Indarkeria matxista

Errenteriako Udalak fiskaltzaren esku jarri du Xenpelar bertso eskolako auziaren gainean duen informazio guztia

Polizia Judizialak hala eskatuta utzi dute dokumentazioa Ertzaintzaren eta Adingabeen Fiskaltzaren eskura, eta auziari loturiko urrats guztietan «gardentasunez» jokatu dutela nabarmendu du udalak. Emakunderekin bildu dira gaur, besteak beste.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, joan den astelehenean, udaletxean agerraldia egin aurretik. JUAN HERRERO / EFE
Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, joan den astelehenean, udaletxean agerraldia egin aurretik. JUAN HERRERO / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko ekainaren 4a
14:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xenpelar bertso eskolako irakasle baten sexu erasoekin loturiko auzia argitu dadin lanean tinko ari dela nabarmendu du Errenteriako Udalak. Maiatzaren hasieratik, irakaslearen kontrako salaketen berri izan zuenetik, eman dituen pausoak eta hartu dituen neurriak zerrendatu eta plazaratu ditu gaur, komunikatu batean, eta, hain justu, eginiko azken urratsa ere jakinarazi du: Ertzaintzaren eta Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri du auziari buruz daukan informazio guztia. Polizia Judizialak horretarako eskakizuna egin zion maiatzaren 29an, eta atzo igorri zion dokumentazioa udalak. 

Bertso eskolako irakaslearen kontrako salaketak publikoki azalera atera zirenetik, dardara nabarmenak izan dira Errenteriako esfera politikoan ere, eta oposizioak udalaren jokabidea izan du jomugan batez ere. Besteak beste, EAJk erantzukizun politikoa har dezala eskatu dio zuzenean Aizpea Otaegi alkateari, argudiatuta orain arte eman duen erantzuna ez datorrela bat «gertakarien larritasunarekin» eta «eskasa» izan dela. 

Errenteriako Udalak gaur plazaratu duen oharrean ez dator kritika horiei buruzko aipamen zehatzik, baina auzia abiatu zenetik izan duten jokabidea defendatu dute udal ordezkariek, eta prozesu osoan «garden» jokatu dutela argudiatu. Izatez, «salaketen berri izan bezain pronto» hartu dituzten lau neurri ekarri dituzte gogora. Azaldu dutenez, lehenik eta behin, ikasleen gurasoekin bildu ziren, haiek ere «auzia publiko egin aurretik» izan zezaten salaketen berri. Ondotik, bertso eskolaren jarduna eten zuten. Eta hainbat bilera egin dituzte Ertzaintzarekin, biktimek salaketak «beren beharren arabera» nola egin zitzaketen «lantzeko». 

Eta udalak gaur bertan gauzatu du neurri zerrenda horretan jasotako azken ekintza. Azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Organoarekin, Gobernantza Departamentuarekin eta Emakunderekin bildu dira goizean, «informazioa partekatzeko, gertaeren berri emateko eta emandako pausoen inguruko lehen balorazioa egiteko».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE