Arte eszenikoak

Arte eszenikoak «duintzeko» gune bat zabalduko dute Gasteizen: Inopia Kebek

Pez Limbo konpainiak sortu du, eta egoitza artistikoak egiteko erabili nahi dute. Sorkuntza prozesuaren azken fasean lanean ari diren konpainiak hartuko dituzte batez ere.

Susana Mozas, Eduardo Hernando eta Ariadna Murgialdai, Inopia Kebek gunean. RAUL BOGAJO / FOKU
Susana Mozas, Eduardo Hernando eta Ariadna Murgialdai, Inopia Kebek gunean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko apirilaren 17a
14:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pez Limbo antzerki konpainiak arte eszenikoak «duintzeko» eta sorkuntza bultzatzeko gune bat irekiko du Gasteizen: Inopia Kebek. Batez ere egoitza artistikoetarako gune bat izango da, baina «noizbehinka» emanaldi irekiak eta jaialdi txikiak ere antolatuko dituzte. Errota auzoan dago lokala, eta asteazkenean inauguratuko dute.

Proiektuaren izenak berak laburbiltzen du leku horren filosofia, Eduardo Hernando Pez Limboko zuzendari eta gunearen arduradunak azaldu duenez. Inopia erdarazko hitzak «ezjakintasun egoera erabatekoa» adierazten du, eta, ideia horrek, arte eszenikoetara eramanda, badu zentzua, «paper zuri bat abiapuntu bikaina izaten da-eta sortzeko». Kebek, bestalde, Kultura Eszenikoa Bultzatzeko Espazio Kreatiboaren akronimoa da, eta gunearen xedea ezin hobeto definitzen du, Hernandoren esanetan. Izan ere, gunea irekita egongo da antzerki konpainientzat, bereziki sorkuntza prozesuen azken fasean lan egiteko behar teknikoak dituztenentzat.

Laurogei lagun har ditzake aretoak, eta sormen prozesurako baliabideak ditu: leku zabala eta garbia da, argiztapen eszeniko «egokia» du, eta kamerinoak ere bai, besteak beste. Bi urteko lanaren emaitza da gunea: «Ez da erraza izan hona iristea; nekatuta gaude, baina ilusio handiz». Proiektua martxan jartzeko, Europako Next Generation funtsen bidezko laguntzak jaso dituzte, eta baita Arabako Foru Aldundiaren babesa ere lehen urteko gastuei aurre egiteko.

«Ez dugu sustatuko baldintza duinik gabe lan egitea; helburua da etortzen den orok dagokion ordaina jasotzea bere lanagatik»

EDUARDO HERNANDOPez Limbo konpainiako zuzendaria

Aurrera begira ere izan nahi dute erakundeen babesa, helburua baita arte eszenikoak «duinago» bilakatzea, Hernandok esplikatu duenez. «Ez dugu sustatuko baldintza duinik gabe lan egitea; helburua da etortzen den orok dagokion ordaina jasotzea bere lanagatik. Horretarako, ezinbestekoa da baliabide ekonomikoak lortzea».

Aretoak asteazkenean irekiko ditu ateak ofizialki, eta sektoreko eragileak eta erakundeak gonbidatu dituzte inauguraziora. Hala ere, dagoeneko hainbat konpainiak erabili dute gunea —besteak beste, Pez Limbok berak, Algo muy tocho azken lana sortzeko—. Hain zuzen ere, asteazkeneko inaugurazioan taularatuko du Pez Limbok antzezlan hori, eta baita bere ibilbideko lehen lana ere, Tripaki salda.

Errotan, sare sendoa

Inopia Kebek gunea Gasteizko Errota auzoan egotea ez da kasualitatea. Hernandok azpimarratu duenez, kultur dinamika «interesgarria» garatzen ari da azken urteotan auzoan, hainbat gune independentek bultzatuta: auzo horretan daude, besteak beste, Jimmy Jazz aretoa, Orbain elkartea, Baratza aretoa, Artea antzerki eta musika eskola eta Ikigai dantza estudioa. 

«Askotan auzo honi buruz agertzen diren albisteak ez dira onak izaten, baina hemen badago kultura sare sendo bat», adierazi du. Hain zuzen, proiektuaren asmoetako bat da auzokideekin «lotura estua» sortzea eta komunitate proiektuak garatzea. Asmo horri helduta, auzokideei ateak irekiko dizkiete astelehenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA