Ez du baieztatu halakorik egin izana, baina duda hori airean utzita ere baliagarria da eszena irudikatzea. Akaso, labetik atera berritako baguette itxura samur bati ausiki eginen zion Damaris Pan artistak (Mallabia, Bizkaia, 1983), eta, halako batean, harria baino gogorragoa zela sumatuko zuen ezustean. Edo aterako zion mamia baguette horri berari, dastatuko zuen, eta, halako batean, ohartuko zen barrenak zapore garratza zeukala. Edo ez. Kontua da, eta hau egia da erabat, uneren batetik aurrera mesfidati hasi zitzaiola begiratzen ogi klase horri. Ez, inondik ere, gustuari edo testurari loturiko deusengatik: baguette batek kulturalki irudikatzen duen guztiarekin, eta aldi berean, ezkutatzen duenarekin dauka ikustekoa arantzak.
Arantza horren bueltan esperimentatzen hasi, eta, orain, Iruñeko Ziudadelako Labea aretoan ikusgai jarri ditu ariketa horretatik tiraka sorturiko piezak, aurrez ere eginik zituen beste batzuekin batera. Erakusketak Qu’est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée? (Zer galdetu nahi didazu galdera konplikatu hori eginda?) izena du, eta irailaren 20ra arte izanen da zabalik.
Mostraren abiapuntua Kometak izeneko programaren gerizpean ondu zuen Panek, iragan udaberrian. Etxepare Euskal Institutuak, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Bordeleko (Okzitania) Zebra3 erakundeak sustatutako programa da hori, eta ikerketa eta esperimentazio artistikorako egonaldiak antolatzea du ardatz nagusia. Laguntzari esker, Pan Zebra3-n izan zen apirilaren 13tik maiatzaren 24ra bitarte, Bordelen, eta han hasi zitzaion, hain justu, baguette-aren inguruko ideia zirika.
«['Baguette'-aren kasuan] Ondare aberats eta ederrari lotutako irudi horren atzean, iragan kolonial eta beltz-tratulari garrantzitsu baten memoria ere badago»
DAMARIS PAN Artista
«Ikur hori hartu, eta erreparatu nion kultura horren parte direnek haren kontura harrotasuna sentitzeko daukaten moduari, baina, baita ere, aldi berean, halako ikurrek dauzkaten eta batera edo bestera ahaztu edo ezkutatu nahi izaten diren geruza kultural deserosoei. Eta berdin da baguette batez ari garen, edo beste edozertaz», azaldu du artistak mostra berriaren aurkezpenean, Iruñean. Eta propio erakusketarako prestatutako liburukian zera zehaztu du: «Adibidez, ondare aberats eta ederrari lotutako irudi horren atzean, iragan kolonial eta beltz-tratulari garrantzitsu baten memoria ere badago».
Hanka mutilatuak ondare
Hala, Bordeleko egonaldian bertan, baguette formako hamabi eskultura pieza egin zituen Panek. Dena dela, ogiok ez dira nolanahikoak, eta sumatzen da, artistak zehaztu gisara, halako «anbiguotasun» bat azaldu nahia ere: gresezkoak dira, arrosa koloreko esmalte batekin bernizatuta daude, eta begi nini beltz distiratsuak dituzte guzti-guztiek gainaldean —bi, hiru, lau, sei... ogiaren arabera—.
Labea aretoaren hondoaren zentroan daude ogiotako zortzi orain, mahai itxurako azpiegitura baten gainean, eta, inguruan, erakusketa osatzen duten beste hainbat pieza ere jaso ditu artistak —eskulturak dira guztiak—. Haren esanetan, Bordelen sorturikoekin «maila materialean elkarrizketan ariko ziren» bestelako lan batzuk ekartzea eta sortzea izan du erronka urrats horretan. Aurrez sorturik zeuzkan pieza batzuk jarri ditu salan, batetik, eta erakusketa ireki aurreko asteetan eginiko beste batzuk ere bildu ditu azkenerako.

Pieza gehien-gehienetan da agerikoa giza anatomiari keinu egin nahia, besteak beste. Begi niniz jositako baguette sortan ez ezik, hori antzeman daiteke, adibidez, eskuin paretaren kontra zolan paratua dagoen hanka itxurako pieza batean ere —takoidun zapata beltz bat dauka jarria—, eta bi oinarri sendoren gainean paratutako behatz formako bi eskultura txikitan, eta, aretoan sartu bezain pronto ikusgai den zutabe zuri garai baten gaineko pieza urdinkara batean: buru bat ematen du, eta begiak iradokitzen dituzten bi zulo ditu.
Panek aurrez ere azaleratua zuen joera hori bere obran; bai pinturan, bai eskulturan ere. «Askotan lan egin dut gorputz atalekin, eta interesatzen zaizkit, esaterako, antzinako kulturen aztarnak, edo, adibidez, museo arkeologikoek zelan aurkezten dituzten antzinako atzamarrak edo hankak, solte». Adibide bat gehiago da, horregatik, orain, Ziudadelakoa.
Kasik deus ez da dirudiena
Iruñeko Udaleko Arte Plastikoen teknikari Javier Manzanosen esanetan, «jostetarako eta esploraziorako erakusketa ezin hobea» da Panena. Askotariko eskultura estiloen eta material moten nahasketa nabarmendu du, batik bat. Dioenez, mostran ikusgai dira «eskultura klasikoak, kasik arkaikoak», bai eta, besteak beste, «egitura mizenikoak» ere, baina artistaren begirada ironikoa ere hauteman daiteke piezetan, eta «jostatu nahia». «Erreparatu ongi ertz guztiei; hurbildu», ohartarazi du Manzanosek.
Hain zuzen, begirada zorrozteak erakusketari behatzeko garaian daukan inportantzia nabarmendu du artistak berak ere, zeharka.
«Kasu batzuetan, piezak klasikoa edo noblea ematen du lehenengo bistan, baina halako iruzur bat ere badago hor, begitazio bat»
DAMARIS PAN Artista
Materialei erreparatzea da gakoa. Pan: «Kasu batzuetan, piezak klasikoa edo noblea ematen du lehenengo bistan, baina halako iruzur bat ere badago hor, begitazio bat. Piezara hurbildu, eta ikusten da materiala ez dela hain noblea, eta, adibidez, harria ematen duen hori ez dela harria, baizik eta poliespana, edo igeltsua, edo papera, edo collagea. Jolasa etengabekoa da».

Kometak programa, indartzen
Etxepare Euskal Institutuak, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Bordeleko Zebra3 erakundeak sustatutako Kometak proiektuak bigarren aldia izanen duela baieztatu dute. Gainera, jakinarazi dute beste adar bat ere abiaraziko dutela haren baitan. Arte plastikoei loturikoa ez, musikaren ingurukoa izanen da hori, eta, preseski horretarako, Tabakalerak ere bat eginen du programarekin, besteak beste. Aipatu erakundeek ez ezik, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak ere babestuko du proiektua berriz ere.