Nobela bat idazten hasten denean, gaien bila ibili beharrean, bere ezagutza eremuetako bat hartzen saiatzen da Fermin Etxegoien idazle eta kazetaria. Esate baterako, Autokarabana-n (Pamiela, 2009) Oñatik (Gipuzkoa) zuen protagonismo handia —hangoa da idazlea—, eta, aldiz, Totelak-en (Erein, 2021) musika zen nagusi, idazlearen gertuko esparrua. Atzerakarga izendatu du kaleratu berri duen eleberria, eta hurbiletik ezagutzen duen beste eremu bat izan du ardatz bertan; euskarazko telebista. Pamiela argitaletxearekin plazaratu du lana.
Mikel da liburuko protagonistetako bat, Bilbon bizi den 25 urteko gaztea. Umorezko bakarrizketak egiten ditu, pertsona trans brasildar batez maiteminduko da, eta euskarazko telebistan egiten du lan. Bestalde, izenik ez duen beste pertsonaia bat ere ageri da, kontakizunean «umoregile beterano» gisa izendatzen dena; lankideak dira biak ala biak. Lander Majuelo Pamielako editorearen esanetan, pertsonaia beteranoaren bakarrizketek leku nabarmena dute nobelan, zalantzan jarriko baititu euskararen zein komunikabideen inguruko hainbat auzi. Egileak azaldu duenez, denboraren atzerakargaz jabetzen den pertsonaia da, eta, hein batean, hortik dator liburuaren izenburua ere.
«25 urteko pertsona baten haragian sartu, eta mundua bere begietatik kontatzeko ausardia izan dut»
FERMIN ETXEGOIEN Idazlea
Nobela «garaikide» gisa definitu du editoreak Atzerakarga. Izan ere, irakurleari ezagunak egingo zaizkion gaiak —Euskal Telebista, ETA, Ezker abertzalea, EAJ, GKS...—, hiriak —Bilbo eta aldiriak, batez ere—, eta egoerak jaso baititu egileak. «Askotan euskal literaturan falta dugu gure ispilua izango diren nobelak, eta hau horietako bat da», esan du editoreak. «Joan-etorri jolas bat» da liburua egilearentzat; iraganaren eta orainaren, gaztetasunaren eta heldutasunaren arteko dikotomietan ariko baita.
Etxegoienenentzat garaikide izatea eta errealista izatea sinonimo dira. Hori dela eta, pertsonaiak dauden lekuak izendatzen saiatu da; «denak ez, baina gehienak bai». Adinarekin ere berdin jokatu du. «25 urteko pertsona baten haragian sartu, eta mundua bere begietatik kontatzeko ausardia izan dut», gaineratu du. Hizkuntzari dagokionean ere «errealismo linguistikoa» islatzen saiatu da; irakurleak protagonista bakoitzak zein «euskara klasetan» hitz egiten duen jakin dezan. «Euskarazko prosan ez da modu errealistan kontatzen, eta egin beharreko zerbait da», haren esanetan.
Lagun artean
Liburua aurkezteko egindako prentsaurrekoan, Josu Goikoetxea idazleak ere hartu du hitza. Etxegoienen laguna da duela urte askotatik, eta lagun ez ezik, elkarren irakurle ere badira; bera izan baita Atzerakarga-ren lehen irakurlea. Aurretik ere egina zuten horrelakorik, Goikoetxeak Etxegoieni Lakioa-ren pasarteak eman zizkion, hark bere iritzia eman eta testua hobetzeko proposamenak egin zitzan. «Ez da ataka erraza lagunaren testuak irakurtzea. Bihotza erretilu batean jartzen dizu, eta bihotz hori hartu, irakurri, eta irensten duzu», kontatu du Goikoetxeak. Bere ustez, lan berrian bere estiloa «depuratu» du Etxegoinenek.
«Ez da ataka erraza lagunaren testuak irakurtzea. Bihotza erretilu batean jartzen dizu, eta bihotz hori hartu, irakurri, eta irensten duzu»
JOSU GOIKOETXEA Idazlea
Goikoetxeak nabarmendu du Atzerakarga-ren egileak maite duela Euskal Herria; bai hizkuntzari, bai musikari, eta bai geografiari dagokionean ere, eta hori nabari dela eleberrian: «Bere idazteko moduan ikusten da, nahiz eta polemista izaten den batzuetan». Hein batean gazteak dira liburuko protagonistak, eta haiekiko esperantzarako bide bat ireki du Etxegoienek, baina iragana albo batera utzi gabe. Goikoetxea: «Atzerantz begiratu du, eta bizi izan dugun biolentzia politikoari kritika zorrotza egin dio».
Atzerakarga irakurle «ausartentzat» egindako «eleberri ausarta» dela ere aipatu du Goikoetxeak: «Fermin [Etxegoien] goi eta sasi arteko literaturan aritzen da. Gotik eta behetik dator; beti bila ari da».