Musika

Arriagaren lanik ahaztuenak taularatuko dituzte Bilbon, haren heriotzaren bigarren mendeurrenean

Urtarrilaren 17an, urteurrenaren egunean bertan, La Ritirata orkestrak kontzertua emango du Bilboko Arriaga antzokian. Horrez gainera, antzerkia eta musika uztartuko dituzten bisita gidatuak ere antolatuko dituzte.

Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen omenaldi zikloaren aurkezpena, Bilbon. ARRIAGA ANTZOKIA
Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen omenezko zikloaren aurkezpena, Bilbon. ARRIAGA ANTZOKIA
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko azaroaren 17a
14:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Erabateko jenioa izan zen». Josetxu Obregon biolontxelo jotzaile eta La Ritirata orkestrako zuzendariaren hitzetan, zalantzagabea da Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen maisutasuna. 1806an jaio zen Bilboko Somera kalean, eta hogei urte betetzeko hamar egun baino falta ez zituela hil zen, Parisen, 1926ko urtarrilaren 17an. Bizialdi labur horretan sortutako musikak, ordea, ezin biziago jarraitzen du bi mende geroago ere, eta Bilboko Arriaga antzokiak haren omenez antolatutako programa bikoitza da horren adibide.

Alde batetik, konpositorearen obrarik ezezagunenak biltzen dituen kontzertua emango du La Ritirata orkestrak, urtarrilaren 17an, hain justu. Eta, bestetik, antzerkia eta musika uztartuko dituzten hiruna ibilaldi gidatu egingo dituzte urtarrilaren 10ean eta 24an eta otsailaren lehenean. Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria antzezleek eta Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioko ikasleek hartuko dute parte bertan. Salgai dira jadanik kontzerturako sarrerak, eta bihar jarriko dituzte eskuragarri bisitetakoak.

La Ritirata orkestrak grabatutako Arriagaren piezetako bat.

Duela hamazazpi urte jarri zuten abian La Ritirata, eta interpretazio historikoak egin dituzte beti, Obregonek zehaztu duenez. Pieza historikoak jotzeaz gainera, garaiko musika tresnak baliatzen dituzte horretarako. Azaldu duenez, musika barrokoa jo ohi dute nagusiki, baina klasizismoko piezak ere interpretatzen dituzte, eta, esate baterako, disko oso bat ere grabatu zuten hari laukoteetarako Arriagaren lanekin: Juan Crisostomo Arriaga. The Complete String Quartets on Period Instruments. Obregonek, beraz, sakon ezagutzen du konpositorea, horregatik erabili du «jenio» hitza hura deskribatzeko: «Inork ez du zalantzan jartzen erabateko jenioa izan zenik. Harrigarria da zer-nolako musika konposatu zuen. Duela urte batzuk grabatu genituen haren hari laukoteetarako konposizioak, eta izugarrizkoak dira. Neurriz kanpokoak, eta ikaragarriak dira iritsi zaizkigun haren lan sinfonikoak ere».

«Inork ez du zalantzan jartzen erabateko jenioa izan zenik. Harrigarria da zer-nolako musika konposatu zuen»

JOSETXU OBREGON La Ritirata orkestrako zuzendaria

Oraingoan, konpositorearen lanik ezezagunenak taularatzea izango dute erronka, eta hiru kantari ere izango dituzte ondoan horretarako: Juan Antonio Sanabria eta Diego Blazquez tenorrak, eta Fernando Ferrand Albrich baritonoa.

Stabat Mater izeneko kantu erlijiosoa izango da interpretatuko duten piezetako bat. Parisko Musika eta Deklamazioaren Errege Eskolan ikasten ari zela sortu zuen Arriagak, eta «maisulantzat» jo zuen Luigi Cherubinik, ikastetxeko zuzendari zenak. Eta, hain justu ere, Cherubinik Arriagaren instrumentazioa eta lana oinarri hartuz sortutako O Salutaris Hostia pieza ere eskainiko dute. Obregon: «Arriaga izan zen Cherubiniren ikasle kuttunenetako bat, eta hura hil eta urtebete eskasera sortu zuen pieza hori, hark erabilitako tresna eta testu berberak erabilita. Nire ustez, omenaldi edo errespetu keinu bat baino ezin da izan hori. Oso pieza ederra da, baina inoiz gutxi taularatzen da». 

Baina Arriagaren lanak ez ezik, haren garaikide izandako Luigi Boccherini musikagile italiarraren lanak ere joko dituzte. Zehazki, Opus 12 lana osatzen duten sei sinfonietako bi joko dituzte, eta haien bidez euskal konpositoreak ezagututako testuingurua ere taularatu asmo dutela adierazi du orkestra zuzendariak.

Bisita gidatu modukoak

Ibilaldi teatralizatu eta musikatuek osatuko dute Arriaga antzokiak antolatutako programaren beste adarra. Arriaga antzokian bertan egingo dituzte bisita horiek, eta, iragarri dutenez, bisitariek normalean ikusi ohi ez dituzten hainbat gune ere ezagutu ahalko dituzte. Tartean, baita agertokia eta kamerinoak ere. Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri aktoreek prestatu dituzte ibilaldi horiek, eta «oso dibertigarriak» izango direla aurreratu dute. Euskaraz eta gazteleraz mintzatuko dira aktoreak, eta publikoarekin hartu-eman zuzenean arituko direla ere zehaztu dute. «Bisita gidatuen antza izango dute, baina ez dira bisita gidatuak izango».

Antzerkia ez ezik, gainera, musika ere izango dute saio horiek. Hainbat geldialdi izango ditu ibilaldiak, eta Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioko ikasleek Arriagaren hainbat pieza joko dituzte tarte horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.