Euskal Herriko Unibertsitateak eta Jakinek antolatuta, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur jauzia kongresua egin zuten 2019ko abenduaren 11n, 12an eta 13an, Donostiako San Telmo museoan, eta 50 bat hizlarik parte hartu zuten. Jakinek berak kongresuan emandako hitzaldietako batzuk bildu zituen 2020ko martxo-ekaineko zenbakian. Han esandakoetako eta aldizkarian jasotakoetako batzuk dira hauek.
Ikusi gehiago
Joseba Zulaika
Antropologoa eta idazlea
«Azurmendiren Euskal Herria ez da inolaz erromantizismo koloretako betaurrekoz ikus daitekeena. Ez duzu sumatuko Barandiaranen tradizioko mitologiarik edo magiaz kutsaturiko paisaiarik. Nahiago du euskal politikari eta pentsamenduari gaurkotasun urgentziazkotik heldu».
«Zer-nolako mitologia politikoa dagokigun izan da, adibidez, euskaldunok zatitu gaituen esparru bat. Nazioa, estatua, soberania eta nozio politiko fundatzaile horien inguruan ikuspegi ezberdinak izatea espero daitekeena da, eta Azurmendiren ekarria funtsezkoa izan da alor horietan».
«Ezer erakutsi badigu Azurmendiren obra osoak, pentsamendu dialektikoaren garrantzia izan da euskal munduak aurrera egin dezan, pentsamendua eta teoria inoiz baino beharrezkoago eta interesgarriago direla».
Idurre Eskisabel
Kazetaria eta idazlea
«Azurmendirentzat aberea da muinean gizakia, hori du ezaugarri behinena. Aberetasunak ematen dio taldekotasuna, kooperaziorako gaitasuna, eta aberetasunak ematen dizkio, halaber, hiztuntasuna eta razionaltasun gisa ulertzen den adimena. Hau da, banaezinak dira aberetasuna eta razionaltasuna. Bat dira. Ez da dualismorik. Are eta gutxiago hierarkiarik».
«Humanoon gorpuztasuna azpimarratu eta erdigunera ekarri duen teoria feminista oparoaren doinua sumatu dezakegu Azurmendiren gizaberean. Gorputza erdigunean jartzea, besteak beste, aberetasunaren azpimarra baita, edota arrazoimenarekiko dualismoa eta hierarkia ezabatzea. Gorputza erdigunean jartzea da lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko bereizketa eta hierarkia ezabatzea, edota espazio publiko eta pribatuaren arteko banaketa auzitan jartzea».
Ikusi gehiago
Joseba Sarrionandia
Idazlea
«Gurea ez da krisia, orduan, gurea subordinazioa, minorizazioa, erresilientzia da. Azurmendik sarritan esan duen lez: herritxikitasuna. Edo krisia, baina krisi permanente bat, erresistentzia permanente batekin erantzun beharrekoa.
Baina krisia ez da gauza negatiboa. Krisia ez da zoritxar bat, krisia egoera aldatzeko momentu aproposa da, askatasuna asumitzeko aukera. Krisitik irten baino gehiago, krisia aintzat hartu, pentsatu eta bizi egin daiteke».
«Ikusia dut Azurmendiren pentsamendua guztiz distortsionatua harrokeria intelektual espainolaren aldetik, intelektual etnizista muturreko moduan presentatua. Pentsatzen dut egunen batean lasaituko dela Espainiako histeria nazionalista hori. Konturatuko dira Azurmendi hausnartzaile razionalista umila baizik ez dela. Eta pentsatzaile ona dela, baina batez ere ulertzaile fina».
Andoni Olariaga
Filosofian doktorea
«Azurmendiren analisi etikoetan konstante bat da ondoko ideia: badugu kultura bat, inongo paperetan idatzita ez dauden eta gure elkarbizitza eta gure arteko liskarrak fundamentatzen dituzten absolutuekin funtzionatzen duena egunerokoan. Eta, aldiz, badugu paperetan oso modu absolutuan eta solemneki idatzita dauden eskubide eta printzipio asko, boteretik besteei exijitzen zaizkienak baina inortxok ere betetzen ez dituenak, estatutik hasi, haien egituren barrena joan, epaileengandik pasa, Jaurlaritzara, azken polizia tontoarenganaino joan eta herritar xumeengan bukatuz».
Agnes Cugno
Filosofian doktorea
«Azurmendik Indarkeria eta balio berrien bilaketa saiakeran azaltzen duen balioen erlatibitatea ez da erlatibismoaren goraipamena, eta ez du ukatzen identitatearen kontzeptua bera. Biolentziatik harago joatea ez da identitatetik harago joatea. Azurmendiren pentsamenduak identitate politiko eta kulturalaren birdefinizio konplexu batera gonbidatzen gaitu, biak ala biak dibertsitatearen etengabeko ekoizpen gisa ulertuz».
Markos Zapiain
Filosofia irakaslea
«Azurmendi ez da liburu edo autore bakar baten fededuna. Voltaire, Hegel, Nietzscheren pentsamendu batzuk bereganatu eta beste batzuk baztertzen ditu, libre. Rousseaurengandik, ez du onartzen gizakia zintzo jaio eta gizarteak gaiztotzen duela. Aitzitik, Azurmendik giza askatasun anbibalente gazi-gozoaz duen ikuspuntuarekin bat letorke Rousseauren bigarren diskurtsoak, desberdintasunari buruzkoak, dakarren egiaztapen hau: biologiak erabaki du usoak alea jan behar duela eta katuak okela».
«Askatasunaren beste pentsalarien aldean, ezaugarri bereziak ditu Azurmendiren ikuspuntuak. Harena ez da Hegelen askatasun heroikoa, baizik eta askatasun apal bat, ahula. Batetik, agian, Euskal Herriaren historia eta gaur egungo egoera sakonki aztertu duen euskaldunak ezin diolako askatasun harro bati bidea eman. Bestetik, apika, Azurmendik hizkuntzaz duen kontzepzioagatik. Zabala bezain aberatsa da kontzepzio hori».