Musika

Ruper Ordorika: «Bakarka ari naizenean kantuan egitea bilatzen dut, sinpleki»

‘Bakarka’ diskoan egin bezala, bere ibilbideko beste hamabi kantu adierazgarrirekin ‘Bakarka bi’ osatu du, gitarra hutsaren laguntzaz. Aurki LP bikoitzean batuko ditu denak.

(ID_13657778) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-03-01, Aduna. Ruper Ordorika, musikaria
Ruper Ordorika, Elkar estudioan, Adunan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Aduna (Gipuzkoa)
2024ko martxoaren 2a
05:05
Entzun

Kantua benetako kantu bada, biluzik are ederragoa izan litekeela erakutsi zuen Ruper Ordorikak (Oñati, Gipuzkoa, 1956) 2018an, eta horretara heldu da berriro ere, Bakarka bi diskoarekin.

Urte mordoa daramazu oholtzan, eta espektatiba handia pizten duzu oraindik ere. Zein da horren sekretua?

Entzule bat izaten dut gogoan, euskalduna, alegia mintzaira gogoan hartzen duena, eta musikazalea. Jarraitzaile horri mezu bat helaraztean datza, nik uste. Eta beharra ere bada. Zaletasunetik heldu nintzen honetara, eta horri eusten diot. Nahi hori ez da agortzen.

Taldean nahiz bakarka aritzen zara. Noraino da garrantzitsua ingurua molde bat edo bestea aukeratzeko? Adina da?

Bakarkako gogoa betidanik izan dut, eta estimu handian ditut taldean aritzen direnen bakarkako lanak noizbehinkakoak direnean. Soiltasun hori oso gustukoa dut, baina urte asko behar izan ditut horretara ausartzeko. Kurioski, bakarka hasi nintzen neu ere. Berriki, duela 50 urte grabatutako kasete bat eman didate, eta harritu egin naiz neure buruarekin, baina horrelaxe hasi nintzen, lagun batek utzitako Fender gitarra batekin, Oñatin.

Ez ziren merkeak izango.

Eskura ere ez zeuden. Hautsi da anphora grabatzeko, Haizea taldean ibilitako Xabier Lasak utzi zidan gitarra.

Hasierako lanetan gehiago ziren Atxagaren edo Sarrionandiaren hitzak, adibidez, zureak baino. Hori ere prozesu bat izan al da?

Bai, zalantzarik gabe.

Nola ahaldundu zara?

Ez dakit. Esan beharrak edo adierazi beharrak bultzatu nau. Betidanik izan dut poesiarako zaletasuna, eta eusten diot oraindik.

Beti perfekzio bila ari zarelako heldu al diezu aspaldiko kantuei?

Horretatik badut, baina ez da horregatik izan. Esango nuke beste norabait noala, beste aldarte, giro, edo sonoritate baten bila. Taldearekin ari naizenean, bestelako esparru bat bilatzen diet kantuei; ez dadila izan Ruper gehi beste musikari batzuk. Nire taldea gobernuz kanpoko erakunde bat dela esan izan dut, nire kantuak mugaz bestaldera pasatzen dituelako. Abestiak egitea garai batean argazkiak egitea bezalatsu da: paper fotografikoa likido azido batean murgildu, eta halako batean argazkia ateratzen zen bezala, kantua ere agertu egiten da halako batean. Bakarkako diskoak kontrako noranzkoan egin ditut: ez ditut egin gero aritzeko; aritu eta gero heldu diot bakarkakoari.

«Bakarkako diskoak kontrako norazkoan egin ditut: ez ditut egin gero aritzeko; aritu eta gero heldu diot bakarkakoari».

RUPER ORDORIKAAbeslaria
Hogei abesti grabatu, baina diskoan hamabi sartu. Askotxo geratu dira kanpoan.

Horrela izaten da.

Nondik abiatzen zara? Poemetatik?

Abestia genero bat da bere horretan, eta oso librea: batzuetan poesiatik edan nahi du, eta beste batzuetan egunkarietatik, edo tabernan entzundako zerbaitetik. Poesia, gehienetan, oso ongi bizi da paperean, eta euskarri hori behar du, adibidez, jendeak behin eta berriz irakurri ahal izateko. Kantuak ere baditu bere ezaugarriak. Lehenengotik zerbait adierazi behar du. Poema on batek ez du kantu on bat egiten nahitaez, Euskal Herrian askotan kontrakoa pentsatzen den arren. Eta doinu batek beste frekuentzia batera eraman dezake testua, eta frekuentzia horren atzetik ibitzen gara, ezin sintonizatuz.

12 ABESTI, HITZ GUTXITAN

  • Erruduna.

     «Koadro amaitu baten sentsazioa ematen dit».

  • Alberto Caeiroren bisita. «Sarriren poema askok bezala, badu ageria, badu ikusgarritasuna, badu paisaia bat».

  • Zaldiak negarrez. «Nire anaia Jonani eskainia da hein batean. Kezkatu egiten zen, nire kantu serioez, besteak beste».

  • Artista baten istorioa. «Historia triste baten bertsio bat».

  • Mila gau (eta bat gehiago). «Kantuak gaueko babesa dira batzuetan, izuak uxatzen dituzte».

  • Zaindu maite duzun hori. «Euskaldunak jakin behar du hori dela bere egoteko modua munduan, beti ekinean».

  • Haize goxoarena. «Otoitz moduko kantu bat da, erregu bat».

  • Egin kontu. «Bertsio zail bat, hain baitago lotua testuari. Gure hizkuntza babesten dugunean, munduaren puska bat babesten ari gara».

  • Zure ate ondoan. «Ni beti nago ate ondoan, Anttoniren bila. Gutxitan eskaini dut kantu hori, baina hasi nintzenean ongi sentitu nintzen. Badu zerbait nire barruan oihartzuna biltzen duena».

  • Aingeru guardakoa. «Haurtzaroa, izua uxatzeko babeslekua».

  • Izen zaharrak. «Tamalez, turistaren begiez ikusten dugu Iparraldeko euskaldunen egoera, eta, autozentsuraz, ez nuen askotan kantatzen, baina hango jendea eskatzen hasi zitzaidan. Badu laztasun bat».

  • Done Ezer Ezdaezinezko. «Gauzak ez dira aldatzen. Bagdad suntsitua eta Guantanamo aipatzen dira, eta orain esan dezaket Zaporiya eta Rafah, egoera bertsua da».

Doinu guztiak zureak dira Artista baten istorioa abestiarena izan ezik. Hori Daniel Johnstonena da.

Bertsio bat da, bai. Disko hau eta aurrekoa grabatzeko erabili dudan gitarra, nire gitarra kutuna, New Yorken erosi nuen, inon diren buelta guztiak eman eta gero. Karioa zen oso, baina erosi egin nuen. Egun hartan berean Daniel Johnstonen gaineko dokumental baten premierrera joan nintzen. Ez nuen uste sartzen utziko zidatenik gitarrarekin, baina hango zinemak oso libreak dira, eta, gainera, ez zegoen inor, eta nire oinetan eduki nuen, eserlekuaren azpian. Kontu hau ahantzia izan dut. Grabaketan hasi ginenean etorri zitzaidan akordura, eta anaiari kontatu nion.

Kantu biluzi hauek «artifiziorik gabeak» direla dio promozio orriak. Artifizioak al dira gitarra eta ahotsa ez beste guztiak?

Hor harrapatu egin gaituzu. Horrelako disko bat aterata, kontrako muturrean jarri zarela ematen du gaurko testuinguruan, baina honek ez du halako asmorik. Zertarako dira? Kantua ager dadin, tresneria ez dadin nabarmen gelditu.

Giro intimoa bilatzen duzu?

Kantuan egitea bilatzen dut, sinpleki. Kantu biluzi hauek ahalegin handiagoa eskatzen diote ikus-entzuleari, niri baino. Gogo eta giro horretara joan behar delako, eta testuinguruak ez duelako horretan laguntzen.

«Kantu biluzi hauek ahalegin handiagoa eskatzen diote ikus-entzuleari, niri baino».

RUPER ORDORIKAAbeslaria
Bizimodu ona eman al dizu musikak?

Niretzat erredentzio bide bat da, nire anabasa antolatzeko modu bat. Zinegile hark esan zuen moduan, ni, musikarik gabe, ergel bat nintzateke.

Nekazariak traktorea hartuta protestan ari dira. Burokrazia handiegia, aintzat ez hartzea... haien aldarrikapenak aplikagarriak dira kultur munduari. Hala sentitzen al zara zu ere?

Diskoa aurkezten duzularik, beste errealitate batean sartzen zara, elkarrizketak egiten dizkizute, garrantzia hartzen duzu, baina musikariaren egoera tamalgarria dela esatea gutxi esatea da. Mundu errealean inongo muntarik gabeko atal bat osatzen dugu musikariok. Jendeak ikusi nahi du eszenatokian zernahi, hau da, salbaia, andrea jotzen duena, drogadiktoa... baina ez du ikusi nahi miserablea. Hori da show business-aren lehen lezioa. Arrakastari lotuta dago, eta inork ez du beste bidea erakutsi nahi. Halere, hasi gara pausotxo batzuk ematen, norbanako jakin batzuen ekinez, Lanartearekin, baina luzerako da, gizarte osoaren lana baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.