Bertsolaritza

Azaroaren 8an hasiko da Xilaba, 'Bideek bidea' lelopean

Guztira 24 bertsolarik parte hartuko dute, eta finala 2026ko urtarrilaren 31n jokatuko dute. Finalera iristen diren sei bertsolarietatik bostek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako lekua lortuko dute.

Aurtengo Xilaba aurkezteko prentsaurrekoa, goizean, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Aurtengo Xilaba aurkezteko prentsaurrekoa, goizean, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Uztaritze
2025eko irailaren 30a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Xantiren [Iparragirre] iparrorratzik gabe nekez uler daiteke azken mende erdian bertso eskolek eta bertsoak mugaz alde honetan egin duten bidea». Horixe irakurtzen ahalko dute bertsozaleek azaroaren 8tik heldu den urteko urtarrilaren 31ra bitartean iraganen den bakarkako Xilabaren liburuxkako sarrera hitzetan. Bideek bidea da aurtengo Xilabaren leloa: Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren bidea, hots, hiru hilabetez 24 bertsolarik, bederatzi gai emailek, bederatzi epailek eta oraino ezin jakin zenbat ehunka bertsozalek hartuko duten bidea.

Lehen faseak lau saio bilduko ditu: azaroaren 8koa Bidarten (Lapurdi) eginen dute, 15ekoa Domintxainen (Nafarroa-Beherea), 22koa Ainhoan (Lapurdi) eta 30ekoa Ligin (Zuberoa). Bigarren faseko saioak abenduaren 6an, 13an eta 21ean iraganen dira, Aiherran (Nafarroa-Beherea), Muskildin (Zuberoa) eta Hiriburun (Lapurdi), hurrenez hurren. Hala lehen nola bigarren faseko saioak 17:00etan iraganen dira denak. Ber tenorean, beti, final aitzinekoak urtarrilaren 10ean eta 17an izanen dira, Baigorrin (Nafarroa-Beherea) eta Bardozen (Lapurdi), hurrenez hurren. Eta, bukatzeko, Xilabako finala Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen dute, urtarrilaren 31n.

Aitzineko edizioetan ez bezala, aurtengo Xilabako finalean sailkatuko diren sei bertsolarietarik bostek lekua lortuko dute heldu den urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko; hiru besterik ez ziren sailkatzen orain arte. Gaur goizean Uztaritzen (Lapurdi) egin duten aurkezpen prentsaurrekoan, Bertsularien Lagunak elkarteko arduradunek azaldu dute aspalditik zegoela eztabaida hori Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen barnean —hau da, zenbat bertsolarik sailkatu behar duten lurraldeka—; bada, azkenean, lortu dute bi leku gehiagoren negoziatzea Ipar Euskal Herrirako. Araban eta Nafarroan ere bi bertsolari gehiago sailkatuko dira, eta, beraz, saio bat gehiago antolatuko dute Euskal Herriko txapelketaren lehen kanporaketa fasean.

Xilabarako izena eman duten 24 bertsolarien artean, bederatzi emazteak dira, hots, 2021ekoan baino bi gehiago. Belaunaldi artekotasunaz ere kontent agertu dira antolatzaileak: bertsolari gazteenak 19 urte ditu, eta zaharrenak 54. «Lau urteren ondotik, gogo handiz» begiratzen diote edizio berriari: duela bi urte taldekako Xilaba antolatu zuten, eta bakarkakoa izanen da aurtengoa. Bertsularien Lagunak elkarteko zuzendari Aritz Bidegainen ustez, «urte osoko lanaren erakusleihoa» izanen da txapelketa.

Ez Arzallus, ez Colina

Zenbait bertsolari ere izan dira aurkezpen prentsaurrekoan. Maddi Ane Txoperenak «inoiz baino kontzienteago eta gogotsuago» du bere burua honako ediziorako; aitortu du bere ustez Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Odei Barroso ez egoteak «txapela lortzeko aukera errealagoak» utziko dizkiela aurten parte hartuko duten beste bertsolariei. Horrekin bat agertu dira Josu Txoperena eta Maddalen Arzallus ere; azken horrek umorez gehitu du «eskertzen» duela bere nebak ez parte hartzea.

Honako hauek dira kantuan ariko diren 24 bertsolariak: Oier Urreizti, Haize Lekuona, Aitor Servier, Pettan Prebende, Elixabek Etxandi, Mizel Mateo, Bittor Thikoipe, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Irati Alcantarilla, Karlos Aizpurua, Maddi Ane Txoperena, Xermin Camblong, Beñat Larrori, Joanes Etxebarria, Miren Artetxe, Nahia Sasco, Ramuntxo Christy, Josu Txoperena, Haira Aizpurua, Xan Alkhat, Johaine Sarraillet, Irantzu Idoate eta Battitt Crouspeyre.

Beñat Larrori ere aurkezpenean izan da, eta hitza hartu duelarik azaldu du «taldekakoak gogoa piztu» ziola eta orain prest dagoela urrats berria egiteko eta bakarkakoan parte hartzeko. Bakarkakoak dakarren «tentsio modukoa» aipatu du Josu Txoperenak; haren ustez, ona edo txarra izaten ahal da. Nabarmendu du aurtengo Xilabak aukera emanen diela erakusteko zer mailatan diren Ipar Euskal Herriko bertsolariak.

Irudi nortasuna

Amets Arzallusek idatzi ditu liburuxkako sarrera hitzak, Ipar Euskal Herriko bertso eskolen eta bertsoaren ibilbideari Xanti Iparragirreren figuratik oihartzun eginez. Elkarteko arduradunek ere oroitarazi nahi izan dute Iparragirrek «elkartearen lehen bidexka urratzen» lagundu zuela. Bideak aitzina egiten du geroztik, eta irudi horren lanketan aritu da Marga Berra Zubieta, Xilabaren aurtengo edizioaren nortasun grafikoaren eta maketazioaren sortzailea. «Ikaslea, zalea, bertsolaria, epailea, gai emailea... Azkenean, Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren bidea askotarikoa da, eta hainbat bidek bakarra osatzen dute», azaldu du. Kolore anitzetakoa da nortasuna: arrosa, berdea eta urdina, batez ere. Paper puskak mozten eta bata bestearen gainetik kolatzen ibili da. Puska batzuk txikiak dira, eta beste batzuk, handiagoak; bertsolaritzaren ibilbide puskak adierazten dituzte. Elkarrekin, bide bakarra osatzen dute, mendi bat sorturik.

«Zerbait pixka bat berritzailea egitea zen galdeetako bat», segitu du azalpena Berra Zubietak. «Hala ere, liburuxkak badu garrantzia bertsozale sutsuentzat; beraz, ezin ziren kode guziak hautsi. Mugitzen ez den bizkar hezur horretatik elementuak ekartzen entseatu naiz: adibidez, mapa gehitu dut, lurraldetasuna erakusteko; zentzua zuela iruditu zitzaidan, aurtengo gaia bidea denez». Erraterako, paper puskak kolatuta Ipar Euskal Herriko mapa osatu du, eta txapelketako saioen kokalekuak adierazi ditu mapan, marra hori batez loturik, Xilabaren ibilbidea irudikatzeko.

Bestalde, argazkilari batekin kolaboratzeko aukera eskertu du Berra Zubietak, Sabina Hourcade arduratu baita bertsolarien eta gai emaileen potretak egiteaz.

2025-2026ko XILABA TXAPELKETA

 

LEHEN FASEA

 

  • Azaroak 8. Bidarte. Maddi Ane Txoperena, Oier Urreizti, Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Nahia Sasco, Karlos Aizpurua. 
  • Azaroak 15. Domintxaine. Xermin Camblong, Haira Aizpurua, Miren Artetxe, Josu Txoperena, Joanes Etxebarria, Haize Lekuona.
  • Azaroak 22. Ainhoa. Battitt Crouspeyre, Johaine Saraillet, Mizel Mateo, Ramuntxo Christy, Patxi Hiriart, Xan Alkhat.
  • Azaroak 30. Ligi. Irantzu Idoate, Beñat Larrori, Maddalen Arzallus, Pettan Prebende, Bittor Thikoipe, Irati Alcantarilla.

BIGARREN FASEA

  • Abenduak 6. Aiherra. Bidarteko irabazlea, Ligiko irabazlea, puntuazioz hirugarrena, puntuazioz seigarrena, puntuazioz bederatzigarrena, puntuazioz hamabigarrena.
  • Abenduak 13. Muskildi. Domintxaineko irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz laugarrena, puntuazioz zazpigarrena, puntuazioz hamargarrena, puntuazioz hamahirugarrena.
  • Abenduak 21. Hiriburu. Ainhoako irabazlea, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena, puntuazioz zortzigarrena, puntuazioz hamaikagarrena, puntuazioz hamalaugarrena.

FINAL AITZINEKOAK

  • Urtarrilak 10. Baigorri. Muskildiko irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz hirugarrena, puntuazioz bosgarrena, puntuazioz zazpigarrena, puntuazioz bederatzigarrena.
  • Urtarrilak 17. Bardoze. Aiherrako irabazlea, Hiriburuko irabazlea, puntuazioz bigarrena, puntuazioz laugarrena, puntuazioz seigarrena, puntuazioz zortzigarrena.

FINALA

  • Urtarrilak 31. Donibane Lohizune. Baigorriko irabazlea, Bardozeko irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz bigarrena, puntuazioz hirugarrena, puntuazioz laugarrena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.