KRITIKA. Literatura

Arrakastaren bidegurutzean

2024ko urtarrilaren 14a
05:05
Entzun

'arrakasta'

Egilea. Jasone Osoro.  Argitaletxea. Elkar.

Arrakasta. Horren kontzeptu erabilia eta ezaguna denon ahotan, baina horren kontzeptu zaila definitzen eta zehazten. Zer da egiazki arrakasta? Eta arrakastatsua izatea? Gauza bera al dira? Izan dezakegu arrakastarik arrakastatsuak izan barik? Eta arrakastatsuak izan arrakasta barik? Arrakastak zoriontasuna al dakar? Zerk definitzen du arrakasta? Geruza asko biltzen dituen hitza da inondik ere, Jasone Osoro idazle eta kazetariak Arrakasta liburuan horren ondo aletzen duena. Ez bereziki definizio zehatz eta zurrun bat ematen duelako; kontrara, hizpide dugun kontzeptuaren konplexutasuna agerian uzten eta galderak ekartzen dizkigulako, perspektibak. Izan ere, askotariko arlotan diharduten hamaika sortzaileren hitzak jasotzen ditu autoreak orriz orri, guztiek ere bat bera izanda mintzagaia: zer da arrakasta? Galdera horren eta gorago ekarri ditudan beste hainbaten inguruan jarri ditu berbetan autoreak Joxemari Agirretxe Porrotx, Eneko Atxa, Izaro Andres, Harkaitz Cano, Eva Domingo, Maider Egues, Jon Garaño, Aizpea Goenaga, Markel Irizar, Itziar Ituño eta Gorka Urbizu.

Egiturak bat egiten du, nire ustez, autoreak arrakastaz erakutsi nahi duen perspektibarekin: Osororen hitzetan, arrakasta, besteak beste, «ibilbide luzeko bidaia» bat baita, zeinetan, ezinbestean, haurtzaroak ez ezik, bizitzako une, jende, iritzi, porrot, dohain, lan eta beste hainbat (kanpo- zein barne-) faktorek ere baldintzatzen duten. Eta, arrakasta nola, liburua bera ere une horretan hasten da: artista horien haurtzaroan. Zortzi kapitulutan zehar, euren lehendabiziko oroitzapen horietatik hasita, bakoitzaren arrakasta subjektibo eta pertsonalizatuak izan eta hartu duen bidea erakutsiko digute banan-banan. Hitzok biltzeko Osorok fragmentarizazioaren aldeko hautua egin du, ez baitakartza elkarrizketatu bakoitzaren aitortzak hasi eta buka, bat beste baten atzetik; artista bakoitza ezagutzeko, kapitulu guztietatik pasatu eta liburu guztia ezagutu beharko du irakurleak, saltoka eta dosifikaturik agertzen baitira euren bizitzak. Elkarrizketen estratifikazioak arintasuna eta bizitasuna ematen diote obrari, baina, horrenbeste izen eta saltorekin, irakurleak galtzeko arriskua ere izan dezake.

Edonola ere, ez dago dudarik Osorok trebezia handiz eta mimoz lotu dituela atalak, eta obrak baduela bertuterik, hortaz, ez bakarrik gaiaren interesean, baita ekartzeko moduan ere: maiz filosofo, aditu, soziologo, idazle, zinemagile eta beste askoren hitzek eta aipamenek eraman dute idazlea elkarrizketatuen diskurtsoa bata bestearekin lotzera. Beste batzuetan, berriz, idazlearen beraren ahotsak eta esperientziak eraman dute horretara, esan bezala, liburua ez baita ohiko galde-erantzun katea, idazleak ere badu presentziarik bertan subjektu gisa, badu ahotsik eta lekurik, besteena tapatu barik, noski. Eta uste dut azken ezaugarri hori dela gainontzeko elkarrizketa-liburuetatik ezberdinduko duen alderdia, obraren arrakasta: kanpoko begiradak ez ezik, kasu honetan, barnekoak ere ematen dio obrari kategorizazio hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.