Xenpelar bertso eskolako irakasle baten erasoak salatu dituzte Bertsozale Elkarteak eta mugimendu feministak

Kontatu dute 2018an izan zutela lehenbiziko erasoen berri. Larunbatean, 12:30ean, elkarretaratzea eginen dute Errenterian. Egoeraren larritasuna ikusita, Udalak bertso eskolaren jarduna bertan behera uztea erabaki du.

Xenpelar bertso eskolako erasoak salatzeko elkarretaratzea. BERTSOZALE ELKARTEA
Xenpelar bertso eskolako erasoak salatzeko elkarretaratzea. BERTSOZALE ELKARTEA
Isabel Jaurena.
2026ko maiatzaren 28a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bertso irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu ditu modu sistematizatuan botere harremanak garatzeko eta erasotzeko. Behin eta berriz egin ditu erasook bertso eskoletan, Errenteriako (Gipuzkoa) Xenpelar bertso eskolarekin lotutako eremu informaletan eta bertso mundutik haratagokoetan». Salaketa hori egin dute Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo feministen asanbladak.

Ohar bateratu baten bidez egin dituzte adierazpenak, eta zehaztu salatutakoak ez direla «kasu bakanak». Are, kontua ez da berria: 2018an pertsona horri salaketa bat jarri zioten Bertsozale Elkartean. «Orduko hartan, Bertsozale Elkarteak neurri batzuk adostu zituen erasotzailearekin, bertsolaritzaren esparru formal zein informaletik desagertzea zekartenak, betiere bertsolaritza erasoa jasandakoentzat leku seguru izateko asmoz eta horrelako gertakariak berriz ez gertatzeko helburuz», adierazi dute.

Ordea, pertsona horrek adostutako neurriak hautsi zituela jakin zuten 2024an, eta Bertsozale Elkarteak indarkeria matxista kasuen kudeaketarako barne protokoloa aktibatu zuen. Gizonak erasoak onartu zituen, eta helburuak betetzeko konpromisoak jasotzen zituen agiria sinatu. «Halaber, Xenpelar bertso eskolako zuzendaritzako ordezkaritzak konpromiso horiek beteko zituela bermatuko zuela hitzeman zuen», gehitu dute.

Aurten, baina, bertze hainbat sexu eraso eta jazarpen psikologikoko kasu egon direla jakin du elkarteak. Finean, oharrean salatu dutenez, pertsona horrek ez ditu bete Bertsozale Elkartearekin egindako lanketan hartutako konpromisoak, eta, gainera, «behin eta berriz aritu da neska gazteekiko jazarpenean eta manipulazioan». «Autodefentsa eta saretze feministari esker jakin da ekiteko dinamika bera erabili duela: bertsolaritzan eta herrian daukan botere posiziotik botere harremana garatzen du, manipulatu egiten du, eta zapaldu; eraso egin», erran dute. Nabarmendu dute pertsona horrek «konplizeak» izan dituela, baina argi utzita bertso eskolako kide guztiek ez dutela jarrera hori izan. 

Gogoratu dute elkartearen zein mugimendu feministara hurbildu diren emakumeen eskaera argia dela: «Urteetan bertso irakasle horrek egin dituen erasoak eta betikotu dituen botere dinamikak publikoki salatzea, baita horretarako babes izan zitzakeen konplizitateak, inpunitatea eta aliantza patriarkalak salatzea ere». Hala, larunbatean, 12:30ean, elkarretaratzea eginen dute Errenterian. «Autodefentsa, saretzea eta aliantza feminista da bidea», borobildu dute. 

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bat egin du deialdiarekin, eta, ondorioz, ohar bidez azaldu duenez, Gipuzkoako Herriartekoko goizeko egitaraua bertan behera uztea erabaki du; eguerditik aurrerako jarduerak baino ez dituzte egingo, hortaz, bazkaria eta finala, hain zuzen ere.

Udalaren erabakia

Salaketa publiko egin eta ordu batzuetara, Errenteriako Udalak ohar bat kaleratu du. Bertan jasotakoaren arabera, udalak bertso eskolaren jarduna etetea erabaki du. «Erasoak bereziki larriak dira, udal zerbitzu baten baitan gertatu direlako». Gauzak horrela, elkartasuna adierazi diete erasoen biktima izan diren neska eta emakume gazteei, baita euren gurasoei eta familiei ere; eta, adierazi dutenez, «behar beste» baliabide jarriko dituzte haien esku. Bertso eskola bertan behera uzteko erabakia atzo helarazi zieten bertako gurasoei, presazko bilera batean.

Udalak «berriki» izan du gertatutako erasoen berri, salaketak jarri direnean, hain zuzen. Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo feministen asanbladak adierazi bezala, udaleko kideek ere uste dute erasotzaileak 2018tik hona ez dituela konpromisoak bete; are, «bertso irakasle posiziotik botere harremana desegoki erabili du, manipulatu egin du eta, batzuetan, jazarri eta eraso».

Baina erasotzailea ez da konpromisoa bete ez duen bakarra. 2018ko prozesu hartan Bertsozale Elkarteak gizonarekin izandako elkarrizketaren berri eman zion bertso eskolako zuzendaritzako kide bati, zuzendaritzak beharrezko neurriak hartu zitzan. «Erasotzaileak Bertsozale Elkartearekin hartutako konpromisoak ez bete izanak erakusten du egoeraren jakitun zen zuzendaritzako kide horren babesa gutxienez izan duela, bere bertso eskolari lotutako jarduera garatu ahal izateko», azaldu dute oharrean. Egoera hori «onargaitza» dela gaineratu dute, erasotzailea babestu, eta biktima zein biktima izan zitezkeenak «babesgabe» utzi dituztelako.

Udalak familiak eta biktimak ahalik eta egokien artatu nahi ditu, eta, aipatutako erabakiaz gain, ez du baztertzen bestelako neurri batzuk ere hartzea. Larunbateko elkarretaratzearekin bat egin du udalak, eta herritarrei parte hartzeko deia ere egin die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE