Zinema estreinaldiak

Arrailez jositako maskara

'You Can See Everything' dokumentalean Elizabeth Holmes enpresariaren irudia aztertzen dute Nathan Fielder eta Lance Oppenheim zuzendariek. Estreinaldi berezia izango da Hego Euskal Herrian, bihar.

'You Can See Everything' filmaren irudi bat.
'You Can See Everything' filmaren irudi bat.
itsaso jauregi 2
2026ko azaroaren 25a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elizabeth Holmesek Theranos izeneko enpresa sortu zuen 2003an, 19 urte besterik ez zuela. Enpresa berritzaile horri esker aberastu egin zen, baina, 30 urte eskasekin dena galdu, eta kartzelan dago orain, iruzurragatik. Silicon Valleyko enpresa eskandalurik handienetako bat izan zen, eta Nathan Fielderrek eta Lance Oppenheimek horixe bera izan dute abiapuntu You Can See Everything dokumentalean.

Theranos —ingelesezko therapy eta diagnosis hitzen arteko nahasketa, hau da, terapia eta diagnostiko-rena— Silicon Valleyko start-up bat izan zen. Holmesek uste zuen medikuntza gotik behera aldatuko zuela, eta hauxe zen haren ideia: odol lagin txiki batekin eta makina iraultzaile txiki bati esker, denbora gutxian paziente baten osasun arazo guztiak detektatu eta haren heriotza atzeratzea. 3.000 dolar inbertitu ondoren, Holmesek eta Ramesh Balwani haren bazkideak —Sunny ezizenez ezaguna— inbertitzaile garrantzitsuen babesa lortu zuten berehala, eta 9.000 milioi dolarreko balioa zuen enpresa bat garatu.

Baina enpresaren teknologiak ez zuen ongi funtzionatzen, eta datu faltsuak sortzen zituzten emaitza onak lortu ahal izateko. Bete gabeko promesen, engainuen, langileen salaketen eta iruzurren ondoren, enpresa hondoratuz joan zen poliki-poliki. Epaiketa luze baten ondoren, 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten enpresaburuari, eta 2023ko maiatzean sartu zen kartzelan. Beti esan du errugabea dela. Baina Holmesek nahita esaten du gezurra, ala azkenean bere kontakizuna sinesten du?

Pertsona edo pertsonaia al da Holmes? Berak edo hedabideek sortua? Holmes misterio bat da, ez sinestekoa, eta galdera ugari piztu dira urteen joanean hari buruz. Zigorra betetzeko espetxean sartu baino 34 egun lehenago, Holmesek zinemagile talde bat gonbidatu zuen bere bizitza dokumentatzera. Hasieran, gertaeren bere bertsioa azaltzea zuen asmoa, baina, azkenean, proiektua askoz ere esperientzia nahasgarriagoa bihurtu da; filmaketak hiru urte iraun du.

You Can See Everything Nathan Fielder Kanadako aktore eta zuzendariak —The Rehearsal eta The Curse telesailen sortzaileak— eta Lance Oppenheimek zuzendu dute. Fielder dokumentalean agertzen da, eta lotura bat sortzen da haren eta enpresariaren artean; bi izaki arrotz, tarteka elkar ulertzen dutenak eta beste batzuetan guztiz kontrajarriak direnak. Halaber, zuzendariak galdera deserosoak egiten dizkie Holmesi eta haren senarrari: dirua, sexua, erruduntasuna, bikote harremana eta lege kontua aipatzen dira, besteak beste, Holmesen maskara pixka bat arrailtzeko asmoz.

Aurrestreinaldi berezia izanen da bihar Hego Euskal Herriko aretoetan, eta estreinaldi orokorra, berriz, abenduaren 25etik aurrera.

'you can see everything'

Zuzendariak: Nathan Fielder eta Lance Oppenheim. Aktoreak: Nathan Fielder eta Elizabeth Holmes. Argazkia: David Bolen. Musika: Ari Balouzian. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2026. Iraupena: 174 minutu. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Hego Euskal Herrian, aurrestreinaldia azaroaren 26an. Estreinaldi orokorra, abenduaren 25tik aurrera Euskal Herrian. 

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17954217872405) Hermanas
'Hermanas' filmeko irudi bat. 

'hermanas'

Zuzendaria eta gidoilaria: Ione Hernandez Saenz. Aktoreak: Elena Anaya, Emma Suarez, Carlota Keiko, Leon Martinez, Josean Bengoetxea, Aritz Kortabarria, Nora Otxoteko. Argazkia: Diego Dussuel. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 102 minutu. Herrialdea: Euskal Herria eta Espainia.

Chelo eta Marta ahizpak dira. Ustekabeko gertaera batek familiaren oinarriak astinduko ditu, eta iraganeko mamuak piztu. Ahizpen arteko loturak hautsezina zirudien, baina dilema mingarri bati aurre egitera behartuta daude: gehien maite duten hori babesteko gai izango dira, nahiz eta horrek familiaren zati batekin duten lotura haustea dakarren?

'the weight'

Zuzendaria: Padraic McKinley. Gidoilariak: Matt Booi, Matthew Chapman eta Shelby Gaines. Aktoreak: Ethan Hawke, Russell Crowe, Julia Jones, Austin Amelio, Avi Nash, Sam Hazeldine, Lucas Lynggaard. Argazkia: Matteo Cocco. Musika: Latham Gaines eta Shelby Gaines. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 115 minutu. Herrialdea: Alemania.

Oregon (AEB), 1933. Samuel Murphy lan esparru batera bidaliko dute alabarengandik banandu eta gero. Egun batean, Clancy alkaideak lan esparrutik alde egiteko aukera eskainiko dio Murphyri; horretarako, baina urrea pasatu beharko du kontrabandoan, bide arriskutsu batean zehar. Baietz esaten badu, Murphyk berriz ikusiko du alaba. 

'hexed'

Zuzendariak: Fawn Veerasunthorn, Jason Hand eta Josie Trinidad. Gidoilariak: Jared Bush eta Dana Ledoux Miller. Aktoreak: Hailee Steinfeld, Rashida Jones, Jodie Foster, Walton Goggins, Tracey Ullman, Stephen Fry. Konpainia: Walt Disney Animation Studios. Generoa: Animazioa eta abentura. Urtea: 2026. Iraupena: 103 minutu. Herrialdea: AEB.

Billie nerabe oldarkor eta ez oso konbentzionala da. Ustekabean, botere magiko batzuk agerraraziko ditu, eta Hexe izeneko erresuma magikora iritsiko da egun batetik bestera. Billiek, bidean aurrera egin ahala, familiaren misterioak deskubrituko ditu, zeinek sorginen mundu magikoa betiko alda dezaketen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA