Artiumen jarriko dute Esther Ferrer artistaren 'Zenbaki lehenak' obra

Gasteizko Prado parkean dago egun, eta aurki hasiko dituzte artelana lekualdatzeko lanak. Lanak udarako amaitzea espero dute

Esther Ferrer, atzo, Artiumen eginiko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Duela hogei urte jarri zuten Esther Ferrerren (Donostia, 1937) Zenbaki lehenak obra Gasteizko Prado parkean. Artistak aire librean modu iraunkorrean jartzeko egin zuen aurrenekoa izan zen. Bi hamarkadaren ondoren, ordea, nabarmen hondatu da artelana: denboraren higadura nabari zaio, eta pieza batzuk ere falta zaizkio. Bada, lekuz aldatzea erabaki du Gasteizko Udalak, lanari ikusgaitasuna emateko eta haren balioa nabarmentzeko. Artium museoaren kanpoaldean jarriko dute, eta aurki hasiko dituzte lanak.

Otsailean iragarri zuen udalak erabakia, eta atzo eman zituzten xehetasunak museoko arduradunek eta artistak berak. Artistak adierazi zuenez, proposamena egin ziotenean «ideia bikaina, zoragarria» iruditu zitzaion, eta ez zuen zalantza egin prozesuan esku hartzeko. «Parkean jarrita nahi nuena zen haurrek jolas egitea harekin; mundu guztiak nahi zuenerako erabiltzea. Orain, haren inguruan harmaila batzuk ere jarriko dituztenez, jendea eseri ahal izango da, eta jarduerak ere egin ahalko dira haren gainean».

Tamaina handiko zoruko instalazio bat da: zeramikazko 10.000 azuleju karratuk osatzen dute obra; horietako batzuetan zenbaki lehenak daude idatzita, 41etik hasi eta 10.03raino, biak barne. Gainerakoetan marra diagonal gorriak eta marra urdinak daude marraztuta. Artistak berariaz sortu zuen Prado parkerako, nahiz eta serie bereko hainbat egin dituen gerora. Izan ere, zenbaki lehenen gaia sarritan agertzen da haren artelanetan. «Zenbakiak garrantzitsuak dira gure bizitzan; beraz, normala da artea egitekoan ere zenbakietan pentsatzea».

Obra bera, baina berreginda

Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak azaldu zuenez, duela bi urte egin zioten proposamena artistari, eta orduz gero aritu dira proiektua nola gauzatu erabakitzeko elkarrizketan. Adostu dute museoaren bi eraikinen artean dagoen plazan kokatzea. Han jarri ditu museoak beste hainbat euskal artistaren obrak ere: Oteiza, Txillida, Basterretxea... Orain arteko denak gizonezkoak dira, ordea; Ferrer izango da aurreneko emakumezkoa. Hori azpimarratu nahi izan du Herraezek, bada.

«Artistaren eta museoaren arteko lotura estua da; beraz, zentzu guztia zuen obra hona lekualdatzeak», esan zuen Herraezek. Artelan «garrantzitsua» dela nabarmendu zuen, eta uste du baliagarria izango dela museoaren funtzioa ezaugarritzeko eta baitahainbat arlotan egiten ari diren lana ulertzeko ere. «Pieza aktiboa izango da, beste artista, diziplina eta belaunaldi batzuk aktibatuko dituena», nabarmendu zuen museoko zuzendariak.

Kokapen berriak obra egokitzea eskatu du, baina, lekua txikiagoa delako. Eta pieza egun zein baldintzatan dagoen ikusita, guztiz berregitea erabaki dute. Nolanahi ere, artistak azaldu zuen obra, irudia bera, berbera izango da, soilik zeramikazko laukiak txikiagoak izango direla. 60.000 euroko kostua izango du prozesu horrek. «Nik ez ditut ezta bost zentimo ere hartuko», ohartarazi du Ferrerek, gogoraraziz diru hori guztia lana berregiteko erabiliko dutela. «Eta ongi dago horrela».

Pieza zaharrekin zer egingo duten ez dute erabaki oraindik, baina artistak garrantzia kendu nahi izan dio horri. «Sukaldea berritu nahi duzu? Ba, hartu itzazu azuleju batzuk», erantzun zion galdera egin dion kazetariari. «Orain serio: horiek gordetzeak ez du inolako zentzurik», azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.