Intelektual konprometitua eta pentsalari emankorra izan da Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025). Filosofiari eta mundu akademikoari egindako ekarpenaren seinale, haren izena daraman katedra bat sortu zuen EHUk. Euskal Herria eta euskal kultura izan ditu gogoetagairik esanguratsuenak, eta historikoki eta konparatiboki aztertu ditu, Europako pentsamenduaren ardatzean betiere. Haren ibiliak ez ziren, ordea, akademiara mugatu. Jakin taldeko kide aktiboa izan da, aldizkaria frankismopeko debekuaren ostean bigarrenez sortu zenetik. Euskararen normalizazioan, kulturgintzan eta bakegintzan ere aritu zen, beste hainbat erakunderekin lankidetzan.
Ikusi gehiago
Azurmendiren lana oparoa eta itzal luzekoa izan da. Bere lanetarik gehienak Jakin taldearen webgunean aurki daitezke digitalizatuta: 41 liburu, 118 liburu zati, 523 artikulu eta hiru itzulpen daude bertan.
1956ko belaunaldia osatu zuten gainontzekoek bezala, gerraosteak Euskal Herrian eragin zuen etenetik ernaldu zen Azurmendiren ikuskera. Katolizismoa eta abertzaletasun klasikoa sostengatzen zituzten ideiak auzitan jarri zituzten, eta marxismo kritikora jo zuten beste ildo batzuen bila. Besteek ezarritako modernitatetik ihes egin eta modernitate propio bat pentsatu beharra defendatu zuten.
Gizaberearen kontzeptua zor zaio Azurmendiri. Subjektu moderno ahalguztidunaren aurka, gizakia morala duen aberea baino ez dela dio Azurmendik, eta, halaber, politiko eta komunitarioa dela izaeraz.
Ikusi gehiago
Arantzazun ikasle
Gerraoste betean sortu zen Azurmendi, langile familia baten altzoan. Aitak paper fabrika batean egiten zuen lan, eta amak, etxean. 10 urte zituela, Arantzazuko frantziskotarren ikastetxera eraman zuten, eta, gero, ordenan sartu zen. Nerabe zela Erriberrira (Nafarroa) joan zen Filosofia ikastera. Zedarri garrantzitsua izan zen hura Azurmendi gaztearentzat, Euskal Herria aurkitu eta euskara balioesten ikasi baitzuen bertan Arturo Campionen lanak irakurriz. Harrezkeroztik, euskaraz ikastera eta idaztera zuzendu zituen bere ahaleginak.
1959an, Arantzazura itzulita, Teologia ikasketei heldu zien, eta hura ere garai garrantzitsua izan zen Azurmendirentzat, Espainia katoliko frankistak zentsuratutako autoreen berri izan baitzuen 1957az geroztik atzerrian ikasita heldutako irakasle berriei esker.
1965ean atzerrira ere jo zuen Azurmendik; Alemanian, Frantzian, Finlandian, Hungarian eta Italian ibili ostean, Euskal Herrira itzuli zen. Frankismoa amaituta zegoen ordurako. Harrezkero, garaian garaiko auziak pentsatzeko marko propioak eraikitzen aritu da. Arloz arlo, modernitatearen ideia hegemonikoen irakurketa kritikoa egin du, Euskal Herritik eta euskaraz.
Azurmendi poeta
Pentsalariaren esparru naturala saiakerak baldin badira ere, poema liburu bat izan zen haren lehen lana: Hitz berdeak (1971). Efektu handia sortu zuen orduko gazteengan. Garai hartako zentsurak Manifestu atzeratua saiakera itxurako poema luzea kenarazi zion liburu hari; 1990ean poema hura berreskuratu eta argitara eman zuen Susa argitaletxeak, baita liburu osoa ere, 2001ean, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman. Halaxe nabarmendu zuen Koldo Izagirrek, hitzaurrean: «Azurmendiren poesia Jainkoaren beraren aurka altxatzen da, ez Jainkoaren irudi edo manipulazio baten aurka. Ez du gizakia salbatu nahi, giza izaeraren kondena pairatu baizik. Hemen agertzen da existentzialismo soziala, Arestik bandera bihurtu aurretik».
Azurmendiren gogoetek ez dute haizea alde izan beti, eta are gutxiago bere hastapenetan. Zergatik eta zertarako euskaldun? artikuluak, esaterako, hautsak harrotu zituen 1967an, Zeruko Argia aldizkarian argitaratu zenean. Gogorrak esan zizkioten ortodoxoei esandakoak berretsiz erantzun zien Jakin aldizkarian: «Euskaldun izateko jaio bainoago, ahalegindu egin behar da».
Zeresan handiko liburuak heldu ziren atzetik. Esate baterako, Gizona abere hutsa da (1975), Zer dugu Orixeren kontra? (1976) eta Zer dugu Orixeren alde? (1977). Nikolas Ormaetxea Orixe idazlearen alde onak eta txarrak nabarmendu ez ezik, tradizioa aztertzen du Azurmendik, xede argi batez: Euskal Herri garaikideak behar duen kultura eratzeko bidean, zer hartu behar litzatekeen tradiziotik eta zer baztertu.
Jon Mirande ere inspirazio iturri izan zuen behin baino gehiagotan. 1978an Mirande eta kristautasuna eman zuen argitara, eta hari esker Irun Hiria saria eskuratu zuen. Miranderen gaineko aurreiritziak alboratzeko eta beste interpretazio bat egiteko gonbita da liburua. 1989an, berriz, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan plazaratu zuen. Bitoriano Gandiaga lagun eta poeta frantziskotarri ere liburu bat eskaini zion 2009an: Azken egunak Gandiagarekin.
Sarri abiatu zen euskal idazleen ekarpenetatik, gogoeta sakonetara iristeko. Teknikaren meditazioa (1998) saiakeran teknologia berrien erronka etiko eta filosofikoak jarri zituen ezbaian, Karlos Santamaria pentsalariaren ideietatik abiatuta. Eta Nemesio Etxanizen pentsamendutik, berriz, 1960ko hamarraldiko kultur giroa aztertzera jo zuen. Gai gutxi utzi zuen harrotu gabe, baina hizkuntza eta pentsamendua lotzeak bere lan osoa zeharkatu zuen.
'Euskaldunak eta Espainolak'
Bere libururik sonatuena Elkar argitaletxearekin plazaratu zuen 1992an: Euskaldunak eta Espainolak. XVI. eta XVII. mendeko espainolek euskaldunei egotzitako topikoak amiltzen ditu bertan, baita euskaldunen kontzientzia eza kritikatzen ere. Lau urteren buruan gaztelaniara itzuli zuen liburua Los españoles y los euskaldunes izenburupean, eta saiakera liburuetan ohikoak ez diren salmenta kopuruetara iritsi zen.
Hura argitaratu eta gero, liburu gogoangarriak plazaratu zituen Azurmendik, hala nola Demokratak eta biolentoak (1997) Barkamena, kondena, tortura (2012), Historia, arraza, nazioa (2014), Gizabere kooperatiboaz (2016) eta azkena: Europa bezain zaharra (2023).
Beste ezer baino gehiago, pentsamenduaren askatasuna defendatzeko eta dogmatismo oro kritikatzeko armak dira Azurmendiren liburuak.
Atsekabe mezuak
«Gure herriak azken hamarkadetan eman duen pentsalari eta idazle handienetako bat, eta belaunaldi oparo baten erreferente ilustrea». Halaxe deskribatu du Azurmendi Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek. Oharrean, lehendakariak nabarmendu du pentsalariak ez zuela beldurrik izan «galdera deserosoak» egiteko, ezta batzuentzat «probokatzaileak» izan zitezkeen gogoeta eta tesiak defendatzeko ere. «Garai korapilatsuetan, euskal nortasunaren oinarri modernoak eraikitzeko saiakera egin zuen. Gakoak eta tresnak eskaini zizkigun gure iragana hobeto ulertzeko, eta pistak eman etorkizuna prestatzen jarraitzeko».
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, samina eta atsekabea adierazi du Joxe Azurmendiren heriotza dela eta; Azurmendik euskal pentsamenduaren, euskal kulturaren eta euskararen alde eginiko lan zabala eta sakona goraipatu ditu. Eusko Legebiltzarkide eta EH Bilduko kide Pello Otxandianok ere samina erakutsi du: «Ultraeskuinaren iraultza betean eta berdintasun sozialaren eta euskal nazioaren kontrako eraso betean utzi gaitu Azurmendik».
LANAK
POESIA:
Hitz berdeak (EFA, 1971)
XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000)
SAIAKERA:
Hizkuntza, etnia eta marxismoa (Euskal Elkargoa, 1971)
Kolakowski (EFA, 1972)
Kultura proletarioaz (Jakin, EFA, 1973)
Gizona Abere hutsa da (EFA, 1975)
Iraultza sobietarra eta literatura (Gero, Mensajero, 1975)
Zer dugu Orixeren kontra? (EFA, Jakin, 1976)
Zer dugu Orixeren alde? (EFA, Jakin, 1977)
Artea eta gizartea (Haranburu, 1978)
Errealismo sozialistaz (Haranburu, 1978)
Mirande eta kristautasuna (GAK, 1978)
Arana Goiriren pentsamendu politikoa (Hordago, Lur, 1979)
Nazionalismo Internazionalismo Euskadin (Hordago, Lur, 1979)
PSOE eta euskal abertzaletasuna (Hordago, Lur, 1979)
Miranderen pentsamendua (Susa, 1989)
Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan (Susa, 1989)
Gizaberearen bakeak eta gerrak (Elkar, 1991)
Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1992)
Demokratak eta biolentoak (Elkar, 1997)
Oraingo gazte eroak (Enbolike, 1998)
Teknikaren meditazioa (Kutxa Fundazioa, 1998)
Euskal Herria krisian (Elkar, 1999)
Etienne Salaberry. Bere pentsamenduaz (1903-2003) (Egan, 2003)
Espainiaren arimaz (Elkar, 2006)
Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua (UEU, 2007)
Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora (Elkar, 2007)
Azken egunak Gandiagarekin. Adiskidearen heriotzaren aurrean bakarrizketak (Elkar, 2009)
Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa (Txalaparta, 2012)
Barkamena, kondena, tortura (Elkar, 2012)
Karlos Santamariaren pentsamendua (Jakin, EHU, 2013)
Historia, arraza, nazioa (Elkar, 2014)
Gizabere kooperatiboaz (Jakin, 2016)
Hizkuntza, Nazioa, Estatua (Elkar, 2017)
Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk (Elkar, 2018)
Pentsamenduaren historia Euskal Herrian (Jakin, 2020)
Europa bezain zaharra (Jakin, 2023)