Artxibatu egin dute Xenpelar bertso eskolako irakaslearen auzia, «froga eta salaketa faltagatik»

Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, ez dago ikerketan aurrera egiteko «nahikoa ebidentziarik». Bertsozale Elkarteak eta Errenteriako eta Oiartzungo mugimendu feministek esana dute beren helburua «salaketa publiko bat» egitea izan dela.

Mugimendu feministak ostiralean Errenterian egindako elkarretaratzea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mugimendu feministak ostiralean Errenterian egindako elkarretaratzea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddi Iztueta Olano - Garazi Izagirre Aiestaran
2026ko ekainaren 16a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraingoz, ez du aurrera egingo Errenteriako (Gipuzkoa) Xenpelar bertso eskolako irakaslearen aurkako prozesu judizialak, Gipuzkoako Fiskaltzak auzia artxibatu baitu. Haren arabera, ez dago aurrera egiteko nahikoa ebidentziarik, ezta frogarik edo salaketarik ere. Argudiatu duenez, ezaguna den biktima bakarrak 17 urte ditu, eta ez hark ez haren senideek ez dute salaketarik aurkezteko asmorik. 

Hamabi eguneko ibilbidea izan du prozesu judizialak, Errenteriako Udalak ekainaren 4an jarri baitzuen Ertzaintzaren eta Adingabeen Fiskaltzaren esku auziari buruz zeukan informazio guztia; Polizia Judizialak maiatzaren 29an egin zion horretarako eskakizuna. Errenteriako alkate Aizpea Otaegik, berriz, ekainaren 5ean deklaratu zuen fiskaltzaren aurrean, helarazitako dokumentazioa egiaztatzeko. Hain justu, bertso eskolako irakaslearen kontrako salaketak azalera atera zirenetik, Errenteriako oposizioak udalaren jokabidea izan du jomugan.

Aintzat hartzekoa da, edonola ere, Bertsozale Elkarteak eta Errenteriako eta Oiartzungo (Gipuzkoa) mugimendu feministek behin baino gehiagotan berretsi dutela «salaketa publiko bat» egitea zutela helburu, ez irakaslearen aurkako prozesu judizial bat abiaraztea. Hiru eragile horiek maiatzaren 28an eman zuten Xenpelar bertso eskolako irakasleen erasoen berri. Kontatu zutenez, 2018an izan zuten lehenbiziko erasoen berri, eta salatu zuten gizon hark «bere posizioa eta erreferentzialtasuna» baliatu dituela «modu sistematizatuan botere harremanak garatzeko eta erasotzeko». Bertsozale Elkarteak barne prozesu bat abiatu zuen.

Aldundiaren desadostasuna

Halako prozesuen ereduaren aurka agertu da Gipuzkoako Foru Aldundia, Irune Berasaluze eledunak adierazi duenez ez baitatoz bat abian jarritako «bide pribatu paraleloekin». Are gehiago, bozeramaileak iritzi dio bide horrek «huts egin» duela. Hala, salaketa jartzera animatu ditu biktimak, horrelako kasuak «zigorrik gabe» geratu ez daitezen. «Betiere biktimen borondatea errespetatuz, haiek erdigunean jarrita, eta gure baliabide guztien babesa haien eskura jarrita, biktima horiek salaketa jartzera animatu nahiko nituzke; izan ere, haien salaketarik gabe, kasu hau bere horretan geldituko da, 2018tik hona egon den modu berean», azpimarratu du Berasaluzek. 

Gauzak horrela, egoeraren inguruko kezka azaldu du Gipuzkoako Aldundiak, kasua «ez baita ikertuko, eta ez baitzaio erantzungo gertatu ahal izan denari». Era berean, «bide instituzionalekiko konfiantza» agertu du. «Ardura handienaz, gardentasunez eta legeari men eginez jardun beharra dago, eta hori da beti agertu dugun jarrera. Geure buruari eman dizkiogun bide instituzionaletan konfiantza dugu; jazarpenaren, abusuen edo indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskura dauden baliabide instituzionaletan».

Eusko Jaurlaritzak, berriz, adierazi du Gipuzkoako fiskaltzak hartutako erabakia «errespetatzen» duela, eta biktimak babestean egin du azpimarra Maria Ubarretxena eledunak. Era berean, zehaztu du egoera «zaila» dela, «indarkeria matxistako kasuak konplexuak baitira». Xenpelar bertso eskolaren kasuaz, zehazki, iritzi dio kargudun publikoek eta instituzioek «gogoeta» egin beharko luketela gertatutakoaren inguruan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA