begona del teso
Eppur si muove

Arraina. Balea. Leviatan. Whale. Hval. Ching…

2026ko urriaren 30a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahab. Moby Dick. Ismael. Queequeg. Joannes Zuhigaraitxipi. Pequod. Nao San Juan. Martin Villafranca. L'Aventureuse. Justin Hiriart. Pedro Agirre. Esteban Telleria. Rachel. Nemo kapitaina. Ramiro Pinillak bere euskal kosmogonia itsasokoan asmaturiko, amestutako baskardotarrak. Garzeako Toda anderea, agotak, errioko bokalean zegoen balea erraldoien mintegia, Jonas. Moby Dick haziak (kalamu barietate ikoniko-ikonikoa, ikonikoenetarikoa). Pinotxo eta Geppetto. Bette Davis eta Lillian Gish Whales of August filmean. 1878an ehizaturiko Eubalaena glacialis haren hezurdura, Donostiako Aquariumean dagoena. 2012an Kontxan hil zenarena, Zubieta auzoan lurperatua...

«Jaunak arrain handi bat bidali zuen Jonas irensteko. Eta hiru egun eta hiru gau igaro zituen Jonasek arrainaren sabelean. Arrain sabeletik otoitz egin zion Jaunari, bere Jainkoari [...] Orduan Jonas lehorrera botatzeko agindu zion Jaunak arrainari».

«Esadazu Ismael. Duela urte batzuk —berdin dio zenbat denbora zehazki—, poltsan diru gutxi edo batere gabe eta lehorrean bereziki interesatzen ninduen ezer gabe nengoela, pentsatu nuen itsasora ateratzea eta munduko ur-bazterrak ikustea. Tristurari ihes egiteko eta zirkulazioa erregulatzeko dudan modua da».

«Ahoa samintasunez betetzen zaidala sumatzen dudanean; nire ariman azaro goibel eta euritsu bat sentitzen dudanean; hilkutxen biltegien aurrean nahigabe gelditzen naizela eta topo egiten dudan hileta bakoitzari jarraitzeko gogoa dudanean; eta, batez ere, nire hipokondriak nire gainetik jabetzen direnean, hainbesteraino non printzipio moral sendo bati eutsi behar baitiot kalera irten eta jendeari kapelak burutik nahita ez kentzeko, orduan iruditzen zait itsasoratzeko garaia dela lehenbailehen». Herman Melville, Moby Dick. Juan Garziak euskarara ekarria eta Balea Zuria izeneko argitaletxe markaz gaindikoak plazaratua.

«Baina beranduegi zen! Munstroak harrapatu egin zuen: arrautza bati zurrut egingo liokeen bezalaxe irentsi zuen txotxongilo gizajoa arnasaldi betean. Marrazoak halako antsiaz eta indarrez irentsi zuen non Pinotxok, haren gorputz barrura erortzean kolpe izugarria hartu, eta konorterik gabe pasatu baitzuen egun erdia». Arrain handiak Collodik sortutako Pinotxo egurrezko panpina irensten duenekoa. Irentsiko du gero Geppetto ere. Ba al dute salbaziorik? Bai! Barruan daudela, sua piztuko dute, eztulka hasiko da munstroa, eta biak itsasora botako ditu.

Suarena ez zen batere ideia txarra. Antzeko zerbait egingo du artikulu hau eragin duen Whalefall izenburuko film oneko pertsonaiak. Aita hil zitzaion baleen artean. Ez zuten aurkitu itsasoaren sakonean. Maite zituen aitak itsasoko izaki guztiak. Ederki ezagutu ere bai. Semea bera baino askoz hobeto. Penaz, damuz, inkurioz beterik sartuko da mutila ur azpian, gorpuzkiak, hezurrak aurkitu nahian.

Pinotxo nola, Geppetto nola, Jonas nola, Leviatanek irentsiko du. Pelikula osoa emango dugu balearen barruan, bizirik irauteko ahalegin zoroetan. Birika, bihotz, gibel, tripen artean. Taupada bakoitzak eztanda egiten digu belarrietan, baita hezur-mamian ere. Mihian zehar saiatzen gara ihes egiten... Ezin. Derrepentean, munstroaren gorputzak sortutako metanoaz akordatuko gara. Baleak pilak ere irentsi ditu. Leherketa bat probokatzeko adina material dugu.

Zinemaren teknika, zinemaren magia eta zientziaren baliabideak ausart eta egoki erabiliz, 'Whalefall' bada itsasoko animalia handiena maite dugunok ikusi beharreko pelikula

Zinemaren teknika, zinemaren magia eta zientziaren baliabideak ausart eta egoki erabiliz, Whalefall bada itsasoko animalia handiena maite dugunok ikusi beharreko pelikula. Ez pentsa, balearen eroria honek badu esperantza mezu bat. Horietako bat hiltzen denean, hamaika mikrokosmos agertzen dira haren hezurretatik, haren erraietatik, haren organo guztietatik. Oroipenak ere iraun egiten du. Lerro hauetan aipaturiko marinel, itsasontzi, liburu, pelikula, ipuin, misterio, kondaira, asmakeria orok bezala.

'Whalefall' filmeko irudi bat.
Whalefall filmeko irudi bat.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA