Asier Altuna zuzendariaren 'Karmele' filma urriaren 10ean helduko da aretoetara

Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' nobela du oinarri filmak, eta Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren bizitzak kontatzen ditu. Eneko Sagardoi, Jone Laspiur, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran dira aktoreak.

Jone Laspiur aktoreak antzeztu du Karmele Urrestiren rola 'Karmele' filmean. TXINTXUA FILMS
Jone Laspiur aktoreak antzeztu du Karmele Urrestiren rola 'Karmele' filmean. TXINTXUA FILMS
Inigo Astiz
2025eko ekainaren 9a
14:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Bide luze eta bihurria izaten da batzuetan paperetik zeluloiderainokoa. Asier Altuna zinemagileak duela zazpi urte iragarri zuen Kirmen Uribek idatzitako Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria zinemara eramateko asmoa zuela, eta, gidoia egokitu, proiektua han eta hemen aurkeztu, finantzaketa lortu, aktore taldea hautatu eta, azkenik, iazko ekainean filmatze lanak amaitu ondoren, gaur iragarri dute estreinaldi eguna. Euskaraz sortu dute lan osoa, eta urriaren 10ean helduko da Karmele zinema aretoetara.

Fikziozkoa da lana, baina benetakoa da haren oinarria. Uriberen liburuak bezala, filmak ere Karmele Urresti eta Txomin Letamendi ditu protagonistak. Euskal Herrian gerra galdua zela, 1937an ihes egin, eta erbestean ezagutu zuten elkar Letamendik eta Urrestik, Paristik gertu; tronpetista profesionala bata, erizaina bestea, erbesteko Eusko Jaurlaritzak sortutako Eresoinka taldean zebiltzala maitemindu ziren. Naziek Frantzia okupatu aurretik, berriro egin zuten ihes, Caracasera oraingoan. Familia bat osatu zuten, eta Euskal Herriarekin engaiatuta segitzeak markatu zituen haien bizitzak. Haien istorioa fikziora eraman zuen Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua nobelan (Susa, 2016), eta kontakizun luzeago horretatik hamar urteko epea ardatz hartuta, beste fikzio bat sortu du orain Altunak.

«Askatasunik eza gorabehera pertseberantziari, borrokari eta duintasunari eustea zer den erakusten digu 'Karmele'-k»

ASIER ALTUNA Zinema zuzendaria

«Drama historiko hunkigarri bat» izango da filma, hedabideei helarazitako oharraren arabera, eta Altunaren hitzak ere bildu dituzte bertan: «Karmele-k kulturak, musikak eta arteak zipriztindutako bidaia bat da. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldi biltzen dituzten historia familiarrak. Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar dien emakume bat da, ausarta eta konprometitua, bere ideiekin kontsekuentea eta ideia horiek beti irmo defendatzen dituena». Eta, hain zuzen ere, haren bizialdiko hamar urte kontatzen ditu filmak. «Askatasunik eza gorabehera pertseberantziari, borrokari eta duintasunari eustea zer den erakusten digu Karmele-k».

Filmeko argazkiak ere zabaldu dituzte. Eneko Sagardoi, Jone Laspiur, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran ikus daitezke bertan, hurrenez hurren, Txomin Letamendiren, Karmele Urrestiren eta haien gurasoen rolak antzezten.

Tortura ikerketa

Azken hilabeteetan, gainera, gaurkotasun handikoa izan da Letamendiren kasua ere. 1950eko hamarkadan polizia frankistak torturatu ostean hil zen tronpeta jotzaile eta ekintzailea. Eta torturatu zuten agente horien aurkako salaketa jarri zuten Letamendiren senideek eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak. Ikerketa abiatu arren, aurtengo apirilean itxitzat eman zuen Donostiako epaitegiak, torturatu zuten bi poliziak hilda zeudela argudiatuta. Eta hori ere izan da nobedadea, maizenik Amnistia legea aipatzen baita halako kasuak ixteko argudiotzat.

Txintxua Films S.L. eta Esnatzeko Ordua Films aritu dira ekoizle, eta Gastibeltza Filmak-en kolaborazioa ere izan dute. Horrez gainera, Nouvelle-Aquitaine Eskualdearen, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere izan dute, bai eta EITBren eta RTVEren partaidetza ere.

Eneko Sagardoi aktorea Karmele filmean. TXINTXUA FILMS
Eneko Sagardoi aktorea Karmele filmean. TXINTXUA FILMS

Fikzioa berriz lantzeko modua ere bada filma Altunarentzat. Izan ere, Aupa Etxebeste! izan zen Altunak filmatutako lehen fikziozko lan luzea. Telmo Esnalekin batera zuzendu zuen lan hura, eta gero etorri ziren Bertsolari (2011), Amama (2015) eta Agur, Etxebeste! (2019). Dokumental batzuk ere egin ditu geroztik, baina Karmele du fikziorako itzulera. 

Javi Agirre izan da argazki zuzendaria, Laurent Dufreche muntatzailea, Itziar Arrieta orrazkeren arduraduna, eta Nerea Torrijosek sortu ditu jantziak. Aitor Etxebarriak konposatu du musika, Marian Fernandez Pascalek lagundu du ekoizle-eragile lanetan, Ander Sistiaga izan da produkzio zuzendaria eta Zaloa Ziluaga arte zuzendaria. Alazne Ameztoi arduratu da soinuaz; Lola Lopez eta Itziar Arrieta dira makillaje eta ile-apainketa buruak. Felix Bergesek eta Jon Serranok dute VFX-aren eta efektu berezien ardura. Maria Rodrigo izan da casting zuzendaria, eta Michel Gaztanbide izan da gidoi aholkularia.

Nagore Aranburu aktorea, Karmele filmean. TXINTXUA FILMS
Nagore Aranburu aktorea, Karmele filmean. TXINTXUA FILMS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.