Bilboko euripean kantari: 'Arriagaren aterkia' estreinatuko dute urriaren 17an

Arriaga antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak ekoitzitako musika ikuskizuna da 'Arriagaren aterkia', haurrei eta familiei zuzendua. Antzezlanaren bidez, Bilbori omenaldia egin nahi izan diote, Juan Crisostomo Arriaga konpositorea ardatz hartuta.

Ikuskizuna atondu duen lantaldea, Arriaga antzokiaren eskaileretan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikuskizuna atondu duen lantaldea, Arriaga antzokiaren eskaileretan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko urriaren 9a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laburra izan zen Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren bizitza, 20 urte betetzear zegoela zendu baitzen, 1826an. Haren uztak, hala ere, urria izanagatik, Euskal Herriko musikagintzan lorratz sakona utzi zuen. Baina zer gertatuko litzateke orain arte ezagutzen ez ziren Arriagaren zenbait partitura aurkituko balituzte? Eta partitura horiekin batera haren aterkia ere topatuko balute? Eta, irudimenari bide ematen hasita, aterki hori magikoa balitz, eta denboran bidaiatu eta Bilboren iragana ezagutzeko aukera emango balu?

Ideia hori dago Arriagaren aterkia musika ikuskizunaren atzean. Arriaga Antzokiaren eta Bilboko Koral Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da; Leire Bilbaok idatzi du istorioa, eta Nerea Alberdik eta Aitor Etxebarriak konposatu dute musika. Ane Pikaza da zuzendari eszenikoa, eta zuzendaritza musikala, berriz, Aitor Biainek hartu du. Aktoreak hiru izango dira: Loli Astoreka, Leire Ucha eta Itziar Manero.

Edonola ere, haurren parte hartzea da ikuskizunaren alderik berezienetako bat. Bilboko Koral Elkarteko kideek eta elkartearen prestakuntza abesbatzetan ikasten ari direnek kantatuko dute ikuskizunean, eta, haiekin batera, eskoletan garatzen ari diren Eskolan Kantari proiektuko ikasleak ere jardungo dira. Orotara, 8 eta 16 urte bitarteko ehun bat haur eta gaztetxok parte hartuko dute emanaldian.

«Hitzak ez du balio ez badago transmisiorik. Lan honekin euskararen eta irudimenaren transmisioa egiten ari gara»

LEIRE BILBAO Idazlea

Biainek nabarmendu du umeekin lan egitearen «magia», eta horrek haurrei ekarri dien esperientzia aberasgarria ere: «Gizarte honetan dena da berehalakoa; ikuskizunean parte hartu duten umeek, berriz, ikasi dute taldean lan egiten, entseguetan gauzak behin eta berriro errepikatzen eta pazientzia izaten azken emaitza ikusteko. Hori oso berezia izan da, eta esperientzia hori berekin eramango dute». 

Pikazarentzat ere berezia izan da umeekin lan egitea, eta azaldu du haurren parte hartzea, aktoreena, musikariena —hamar musikarik osatutako talde batek jotzen du ikuskizunean— eta gainerako osagaiak «ordenatzea» izan duela erronka eta eginkizun: «Pieza asko daude, eta denak dira ezinbestekoak».

Ondarea aberastu

Arriagaren aterkia ontzeko prozesuak bi urte inguru iraun du. Horretan parte hartu duten sortzaile guztiak Bizkaikoak dira, eta Bilbok leku nabarmena du kontakizunean. Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaile Carmen Martinezek balioetsi du ikuskizunaren bidez kultur ondareari egindako ekarpena: «Oso garrantzitsua da lan berriak sortzea. Ondarea ez da soilik iraganetik datorkigun zerbait; lan berriak sortuta, gure seme-alabek jasoko duten etorkizuneko ondarea aberasten ari gara, are gehiago kontuan hartuta euskarazko ikuskizuna dela. Horrelako lanak euskaraz sortu eta agertokira eramanda, bidea zabaltzen ari gatzaizkio hizkuntzari».

Biainek ere adierazi du «oso berezia» dela estreinako aldiz aurkeztuko den ikuskizun batean lan egin izana: «Normalean, hainbat aldiz interpretatu diren lanetan aritzea egokitzen zaigu. Oraingoan, berriz, lan berria da, inoiz aurkeztu gabea, eta, gainera, sortzaileekin zuzenean elkarlanean jarduteko aukera izan dugu. Hori oso ederra izan da».

«Gizarte honetan dena da berehalakoa; ikuskizunean parte hartu duten umeek, berriz, ikasi dute azken emaitza ikusteko pazientzia izaten»

AITOR BIAIN Musika zuzendaria

Aterkiaren bitartez, denboran bidaiatu eta Bilbo zaharra berreskuratu edo lehenengo aldiz deskubritzeko aukera izango dute ikusleek. Euriak bustitako kaleak, itsasadarra, uholdeak, ontziolak, zirgariak eta Bilbo industrialaren ezaugarri diren osagaiak agertzen dira kontakizunean. Azken finean, transmisio ariketa ere bada Arriagaren aterkia, Bilbaok azaldu duenez: «Hitzak ez du balio ez badago transmisiorik. Lan honekin euskararen transmisioa egiten ari gara, irudimenaren transmisioa, gure legatuarena. Bilbori egindako omenaldi bat da; ea, saiotik ateratzen garenean, aterkia zabaldu eta denok jarraitzen dugun ahopean geu garena kantatzen eta kontatzen».

Egile eta parte hartzaile guztiek nabarmendu dute «publiko guztiarentzat» egindako ikuskizuna dela Arriagaren aterkia, familiek eta umeek disfrutatzeko modukoa. Martinez: «Oso harro gaude lan honetaz. Ederra izango da». Bi emanaldi egingo dituzte: estreinaldia urriaren 17an izango da, 18:00etan, eta bigarren emanaldia 18an egingo dute, 12:00etan. Bi-biak, nola ez, Arriaga antzokian izango dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA