Artium museoak bere bildumara gehitu ditu Artelekun sortutako 88 lan grafiko

Gipuzkoako Foru Aldundiak Artiumi maileguan utzi dizkio Donostiako zentroko serigrafia eta litografia lantegian sortutako lanak. Horrekin batera, Artelekuri buruzko dokumentu funtsa digitalizatu eta katalogatu du museoak.

 Isabel Bakedano artistak 1990ean egindako lan bat, titulurik gabekoa. Artiumek bere funtsera gehitu duen estanpetako bat da. ARTIUM MUSEOA
Isabel Bakedano artistak 1990ean egindako lan bat, titulurik gabekoa. Artiumek bere funtsera gehitu duen estanpetako bat da. ARTIUM MUSEOA
edurne begiristain
2026ko irailaren 28a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artium museoak Arteleku zentroko serigrafia lantegian sortutako 88 serigrafia eta litografia gehitu dizkio bere bildumari. Pieza horien artean hainbat belaunaldi eta ibilbidetako artisten lanak daude: besteak beste, Vicente Ameztoi, Isabel Bakedano, Nestor Basterretxea, Gema Intxausti, Diego Matxinbarrena, Elena Odriozola, Jurgen Partenheimer, Dora Salazar eta Jose Luis Zumetarenak. Lan horiek orain arte Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan zeuden, Gordailuan, eta orain Gipuzkoako Foru Aldundiak maileguan utzi dizkio museoari, haien azterketa, katalogazioa eta hedapena erraztu dezan.

1987an Arteleku zentroak Donostian ateak ireki zituenean, esperimentazioa, ekoizpen artistikoa eta prestakuntza izan zituen ardatz, eta serigrafia tailerra ere ikuspegi horren barruan ulertu zuen. Inprimatzeko teknikak ikasteko eta lantzeko gunea izateaz gain, artistak elkartzeko, probak egiteko eta proiektuak garatzeko tokia ere izan zen. Ikastaroetako irakasleek eta parte hartzaileek bertan lan egin zuten, eta jardun horren ondorioz sortutako tiradek estanpa sorta zabala osatu zuten.

Artelekuk euskal arte garaikidearen historian izan zuen tokia kontuan hartuta, Artiumek maileguan jasotako lan grafikoa 1990eko eta 2000ko hamarkadetako testuinguru artistikoaren isla ere bada. Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, praktika esperimentalak, ekoizpen kolektiboak, diziplinen arteko harremanak eta prestakuntza artistikoa ulertzeko modu alternatiboak ere bistaratzeko modua ematen dute piezek. Museoko arduradunen esanetan, serigrafia eta litografiak «praktika, ekoizpen prozesu eta lankidetza dinamiken» isla dira.

Erakusketatik artxibora

Artelekuri lotutako dokumentazioaren zati bat ere digitalizatu eta katalogatu du Artiumek. Material hori Artelekun zehar. 1987-2002. Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat bilduma prestatzeko erabilitako ikerketa lanaren ondorioetako bat da. Museoak azken urteotan euskal praktika artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskainitako erakusketa zikloaren hirugarren eta azken atala izan zen hura, eta Mikel Onandiak, Sergio Rubirak, Leire Bergarak eta Beatriz Herraezek komisariatu zuten erakusketa, museoko taldeekin elkarlanean. Arteleku zentroaren lehen urteetan jarri zuen arreta, eta aurreko bi ikerketen ildotik etorri zen: 2022ko Pentsatzeko leku bat, eta 2024ko edonor, denok inor ez.

Arteleku-Vicente Ameztoy
Vicente Ameztoiren Litografia I pieza. ARTIUM MUSEOA

Erakusketa hartarako erabili zen dokumentazioak, besteak beste, Artelekun garatutako praktiken, ekoizpen moduen eta lan harremanen inguruko informazioa jasotzen du. Orain, funts hori digitalizatuta eta katalogatuta, ikertzaileek eta interesa duten herritarrek kontsultatzeko modua izango dute Artium museoaren webgunean. 

Elena Roseras museoko artxiboaren arduradunaren arabera, dokumentu horiek eskuragarri jartzeak 1990eko eta 2000ko hamarkadetako euskal arte garaikideari buruzko ikerketarako bide berriak zabaltzen ditu, eta Artelekun garatutako prozesuak beste ikuspegi batzuetatik aztertzeko aukera ematen du. Haren esanetan, artelanak eta dokumentuak batera txertatuta, Artelekuren inguruko memoria instituzionala eta artistikoa zabaltzen ari dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA