Azurmendik esanak

Joxe Azurmendik 'Euskaldunon Egunkaria'-n eta BERRIAn emandako elkarrizketetatik eta berak idatzitako iritzi artikuluetatik ateratako lagin txiki bat baino ez da hau.

Joxe Azurmendi pentsalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
Joxe Azurmendi pentsalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2025eko uztailaren 2a
18:11
Entzun 00:00:0000:00:00

«Biolentziak forma asko dauzka, eta ez daukagu zertan eskandalizatu termino tabu batzuekin».

«Gaur ezkerra eta utopia ez du definitzen historiaren teoria batek edo programa ekonomiko batek. Utopia berriro utopia bihurtu da, utopia soil-soila, bere ederrarekin eta ahularekin aldi berean».

«Orain arte zientziaren nagusi izan gara eta orain zientzia nagusitu zaigu».

«Diskurtso unibertsalista guztia gezur hutsa da. Horregatik, balioen unibertsaltasuna urgentea da. Onarpen unibertsala eta aplikazio unibertsala. Hori erreala denean bakarrik izango da gizadia egiaz komunitate bat».

«Egia esateko, ez dakit zertan sinesten dudan. Baina, barka, zuk ba al dakizu zer den zerbaitetan sinestea? Nik hori ere ez dakit. Baina batzuek sinesten dute eta ni horiekin solidario nago. Abrahamekin, San Frantziskorekin... Eta gertuago, oraingoxe hainbat lagunekin. Komunitate batekin, horrekin ere bai, eta ni horren barruan, uzten banaute behintzat».

'Euskaldunon Egunkaria'-ren 'Begia' gehigarrian, 2000ko ekainean

 

«Biolentziak forma asko dauzka, eta ez daukagu zertan eskandalizatu termino tabu batzuekin»

«Ez dago ja goseari jaten eman, magrebia etxean hartu, presoak askatu beharrik. Onak izateko, izan gabe, aski da balio haiekin mistikoki identifikatzea. Aski da diskurtsoa sinestea. Politikoek, bada, ez dute besterik egiten, engainatuak izateko gure nahikaria nahikoa ongi ordeztu baino, gertakarien burla zinikoz bai, baina moralina eta «balore» gozoz urasetzen dutenean beren diskurtsoa, gure kontzientzia onak ferekatuz».

'Euskaldunon Egunkaria'-n, 2000ko ekainean

 

«Egia esateko, ez dakit zertan sinesten dudan. Baina, barka, zuk ba al dakizu zer den zerbaitetan sinestea? Nik hori ere ez dakit. Baina batzuek sinesten dute eta ni horiekin solidario nago»

 

«Filosofiarekiko neke bat badago. Batez ere, egunkariak filosofo batzuen pulpitu bihurtu direnetik. Azkenean, guk ez dugu ikasten pulpiturik gabe bizitzen. Pulpitu batetik bestera pasatzen gara, baina ez dugu ikasten pulpiturik gabe bizitzen».

'Euskaldunon Egunkaria'-n, 2000ko uztailean

 

«Gaur, politika eta etika arras banatu dira, politikak bestelako helburuak hartu eta efikazian bilatzen du bere legitimazio guztia. Efikaziaren kapitulu bat komunitateari zer izan behar duen inposatzea da. Manipulazio efikaza. Horregatik hedabideen inportantzia».

«Politikak erabakitzen du ongia eta gaizkia. Komunitatea artalde huts bat da. Gure arazoa ez da politikoa bakarrik. Kulturala ere bada. Batzuek, komunitatea aipatzen bada, esanahi etnikoan bakarrik ulertzen dute itsu-itsu. Baina uste dut, komunitate etnikoaren hondamen historiko biolento baten arazoaren ondoan, komunitate etikoaren hondamena dagoela».

'Euskaldunon Egunkaria'-n, 2000ko abenduan

 

«Politikak erabakitzen du ongia eta gaizkia. Komunitatea artalde huts bat da. Gure arazoa ez da politikoa bakarrik. Kulturala ere bada»

 

«Liburu iruzkin ideala liburuari ondo datorkion protesia asmatu eta liburua bera biziberritu, mugiarazi eta hegaldarazten duena da. Iruzkinik ederrena liburuari kohete bat erantsi eta hegan eginez bestelako mundu batzuetara eramaten duena izango litzateke».

'Euskaldunon Egunkaria'-n, 2002ko apirilean

 

«Jaunek —Estatukoek bezala Elizakoek— berea ez den hizkuntza batean hitz egin izan diote betidanik herri honi. Autoritatearen, boterearen hizkuntza harro/arrotzean. Etxean bertan hori bilakatu da jaun eta jauntxoen hizkuntza. Horregatik euskaldun xumearentzat euskara berdinaren eta lagunaren mintzaira da, solidaritatearen mintzaira».

'Euskaldunon Egunkaria'-n, 2002ko otsailean

 

«Gure kultura politikoak baditu tradizio faltaren akats eta problema batzuk. Bat, euskara beti ospitaleko paziente bezala tratatu nahi izatea da: badugu euskaltzaleen tradiziotxo bat, baina euskararen tradizio kulturalik ez, publiko eta autonomoa. Beste bat, aurrekoarekin lotua kasu honetan, tradizio politiko faltagatik edo, erantzukizun publikoaren ulerpen bitxi bat da, barren-barrenean autoritarioa izaten jarraitzen duena. Erakunde publikoek euskararen alde ezer egiten ez zuten historiatik, egin beharreko den-dena beren eskuetan eta beren ardurapean hartu behar dutela, etorri gara pentsatzera».

«Euskara biziko bada, gizarteak eusten diolako izango da, ez Estatuak edo Jaurlaritzak eusten diolako. Politikoki, limosna ez da gestio arrazoizkoa. Gutxien-gutxiena, proiektu baten limosna, haren beharra erakusten ez zuenari. Estatuak edo Jaurlaritzak hemen egin behar duena, beste arlo askotan bezala, bere buruari laguntzen dakienari laguntzea da. Eta kulturalki, euskara biziko bada (alegia, ez filologoentzat begetatu bakarrik) erabakigarria da bere buruari eusten, garatzen, zabaltzen joango diren proiektu beregainak indartzea gorputz sozialean. Horrelakoak sortzen eta indartzen lagundu behar da».

BERRIAn, 2003ko ekainean

 

«Estatuak edo Jaurlaritzak hemen egin behar duena, beste arlo askotan bezala, bere buruari laguntzen dakienari laguntzea da»

 

«Estatuaren biolentzia legitimatzeko arrazoi posible bakarra Estatuaren aurkako biolentzia legitimatzen duen bakarra bezalaxe, hori une batean ezinbestekoa juzgatzea da, oro har bezala kasu konkretu bakoitzean. Hala ulertu ohi da behintzat mendebalean ohiko moral eta zuzenbidean».

BERRIAn, 2004ko ekainean


«Beti esaten da nazioaren bi kontzeptu daudela: bat frantsesa, eta bestea alemana; bat zibikoa, eta bestea etnikoa; eta euskal nazionalismoa tradizio alemanekoa dela, tradizio etnikokoa, beraz, herriaren espirituaren nazioaren kontzeptukoa. Espainiako prentsan Volksgeist kontzeptua euskal nazionalismoari burla egiteko erabiltzen da gehienbat. Baina ez dakite zertaz hitz egiten ari diren».

«Arrazialistak pentsatzen du munduan arrazak badaudela, eta badaukatela beren funtzioa; baina ez du arraza bat bestearen gainetik edo azpitik jartzen. Arrazistak, aldiz, arrazak badaudela esateaz gain, arrazak kategorizatu egiten ditu, arrazen arteko balorazio etiko, kultural eta historikoa egiten du; arrazistak arraza batzuk historia egiteko subjektutzat ditu eta beste batzuk ez; arraza batzuk besteen morroitzat ditu».

BERRIAn, 2006ko azaroan


«Menpekorik gabe ez dago botererik, hori da botere ororen problema».

«Hizkuntzaren zerikusia herri baten izaerarekin, soziologikoki eta historikoki, ebidentea da».

«Esentzialismoa eta arrazismoa nabarmenak dira Espainiaren arimaren teorikoengan».

BERRIAn, 2008ko otsailean
 

«Menpekorik gabe ez dago botererik, hori da botere ororen problema»

 

«Kontzientziak inbaditzen duenean, Estatua Eliza ustel bat baino ez da».

«Estatuak Eliza izateko tentazio handia du. Nik gomenda diezaioket nire kontzientzia Elizari, baina Estatuari ez, nahita ere ez. Estatuak ezin dio inori eragotzi pentsatzea».

BERRIAn, 2009ko azaroan

 

«Ordua da Elizaren kritikatik Estatuaren kritikara pasatzeko».

«Fedeko gauzek ‘gauzak hor kanpoan’ izateari utzi diote, eta orain esanahiak dira».

«Kristautasuna kultura bat ere bada, eta Mendebalean daukaguna hori da».

«Oso ohituak gaude ardiak izatera, banaka batzuk orain ardi beltz ateistak badira ere».

BERRIAn, 2010eko urtarrilean

 

«Oso ohituak gaude ardiak izatera, banaka batzuk orain ardi beltz ateistak badira ere»

 

«Botereak intelektual asko irentsi ditu, baina ez bortxaz: diruz».

«Garaipen militar batek, luzarora begira, ez du askorik adierazten».

«Kritikoa naturaltasun batetik bakarrik da kritikoa; bestea garrasilaria da».

«Boterea daukanak jarraituko du beti izaten kontzientziaren kontrola».

BERRIAn, 2012ko azaroan

 

«Euskal abertzaletasuna dikotomien tranpan erorita dago oraindik».

«Nazioaren kontzeptu beltzaren eta zuriaren arteko bereizketa egiten da; eta euskal nazioa beltzean erortzen da beti».

«Frantziaren eredua kopiatu du Espainiak, baina ez du lortu. Guk jarraitzen dugu kopiaren kopiak egiten».

«Funtzionatu ahal izateko, batasun handiagoa behar genuke, ekonomian eta hizkuntzan adibidez».

BERRIAn, 2015eko urtarrilean

 

«Euskal abertzaletasuna dikotomien tranpan erorita dago oraindik»


«Nazioaren bi kontzeptu kontrario daudela esatea mito bat da».

BERRIAn, 2015eko urrian

 

«Lehiakide izan behar gara, ala kooperatzaile? Zer da gizakiarengan naturalago, sozialismoa ala kapitalismoa?».

«Errukia sentitzen dugu, justizia exijitzen dugu, karitatea praktikatzen dugu noizean behin... Eta bertute eta bizio horien arabera juzgatzen dugu mundua».

BERRIAn, 2016ko maiatzean

 

«Euskal nazioa berregiteko, esentziala da euskararen indarberritzea».

BERRIAn, 2017ko martxoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.