Arriagaren «laugarren hari kuartetoa» sortu dute

Bilboko Arte Ederren Museoaren handitze lanen aurkezpenaren harira, Juan Crisostomo Arriagaren omenezko 'Lau Agravitas' kontzertua konposatu dute. Gaur eta urriaren 5ean joko dute hari kuartetoa, behin betiko irekierarekin bat eginez.

'Lau Agravitas' konposizioaren egileak gaurko aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
'Lau Agravitas' konposizioaren egileak gaurko aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko ekainaren 24a
14:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Arte Ederren Museoaren handitze lana arkitekturatik eta eraikin berritik harago doa. Hari horretatik tiraka heldu da Juan Crisostomo Arriagaren omenezko Lau Agravitas kontzertua. Museoak lau konpositore elkartu ditu lau pieza sortzeko duela berrehun urte jaio zen Bilboko musikariaren eta Arte Ederren Museoaren eraldaketaren inguruan. «Jotzera ohituta dauden Euskal Herriko lau musikari hauek sorkuntza prozesu batean murgildu nahi izan ditugu», adierazi dute museoko arduradunek.

Izenaren parte den zenbakiak ez dio soilik erreferentzia egiten kontzertuan egongo diren musika tresnei, ezta sortutako piezei edota sortzaileei ere. Zenbaki hori zuzenean dago lotuta Arriagarekin. Izan ere, musikariaren lanik garrantzitsuenak hari kuartetoak dira, eta hiru idatzi zituen. Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Iñigo Alberdi da omenezko kontzertuaren komisarioa, eta keinua egin dio ideia horri: «Arriaga oso gazte hil zenez, soilik hiru hari kuarteto idatzi ahal izan zituen. Aurkeztutako hau haren laugarrena izan zitekeela pentsatzea gustuko dugu».

Hari kuarteto bat konposatzeak duen zailtasuna azpimarratu du Alberdik Bilboko Arte Ederren Museoan egin duten prentsaurrekoan; «oso kondentsatua, oso purua» dela esan du gainera. Horiek horrela, lau artisten lana goraipatu du, zailtasun horri aurre egiteko gai izan direlako. Konposizioa lau obra independentez osaturik dago, baina denek dituzte ildo komun bi. Alde batetik, Arriaga omentzeko lana denez, haren musikarekin dute harremana; eta, bestetik, museoaren obrak izan dira haien bigarren inspirazio iturria.

Bi ideia horiek uztartuta «zuhaitz baten antzeko» hari kuartetoa osatu dute Gabriel Erkorekak, Javier Quislantek, Zuriñe F. Gerenabarrenak eta Isabel Urrutiak. Pieza bana konposatu dute: Lurra, Zerua, Liber eta Sustraiak, hurrenez hurren. A letrak berebiziko garrantzia izan du lau konposizioetan, «Agravitas eta Arriaga» lotzen baititu, Alberdiren arabera. Hori dela eta, la notak presentzia nabaria izango du gaur aurkeztu duten musikan. Izan ere, a letraren baliokidea da nota hori.

Filarmonikoaren ostean, lugorria

Gaur ariko dira lau musikariak konposizioa publikoari lehen aldiz erakusten: Bilboko Elkarte Filarmonikoan izango da kontzertua, 20:00etan. Baina ez da hari laukotea entzuteko egongo den aukera bakarra; horretarako, ordea, hilabete batzuk itxaron beharko da. Izan ere, Arriagaren omenez osatutako konposizioak museoaren handitze eta berritze lanen bide bera egingo du. Gaurko erakustaldiaren ostean ez dute berriz joko urriaren 5a arte. Hala baieztatu du Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Baina ez diote uko egin gerora beste emanaldiren bat egiteari.

Konposizioa museoaren berritze lanekin batera ibilbidea egitea ez da ausazko erabaki bat izan, izenean islatu duten ideia bat baizik. Izan ere, Agravitas Bilboko Arte Ederren Museoaren handitzean Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek egin duten eraikinaren izena ere bada. Eraikin hori museoaren hirugarrena izango da, eta 1945eko eta 1970eko eraikinak lotuko ditu, Arriaga atariaren bitartez. Gaur aurkeztutako musikarekin gertatu legez, eraikin berrian ere musikari bilbotarra jarri dute erdigunean.

Handitze lan horiek astelehenean aurkeztu zituzten, eta publiko orokorrak gaur du aukera atari berria bisitatzeko. Izan ere, 20:00ak arte ateak irekita egongo dira, nahi duenak bisita dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA