Arkitektura protagonista izango da hurrengo asteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan. Gazteluak airean, edo utopia gaur nola eraiki lelopean emango diote hasiera Mugak Euskadiko Arkitektura Bienalaren bosgarren aldiari, eta gaurtik azaroaren 14ra bitarte egingo dute. Lesley Lokko arkitekto, idazle eta aktibista ghanatar-eskoziarrak emango dio hasiera biurtekoaren egitarauari inaugurazio hitzaldi batekin. Gaur izango da, 18:00etan, Donostiako Kursaal jauregian, eta doako sarrerak eskuragarri daude.
Utopiak izango dira aurtengo ardatz nagusiak. Maria Arana Bienalaren komisarioak honela adierazi du aldi honetan zer transmititu nahi izan duten: «Bienal honek zera proposatzen du: utopiek munduaren bilakaera agertoki desiragarriagoetara gidatzeko eta moldatzeko gaitasuna dutela. Krisiz beteriko egungo munduan, aldaketa azkartuko duten tresna eraikitzaile gisa erabiltzeko da. Horrela, arkitekturatik hausnarketarako gune bat sortu nahi da, bizi nahi dugun etorkizun hobe bati begira jarriz».
Erakusketa nagusia Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuan egongo da, Eu-topĂas, Ou-topĂas izenburupean. Aranak azaldu duenez, Lewis Mumford historialariaren Utopien historia liburuari egiten dio erreferentzia, eta bi utopia mota deskribatzen ditu: «Ihes egiteko utopiak, egungo errealitatetik ihes egin nahi dutenak, eta birsortzaileak, errealitatea aldatu nahi dutenak». Hala ere, gehitu du «funtsezko» arrisku batez ere ohartarazten duela: «Utopia bat gauzatzen denean, haren kontrakoa bihur daiteke».
«Erakusketa ez da dokumental bat, ezta artxibo bat ere. Utopiaren ahalmen sortzaileari buruzkoa da, haren izaera elusiboari edo ihesbideari buruzkoa, baina baita haren gaitasun birsortzaile eta berreraikitzaileari buruzkoa ere. Hausnartzeko gune bat da». Halaxe definitu du Aranak Eu-topĂas, Ou-topĂas erakusketa. Nazioarteko artista eta arkitektoen hamabi lan biltzen ditu, eta honako hauek dira izenetako batzuk: Constant Nieuwenhuys, John Porral, Txuspo Poyo, Aristide Antonas, Peter Cook, David Brown, Richard Sennett, Juno Calypso eta Rem Koolhaas.
Lokko protagonista nagusia
Eu-topĂas, Ou-topĂas erakusketaren sortzaileetako bat da Lokko, eta, Aranaren ustez, arkitektura garaikideko ahots garrantzitsuenetako bat. Johannesburgoko Arkitektura Eskolaren eta Akkrako AFI African Futures Instituteren sortzailea da. Komisarioak azaldu du Lokkok Afrikako arkitekturaren irakaskuntzan eraldaketa «sakona» bultzatu duela erakunde horietatik: «AFIren bidez, zalantzan jarri du Afrikaren erabilera historikoa Mendebaldeko proiekzio utopikoen lurralde gisa, eta, hala, kontinentea sormenaren eta pentsamendu globalaren motor gisa kokatu».
2023ko Veneziako Bienaleko komisariotzan, Lokkok logika kolonial tradizionalen aurka egin zuen, eta, 2024an, RIBA Arkitekto Britainiarren Errege Institutuak banatzen duen saria jaso zuen lehen emakume afrikarra izan zen; Urrezko Errege Medaila, hain zuzen.
African Futures Institutek planetaren arazo konplexuenei aurre egiteko gai den pentsamendu bat sustatu nahi du, eta afrikar sormena eraldaketarako motor gisa kokatu. Komisarioak azaldu du kontinentetik bertatik «etorkizun afrikarrak irudikatzeko» plataforma gisa funtzionatzen duela, eta modu horretan zenbait gai jorratu daitezkeela: deskolonizazioa, klima aldaketa, migrazioak eta justizia soziala, besteak beste.
Hiriburuak arkitekturaz blai
Erakusketa nagusiaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetako plaza «enblematikoenetan» arkitekturaz gozatzeko aukera ere egongo da. Urriaren 10etik aurrera, Izaskun Chinchilla Architects estudioak Donostiako Alderdi Eder jantziko du La Verdad y denuncia: el bordado como utopĂa en femenino erakusketak. Bilboko Emakumeen plazan, urriaren 17an, Etxenoi lana inauguratuko dute, AMA arkitektura bulegoaren proposamen irabazlea. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, berriz, urriaren 23tik aurrera, UtopĂa: prohibido el paso Sebastian Bayo arkitektoaren lana egongo da ikusgai, plaza bitan banatuko duen horma.
Horrez gainera, hirietako beste hainbat txokotan arkitektura nonahi topatzeko aukera ere egongo da. Donostiako DBus markesinetan, esaterako, Santos Bregañaren UcronĂas de San SebastiĂ¡n lana ikusi ahal izango da. Autobuseko itxaronaldia entretenigarria egiteko, akaso. Txillida Leku da artearen eta arkitekturaren gune nagusietako bat, eta, nola ez, Arkitektura Bienalak ere bertan izango du isla. Txillida Lekuk aurten Limina - Cosmopolitan Chicken Project 30 proiektua antolatuko du, urriaren 16tik aurrera. Kultura aniztasuna izango du ardatz, eta publikoa «ohiko erakusketa ibilbidetik irtetera» gonbidatuko duela azaldu du komisarioak.