Durangora egindako lehen bisitez, oroitzen ditut putzuak saihesteko lurrean botatako egur oholak —ez zegoen Landako gunerik orduan—, eta hotzetik babesteko gurasoek topatu zuten taberna txikia. Beti itzuli nahi izan genuen hara, baina jada beste zerbait da txokolate beroa ematen zuten toki hura. Gogoan ditut azokatik ekarritako liburuak ere, noski: sekula irakurri ez nuen piratei buruzko komikia, Atxagaren Banbulo eta, batez ere, Kike Amonarrizek sinatutako Txorakikeriak liburukiak. Ez dut batere memoria ona, baina ongi asko dakit nola esaten den «buruko mina» suahilieraz.
Geroago iritsiko ziren lagunekin egindako txangoak eta, haiekin, diskoak. Esan Ozenki, Gor, Metak, Elkar... Stand horien katalogoa arakatzen genuen, helduagoei entzundako diskoen bila. Hala erosi nituen PiLT, Anestesia eta Beti Mugan-en diskoak, besteak beste. Piezarik baliotsuena, Fermin Muguruzak sinatutako Lisabörena: «Aupa Irun!», idatzi zidan azalean. Esan dizuet txorakikeriek nigan arrastoa utzi zutela!
Aurtengo edizioan «inoiz baino nobedade gehiago» izango omen da azokan. Saltokiei begiratuz gero, lehenagotik datorren joera indartu besterik ez da egin: beren izenean doazen artisten aparraldia eta orotariko diskoetxeen gainbehera. Arestian aipatutakoen artean, Elkarrek eta Esan Ozenkik diraute eta, hala, Laboak eta Negu Gorriak-ek, baina garaien haize zakarrak Jupiter Jonen, Lumiren eta Amoranteren lastozko etxeak eraman ditu berekin. Gaur egun Durangora doan nerabeak nik izan nuen historiaren lagin antzekoa izango du eskuragai. Urte batzuk barru, aterpe propiorik izan ezean, Izaroren arrastorik ez al da egongo? Icebergaren punta eta historia kontsakratua, horixe da euskal kulturaren katalogoa?
Hamaika artistak Spotify plataformari boikot egiteko pausoa eman du berriki. Bada hamaika arrazoi horretarako, bejondeiela. Baina erakusleiho nagusietatik kanpo, bestelako babeslekurik ezean eta iraungo duten euskarrien faltan, nola gauzatuko da transmisioa? Badakit Badok plataforma berritzen eta egokitzen ari direla. Ea aurrera doan, estrategikoa baita. Lorratzik utziko badu, euskal musikak iraungo duen gune bat behar du; eguraldiaren eta bestelako interesen mende egon gabe, diskoz, biniloz, kasetez, MP3 artxiboz eta laino txatalez osatutako ondarea bilduko duena.