Martin Ciriza
Lauhazka

Aurkikuntzak

2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora batez musika berria deskubritzen ez dugunean, geure burua geldialdi batean dagoela uste dugulako larritzen gara. Kontrara, momentu horiek oso aproposak dira ezagutzen ditugun taldeei berriz erreparatu eta entzun ez ditugun lanetan arreta jartzeko, egiatan gutxitan entzuten baitugu artista edo talde baten diskografia osoa, are gutxiago luzea bada.

Taldeak behin eta berriz ezagutzea gustuko dugu, nobedadea delako, lagun artean partekatu eta etengabeko estimulurik gabe bizitzen ez dakigulako. Baina niri, pertsonalki, maiz gertatu zait zerbait gomendatu eta handik bi hilabetetara zer den ere ez gogoratzea. Buruz ikastearen antzera gertatzen zait, eta, azken finean, talde berrien bilaketan abesti bat gustatzen ez bazaigu aukera gutxi ditu talde horrek beste aukera bat izateko; kontrara, abesti bat gustatzen bazaigu ere, talde horren abestien ehuneko handi bat entzuteko aukerak ez dira handiak. Eta salto beste talde batera.

Nire kasuan bilaketak plataformetako artista gomendatuak atalean bilatzea erabilgarria izan zait, ez dut ukatuko, baina, lehen aipatu bezala, arraste-arrantza modura bilatzeak ezer ez barneratzea ekarri ohi dit, eta ezer ez aurkituz geroko atsekabe horrek modu inpultsiboagoan bilatzea dakarkit.

Horregatik, nire aurtengo ariketa modukoa zera izan da: alde batetik, taldeak pausa handiagoz entzutea, eta bestetik, taldeak ezagutzeko beste modu batean aritzea, bilaketa aktiboago baten bitartez. Nahiz eta denbora faltak askotan aurretik aipatutako mikroentzunaldiak egitera behartzen nauen, Instagrameko story entzunaldien antzera.

Bilaketa aktiboago hau Rate your music web orriaren bidez egiten dut batzuetan. Webgune horretan murgiltzeko estilo bat bilatu, eta horren inguruko informazio historikoa eta izandako adarkatze ezberdinak azaltzen zaizkizu. Estilo horretan atera diren argitaratzeen ordena kronologiko eta harpidedunen balorazioaren batezbestekoa ere agertzen dira. Modu honetan bilatzean gogo gehiagoz jasotzen dut aurkitutakoa, ahalegin bat eskatu duelako, aurpegira botatako zeozer izan beharrean. Niretzat xarma handiagoa daukan ariketa bat da, ez da binilo denda zahar batean altxortxo bat aurkitzea bezalakoa, baina, denbora izatekotan, ariketa polit eta nahiko didaktikoa da.

Nire aurtengo ariketa modukoa zera izan da: alde batetik, taldeak pausa handiagoz entzutea, eta bestetik, taldeak ezagutzeko beste modu batean aritzea, bilaketa aktiboago baten bitartez

Horrela ezagutu dut Black Country, New Road, azken hilabeteetan harrapatuta naukan taldea. Nire kasuan, proiektu horrek entzunaldi bat baino gehiago behar izan ditu. Beharbada, behin entzun besterik egin ez banu, gaur egun ez nuke entzungo, baina zorionez aukera bat baino gehiago eman nizkion. Badaude errepika potenteak ez izanda ere beste hamaika gauza interesgarri eskaintzeko dituzten taldeak. Hori da folk, pop, progresiboa eta ez dakit zenbat estilo uztartzen dituen talde ingeles horren kasua. Helburua ez da zeure burua artista bat entzutera behartzea hura gustatu arte, baina gauzei aukera bat baino gehiago eman zaizkiela argi dugu denok.

Beste baten bila joan ordez, aurkikuntzei tartetxo bat eskaini eta zure bizitzaren parte bihurtzea da musikak daukan gauza politenetariko bat. Horregatik, prozesu hori zaindu eta automatismoetatik ihes egitea musikan jarduten dugun orok aldarrikatu beharreko zerbait izan beharko litzateke. Kolektiboarengatik edo, behintzat, gu automatismo horren katebegi bat bihurtu ez gaitezen.

(ID_17658087236765) Black Country New Road
Black Country, New Road taldea, 2020ko kontzertu batean. PAUL HUDSON

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.