'Lotto, sehaska bidaia'
Idazlea: Haira Aizpurua Ibargarai. Ilustratzailea: Ana Imaz. Argitaletxea: Haria liburuak.
Beltzean tindatutako liburua da, 19x19 cm, azal gogorra du eta barneko orrialdeak kartoi mehez eginak dira. Barruan topatuko dugu sehaska kanta bat, hogeita lau bertso-lerrokoa, lagun dituena azalekoa bezalako irudiak: haurttoa lo erak frogatzen, basa-animaliak lagun.
Ilustrazioa zuri-beltzean emana da ia osoki, baina horiz markatu dira gibeleko ardurak dituzten elementuak, eskuarki ñabardura dei ditzakegun horiek. Irudiak ikonikoak dira, hau da, sinplifikaziorik handienera ekarrita daude, abstrakziorik gabe, eta ez da zalantzarik zer diren; orrian duten antolamendua kolore masa bidezkoa da, oro har, orain aurrekoak zuri eta gibelekoak beltz, gero alderantziz. Ezker eskuin, bi orrialdeak hartzen ditu ilustrazio bakoitzak. Hizkiak iskinetan agertzen dira lehentasunez —irudiei uzten zaie erdigunea—, bi lerro ilustrazio bakoitzeko. Metrika txikian jarrita daude, zazpi seikoan, ohiko errima moldean. Dudarik gabe, ilustrazioa ezinbestekoa da liburua bere osotasunean ulertzeko, ibilbide grafiko bat eskaintzen digu; baina era berean, antzematen da garapen horren apaltasuna, esaterako haur protagonista alderrai ibiltzen denean, edota animalien agerpena aldizkakoa dela sumatzen dugunean.
Nabarmena da estetikari eman nahi izan zaion garrantzia, objektu desiragarri bat osatzera emanak dira testua eta ilustrazioa.
Testua da liburuaren haria daramana. Izenburuak garbi adierazten du zein duen asmoa, kanta hitza espero daitekeen lekuan bidaia hitza proposatuta.
Amai hitzean aitortzen denez, sei sehaska kanta erabili dira proposatzen zaigun hitza osatzeko: Haurra egizu lotto; Niñaño; Loa, loa; Haurtxo txikia; Amaren xango; eta Otsaila (Bloñ). Guztiak herrikoiak, azkena salbu. Bilatzen dugularik testu hauen ekarpena, ohartzen gara han-hemen topatzen ditugula hitz edota esaldiak, sortu den testuari oztopo egin gabe. Konparazio baterako, ilustrazioetan kolore horiak duen funtzioa betetzen dute letretan sei sehaska kanta hauek. Kantaren haria kolpeka doa, gaiari atxikita ari diren ahapaldien kateamenduan, diskurtso narratibo mehe batek sostengatuta. Narratzailea hontza dela iradokitzen du ilustrazioak, haurtxoari mintzo ari zaiona, babesa eskainiz lo lasai egin dezan.
Paradoxikoki, ezinbesteko bihurtu zait eskaintzen den audio sortaz baliatzea, osoki barneratzeko liburuak eskaintzen duena. Guztira, hiru pista dira, nik entzun ditudanak instrumentala, kontatua eta kantatua hurrenkeran. Honela egitea gomendatzen dut.
Tira, hori izan daiteke liburu honen helburua, kantuan irakurtzea, etorkizunean memorian gordetako kanta izango den itxaropenarekin.
Laburbilduz, esan daiteke sortzaileek esperientzia multimedia eskaintzen dutela, bitartekariaren figura berariaz aldarrikatzen duena irakurketa osoa gerta dadin.