Erdibidera ailegatu da JAI Jardun Artistikoen Institutuaren ikasketa programaren seigarren aldia: uztailaren 2an abiatu zuten aurtengo udako eskola, eta abuztuaren 29an bukatuko dute. Hasi, Gasteizko Artium museoan hasi ziren, eta uztailaren 21etik Donostiako Tabakaleraren gerizpean ari dira sortzen eta sortzen. Ordea, parentesi bat egin dute aste honetan, Altzuzan (Nafarroa). Oteiza museoak hartu ditu, eta, Fermin Jimenez Landa artistak gidatuta, askotariko tailerrak egiten ari dira bertan. Huts eta beteen lilura gordetzeagatik ezagun den museoan, argiaren eta ilunaren arteko eskalan dabiltza jostetan programako hamasei partaideak. Izarrei behatuz, argi izpiei bidea oztopatuz, itsuaren eskuaren gisara jokatuz.
Programaren tutore taldeko Olatz Otalora eta Itziar Okariz artistek lagunduta heldu dira kideak Altzuzara; haiek ere izan dira Jimenez Landak antolatutako saioetan, eta saiook prestatzeko aurrez eginiko lanketarekin ere badute harremanik. Izatez, Oteiza museoak erabaki zuen Jimenez Landari eskatzea egonaldia gidatzeko —aurretik haiekin lan egindako norbait izatea nahi zuten, eta, besteak beste, harreman horren erakusle da artistak Altzuzarako propio sortutako Huts baten amaiera beste baten hasiera da erakusketa (2021)—, baina Okarizek berak eman zion abiapuntua, galdera formako amu batekin: «Zure lan prozesuaren zer jakintza zara gai konpartitzeko?». Galdera harexek sortutako erantzunak dira tailerren atzean, Okarizen esanetan.
Hain justu, bota zuen amua Okarizek, eta Jimenez Landak gai jakin bati hurbilduz egin zion hautsiki hari: argiari eta argirik ezari helduko zien. «Erabaki nuen praktika artistikoen bitartez iluntasunaren gaia lantzea, eta, ondorioz, baita argiarena eta argiak sortzen duen itsumenarena ere».
Bestalde, gaineratu du programak «ordutegi zurrunik» ez izatea mesede zaiela, ez dutelako jarduna argi orduetara zertan mugatu, eta hori baliagarria zaiela. «Badugu eguna iluntzea eta gauaren ilunetan argia sartzea».
Ostegun eguerdiz, eguzkiaren izpiek erruz jotzen zutela abiatu dute eguneko bigarren jarduera. Ariketari ekin aurretik, Jimenez Landak xehe eman ditu azalpenak, gaztelaniaz eta ingelesez. Haren arabera, partaideek binaka sartu beharko dute Jorge Oteizaren Liburutegian —museoaren barrenean dago—, eta bietako batek begiak estaliak izanen ditu une oro. Bikotekideak salan barrena mugitzen laguntzen ahalko dio, baina itsu-itsuka ari denak dauka egiteko nagusia: apalategietako liburu bat hartu, eta haren barreneko esaldi bat hautatu, behatzarekin seinalatuta. Eta gorde, gerora erabiltzeko.
Hasi dira partaideak binaka sartzen, begiak batera edo bestera estalita: batzuek zinta itsaskorra paratu dute betazalak itxita mantentzeko, zenbaitek jertsea lotu dute burura, eta besteren batek hitzeman du ez duela begia «inondik inora» irekiko, izateko «konfiantza».

Emaitza, zein? Nahaspila, ezinbestean. Mota askotako lanak daude liburutegi horretan gordeta; horren froga dira zoriak hala aginduta partaideek eskuetan hartutako tituluak. Hauek jaso dituzte, besteak beste: Georges Mouninen Diccionario de Lingüistica, Ramon Sopena argitaletxearen ¿Quiere Vd. saber Italiano en 10 días? hiztegia, Fernando Savater idazlearen La infancia recuperada obra eta Lewis Carroll idazlearen lan sonatuetako baten euskarazko itzulpena: Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena.
Liburu ehiza itsuaren ondotik, tailerrera sartu dira sortzaileak, esaldiokin konposizio bat osatzeko asmoz. Nahiz eta ez ulertu, nahiz eta lehen kolpean zentzurik ez aurkitu.
Ez da konferentzia bat
Hitzaldi teorikoetan bainoago, praktika artistikoetan arakatzea lehenetsi du Jimenez Landak aste honetako tailerren prestaketarako. «Gurekin ditugunak ez dira ikasleak, partaideak baizik; JAIkoek ere halaxe helarazi zidaten», argitu du artistak, eta zehaztu elkarren artean dauzkaten elkarrizketak guztiz horizontalak direla. «Adibidez, hitz egiten diet nire lanei buruz, eta kontatzen dizkiet nire esperientziak. Baina kontatzen dizkiet benetan, baita zirrikituetako kontuak ere: adibidez, gauza batekin saiatu eta aurrekontuagatik alboratu behar izaten denekoa».
«Arte guztia da kolektiboa: jada badakigu jenioaren ideia ez dela existitzen; denek kopiatzen diegu denei»FERMIN JIMENEZ LANDAArtista
Gainera, beste batzuen lanak gogora ekartzeko eta mahaigaineratzeko ere baliatu dute Altzuzako egonaldia JAIkoek. Okarizek eta Jimenez Larak nabarmendu dutenez, bezperan Iruñeko Planetarioko astronomo Iñaki Ordoñez-Etxeberriarekin izan dira izarrei behatzen, eta gaur, goizean goiz, 1970eko hamarkadaren hasieran Willoughby Sharp komisarioak gidatutako Pier 18 proiektuari egin diote so. Zehazki, proiektu horretarako Shunk-Kender bikote artistikoak —Harry Shunk eta Janos Kender argazkilariek— eginiko obrari erreparatu diote. «Harrapaketetan aritzea zen kontua, baina bestea kamerarekin harrapatuta». Hain zuzen ere, horretan jostatuz hasi dute eguna ostegunean Altzuzan.
Beste batzuen lan eta perfomanceei erreparatzeak eta haiek errepikatzeak daukan garrantzia azpimarratu du Jimenez Landak ere. «Arte guztia da kolektiboa: jada badakigu jenioaren ideia ez dela existitzen. Denek kopiatzen diegu denei, konpartitzen ditugu egiteko manerak, eta miresten ditugun artistei kopiatuta gauza berri asko sor daitezke, sarri nahi gabe. Mutazio txikiak egin daitezke, keinu berriak sortu».