, soinuak elektronikoagoak ziren. Oraingoan dokumentalera jo nahi nuen, egia bilatze horretan. Borlandek esan zidan: «Bizitza bada grabatu nahi duzuna, ez dezagun ezer grabatu intsonorizatuta dauden lekuetan». Dena bizitzara irekita grabatu dugu. Oso interesgarria izan da: txoriak entzuten dira, zarata, akats gisa hartu daitezkeen hotsak. Azken finean, bizitza dago hor.
Urtarrilaren 23an hasiko duzue bira, Irungo Ficoban. Ez da kontzertu arrunta izango, eta ikusleak kontzertuko atrezzoa egiteko aukera izango du, adibidez.
Zerbait desberdina egin nahi genuen bira konbentzionala hasi aurretik. Asko gustatzen zait publikoarekin gauzak egitea; izan ere, iruditzen zait kontzertu bat 50 eta 50 dela. Publikoa sartu nahi nuen ikuskizunean, bira eraikitzeko lanaren parte sentitzea. Om diskoa [2016] publikoari esker atera nuen, finantzaketa kolektiboaren bitartez. Arkitektura ahalik eta komunitarioena izatea nahi nuen. Zenbat eta publiko gehiago, orduan eta zailagoa da zerbait komunitarioa egitea, baina nik saiatu nahi nuen.
Ia urtebeteko bira duzu aurretik. Euskal Herrian eta Europako beste herrialde batzuetan ariko zara. Ez da lan makala.
Ia urtebeteko bira daukagu itxita, baina luzeagoa izango da. Bertigo pixka bat ematen du, orain dena beste modu batera antolatu behar da eta. Alde horretatik, lasai nago nire lan taldearekin, baita bikotekidearekin ere. Badakit lortuko dugula. Esan beharra daukat errepasatzen ibili naizela zein artistek dituzten umeak, eta nola egiten dituzten birak; jendea halakoak egiten ikusteak lasaitu egiten nau.