Orban zuri txikiak dituen pantaila beltzaren erdian mezu bat taupaka: «Artelanak ez dira norbanakoenak, testuinguru batean jaiotzen dira». Esaldi horrek jasotzen du Harri Biguna dokumentalaren funtsa. Tamara Garcia zinemagile eta kontserbatzaileak zuzendu du, sei atal ditu, eta emakumeek sortua eta emakumeek sortu izan dutenari buruzko dokumentala da: kameraren aurrean eta atzean haiek egon baitira. Leiarraren gibelean, emakumez soilik osatutako lantaldea; eta aurrean, emakume artistak eta kontserbatzaileak. Garciak azaldu duenez, arte garaikidearen historia «berrikusteko» baliatu du ikuspuntu hori lanean. Dokumentala 1960ko hamarkadan abiatzen da, eta berrogei urtean Euskal Herriko arteak izandako bilakaeraren inguruan hausnartzen du. Sei atalak ikusgai daude EITBren Primeran eta ETB On plataformetan, eta Bilboko Arte Ederren Museoan aurkeztu dituzte gaur.
Arte Ederren Museoak lau urtez sustatu du Ikuspuntuak hezkuntza proiektua, eta, hain zuzen ere, programa horrek bultzatu zuen Garcia artearen irakurketa feminista bat egitera. 2021. urteaz geroztik, hiru ikus-entzunezko bideratu ditu egitasmo horren barruan, hirurak artean emakumeek duten irudikapenaren eta rolaren ingurukoak. «Pentsatzen nuen ikusmolde feminista zeukaten istorioak eginda zeudela jada, baina, ikertzen hasi nintzenean, konturatu nintzen lan handia zegoela oraindik egiteko». Aitortu duenez, ezagutzen ez zituen artista ugarirekin topo egin zuen bide horretan, eta bere buruari ondoko galdera egin zion: «Nola ezagutaraz ditzaket gogor eta inolako aitorpenik gabe lan egin duten artista horiek?». Grina horrek osatzen du Harri Biguna lanaren mamia.
Artisten ikuspuntua biltzeko, elkarrizketak grabatu eta dokumentalean txertatu dituzte. Garciak nabarmendu du material horren zati handi bat moztu behar izan dutela ere; helburua «ikusle guztientzat irisgarria» izatea zenez, atal laburrak egitea lehenetsi baitute —25 minutu ingurukoak—. Oinarrian dokumentala euskaraz den arren, elkarrizketa asko gazteleraz egin dituzte eta euskarazko azpitituluak jarri.

Artxiboaren garrantzia ere nabarmendu du Garciak. Dokumentu horietan irakurritakoak konturarazi baitzuen artearen diskurtsoetan talentu, gaitasun artistiko eta jenio hitzak erabiltzen direla oraindik ere. Sinesmen horiek «okerrak» direla deritzo Garciak: «Talentuak, ahaleginak, lan egiteko prestasunak edo gaitasun artistikoak ez dute zerikusirik arrakastarekin eta errekonozimenduarekin. Sistema baten barnean gaude, eta sistema horrek interes jakin batzuk ditu: testuinguruak definitzen du artista». Hori dela eta, dokumentalak frankismotik irten berri den eta «definitzen» ari den euskal herritarren identitatea ere aztertzen du, artearen diskurtso hegemonikoari aurre egin dioten emakume artisten begiradatik betiere.
«Zatika egindakoa»
Txillidaren gogortasun, konstantzia eta materialen guztiz kontrakoa. «Biguna». Horrelakoa da emakumezko euskal artisten lana, Garciaren arabera. Emakumeak ez baitira soilik artista, ama eta langile ere bai baitira, eta, zuzendariaren hitzetan, ez baitute «lan horiek uzterik». Hala, sistemak sortzeko uzten dien txokoan dira artista emakumeak. Haien artea «zatika egindakoa» izan da, eta beste sortzaile batzuekin edo familiarekin partekatzen duten lekuetan sortutakoa. Gaur hasia eta bihar bukatua. Eta hori da «biguna» izatearen zentzuetako bat, Garciaren aburuz.
«
Talentuak, ahaleginak, lan egiteko prestasunak edo gaitasun artistikoak ez dute zerikusirik arrakastarekin eta errekonozimenduarekin. Testuinguruak definitzen du artista»
TAMARA GARCIA Zinemagilea eta kontserbatzailea
Baina, urte luzez, ez da aintzat hartua izan biguntasun hori. Are gehiago, Garciak gogora ekarri duenez, orain duela gutxira arte amatasunaren edo bizitza pertsonalaren inguruko sorkuntza ez zen arte politikotzat jotzen. «Emakume artistek ez dute izan lana eta familia banatzerik. Gizonek, aldiz, bai, seme-alabak zaintzen eta gainerako beharrak asetzen zituen emazte bat zutelako. Gizon artistak artistak izan dira, besterik ez».
«Biguna» izateak beste esanahi bat ere badu Garciak zuzendutako dokumentalean. «Biguna izateak zera esan nahi du, moldatzeko, zeure burua zalantzan jartzeko, dudatia izateko eta berrikusteko gai zarela; eta edonor ez da gai». Jarrera «deseroso» hori helarazi nahi du ikus-entzunezkoak, zuzendariaren arabera.
Vanessa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria eta Miguel Zugaza Arte Ederren Museoaren zuzendaria ere izan dira aurkezpenean, eta Garciak eta dokumentalaren lantaldeak egindako lana goraipatu dute. Zugazak nabarmendu du emakumeak museoen «gorenean» kokatzeaz gain, leku hartatik ikusten dutena azaltzeko aukera izan behar dutela. «Artelanak bere horretan daude, baina ikuspuntuak ez, eta Harri Biguna eta halako proiektuek erakusten digute berrikustea dela etorkizuna eraikitzeko modua», erantsi du Fernandezek.