Musika

«Atsedenaldi mugagabea» egingo du Anestesia taldeak ‘Erantzun’ diskoaren urteurren biraren ostean

Iragarri dute bost kontzertu «berezi» emango dituztela urritik abendura, eta gaineratu emanaldi horiek izango direla taldea ikusteko aukera bakarra «denboraldi batean».

Anestesia taldearen emanaldi bateko irudia. BERRIA
Anestesia taldearen emanaldi bateko irudia. BERRIA
Inigo Astiz
2026ko irailaren 10a
11:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berezia izan zen Erantzun diskoa Anestesia taldearentzat. Berez, 1989an hasi zuten ibilbidea, eta hainbat disko labur eta kanta solte grabatu ostean, 1993an kaleratu zuten lehen lan luzea: Gorrotoaren ahotsa. Justu handik bi urtera heldu zen Erantzun, eta, taldearen hitzetan, urrats garrantzitsua izan zen euren estiloa finkatzeko. «Mugarri garrantzitsua». Bira txiki bat antolatu dute horregatik, diskoaren 30. urteurrena ospatzeko. Urritik abendura bitartean, bost emanaldi egingo dituzte, baina iragarri dute kontzertu sorta horren ostean mugarik gabeko etenaldia egingo dutela. Atea erabat itxi gabe egin dute iragarpena, halere. Haien hitzetan, «atsedenaldi mugagabe bat» izango baita, eta, ondorioz, birako kontzertuak izango dira «denboraldi batean Anestesia ikusteko aukera bakarrak».

Bilboko Kafe Antzokian emango dute birako lehen kontzertua. Urriaren 10ean izango da hori, baina jadanik salduta dituzte sarrera guztiak. Urriaren 24an Miarritzen (Lapurdi) izango dira, Atabal aretoan; azaroaren 14an, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa); azaroaren 21ean, Atarrabiako Totem aretoan (Nafarroa); eta, azkenik, Gasteizen amaituko dute bira, abenduaren 19an, Jimmy Jazz aretoan.

Diskoaren berrargitalpena

Inoiz jo ez duten kanta zerrenda bat taularatuko dute emanaldietan, zehaztu dutenez. Batetik, osorik joko dute Erantzun diskoa, eta, horretaz gainera, beste kanta batzuk ere oholtzaratzeko asmoa dute. 1995eko diskoa berrargitaratuta hasi dituzte ospakizunak. 180 gramoko biniloan argitaratu dute lana berriz ere, masterizatuta eta diseinu berrituarekin. Eta diskoa kaleratu ondoren erabaki dute biraren berri ematea.

Aurrez ere, taldeak hainbat etenaldi egin izan ditu bere ibilbidean. Izan ere, ia sorreratik beretik, Anestesian ez ezik beste hainbat taldetan ere aritu dira taldeko kideak aldi berean. Besteak beste, Negu Gorriak taldean ere aritzen zen Mikel Kazalis hasierako urteetan, eta paraleloan joan dira bi taldeen ibilbideak. 2002an ere, esaterako, Kuraia taldea sortu zuten Kazalisek eta beste hainbat musikarik, eta Anestesiak atsedenaldi bat egin zuen orduan. 2005ean itzuli ziren oholtzetara, baina azken urteetan ere hainbat etenaldi egin behar izan dituzte.

Lehen diskoaren 25. urteurrena ospatzeko kontzertu bira egin zuen Anestesiak, eta hura amaitu eta hilabete ingurura jakin zuen Kazalisek minbizia zuela, 2019an. Hark tratamendua jaso, eta taldea itzuli egin zen oholtzetara. 2022an, ordea, hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zituzten, berriz ere gaixotasunaren ondorioz . Kazalisek «indarberrituta» itzultzeko esperantza adierazi zuen orduan. Orain, berriz ere bira iragarri dute, bai eta haren ondorengo atsedenaldia ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA